Aurretik Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak egin bezala, Nafarroak ere gizarteratzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortu ditu.Oposizioko talde nagusiek aurkako botoa eman dute, eta legeak UPN, PSN eta PPren botoekin egin du aurrera.
Lehen aldaketa izenari dagokio. Aurretik oinarrizko errenta zena gizarteratzeko errenta izango da aurrerantzean. Horrekin batera aldatu da hura kalkulatzeko modua: lehen gutxieneko soldatari lotuta zegoen, baina orain Nafarroako Gobernuak erabakiko du zenbat emango duen. Atzerritarrek zailtasun handiagoak izango dituzte eskuratzeko, Nafarroan azken bi urteetan bizi direla erakutsi beharko baitute (urtebete zen lehen); lege barruan gainera.
Beste berritasun bat da langabezia sariak galdu dituzten langabeei ez zaiela gizarteratze errenta emango, gobernuak uste baitu horrek sari horren izaera «desitxuratzen» duela. Horregatik, bi laguntza mota izango dira. Bata, «gizartean bazterturik» daudenentzat izango da, eta haien oinarrizko beharrak asebetetzeko eta «gizarteratzea bultzatzeko» emango zaie errenta. Langabeek, berriz, beste laguntza mota bat izango dute, sei hilabeteko epean gobernuak zehaztuko duena. Bitartean, Gizarte Politikako kontseilariak erabakiko du zer laguntza eta zein baldintzarekin ematen zaien.
Legeak isunak aipatzen ditu errenta jaso ahal izateko iruzurra egiten dutenentzat, eta behartu egiten ditu jasotzaileak «kooperazio, boluntario lan edo gizartearen mesederako beste ekintzetan» parte hartzera.
Eztabaida
Parlamentuko eztabaidan, UPNko Jose Antonio Rapunek defendatu du egoera ekonomikoaren aldaketak behartu egiten duela legea ere moldatzea. Baina gezurtatu egin du legeak gizarte errenta jasotzeko eskubidea urratzen duela. PSNko Maria Victoria Arraizak ziurtatu du sistema «jasangarria, solidarioa eta luzera begirakoa» bilatu dutela, eta bazterketa sozialaren «betikoratzea» eragotzi nahi dutela.
Azalpen horiekin ez dira ados azaldu oposizioko taldeak. «Irizpide ekonomizista hutsak» eta «eskuineko filosofia baztertzailea» baliatu izana egotzi die Nafarroa Baiko Xabi Lasak legearen bultzatzaileei. Gainera, etorkinei buruzko susmoak pizten dituela ziurtatu du.
Bilduren aldetik, Bikendi Bareak bereziki deitoratu ditu «isunak eta zigorrak ezartzeko ahaleginak». Haren iritziz, legearekin «bazterketa arriskuan jarriko dira egoera horretan ez daudenak, eta amildegiaren ertzean jarriko dira baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak».
Ezkerrako Txema Mauleonek esan du legea «hanka sartzeen multzo bat» dela, eta nabarmendu du bazterketaren alde dauden talde guztiak legearen aurka daudela. Horietako batzukGizarte Politikako Departamenduaren egoitzaren aurrean bildu dira, legeak «eskubideak murriztu, pobrezia kriminalizatu eta xenofobia sustatzen» duela salatzeko.
Gizarteratze errenta berria du Nafarroak, baldintza gogorragoekin
Dirua jasotzeko aukerak murriztu dizkiete langabeei eta etorkinei, eta kopurua erabakitzea gobernuaren esku geratu daUPN, PSN eta PP legearen alde azaldu dira, eta aurka, berriz, NaBai, Bildu eta Ezkerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu