Aspaldiko eskaera da zerga sistemaren erreformarena. Krisiak hauspotu egin du, erakundeek diru gutxiago bildu dutelako eta, beraz, diru gutxiago dutelako zerbitzuak eskaintzeko eta inbertitzeko. Hala ere, legegintzaldia amaitzear da Hego Euskal Herrian zerga politiken eskumena duten erakundeetan, diputazioetan, eta zerga sistemaren erreforma hasteko dago oraindik. Azken lau urteotan eztabaidatu eta gogoeta egin beharra aipatu da, baina ez da ez eztabaidatu, ez gogoeta egin.
Zerga sistemaren erreformaaipatu duen azken agintaria Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia izan da. Olanok gizarte politikak eta zerga sistema lotu zituen atzo. Gipuzkoako gizarte babeserako sistemaren finantzaketari eusteko zerga erreformari buruzko «gogoeta sakona» egin behar dela uste du. Handitu egin behar dela «gizarte politiketarako baliabideak biltzeko gaitasuna».
Horrez gain, baita gizarte politikara bideratutako baliabideak «birbanatu» ere. Horretarako erakunde guztien arteko akordioa eskatu du, erakunde publikoen, pribatuen eta zerbitzu horiek eskaintzen dituzten elkarteen artean.
Olanok Hurkoa fundazioaren Donostiako eguneko zentroaren 25. urteurreneko ekitaldian egin zituen adierazpenak. Caritasek duela 25 urte zabaldu zuen zentroa, eta urteotan laguntza behar duten 1.200 edadetu hartu ditu. Gipuzkoako zaharrena da.
Ez zituen auzitan jarri gizarte zerbitzuak. Gizarte zerbitzuek diputazioen aurrekontuen gero eta zati handiagoa behar duten arren, Olanorentzat «ezin txarragoa» izango litzateke gizarte zerbitzuak murriztea, «erakunde guztiek uste baitute gure sistema eredugarria dela». Hala ere, sistema berritu egin behar dela nabarmendu zuen: «Bestela zailtasunak izango baititugu».
Dena den, Markel Olanok hurrengo legegintzaldira atzeratu zuen gizarte politiken eta zerga sistemaren aldaketei buruzko eztabaida. Maiatzaren 22ko hauteskundeetarako kanpaina ez delako «testuinguru egokia» eztabaida sakona egiteko, «Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren erronka nagusiaz».
Gaia bai, eztabaida ez
Zergei buruzko eztabaidak ohikoak izan dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bertan, Aralarrek, esaterako, zerga politikan atzera egitea leporatu die diputazioko arduradunei: errenta altuenek zergetan duten pisua arintzea, kapital errentak eta lan errentak bereiztea, sozietate zerga murriztea eta ondare zerga kentzea.
Xabier Agirre Arabako diputatu nagusiak errenta altuenei zergak igotzea proposatu zuen irailean, baina Bizkaiak eta Gipuzkoak ezetz esan zuten. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iazko urte hasieran zerga erreforma behar zela esan zuen, zerga afrikarrekin ezin direla zerbitzu suediarrak eutsi esanez. «Eztabaida lasaia» eskatu zuen, baina eztabaidarik ez da egin.
Gizarte politikei eusteko zergak aldatu behar direla uste du Olanok
Ez du erreformari buruzko zehaztasunik eman, eta eztabaida atzeratu egin du maiatzaren 22ko hauteskundeak pasatu arteGipuzkoako diputatu nagusiak ez ditu auzitan jarri gizarte zerbitzuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu