Autoglas-Glavistako (Laudio, Araba) kaleratze bidegabeen harira, epaitegietan egurra jaso dute bigarrenez Guardian Europe multinazionalak eta Parter Capital Suitzako funtsak. Haiek aurkeztutako helegiteak atzera bota ditu EAEko Auzitegi Nagusiak, eta ontzat jo du Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak iaz erabakitakoa: biek eman beharko dituzte Autoglas-Glavistako itxierak kalean utzitako 200 langileen kalte ordainak. Hala ere, helegitea aurkezteko aukera dago.
2023ko irailean aurkeztu zuen itxiera erregulatzeko txostena autoentzako aurrealdeko beirak ekoizten zituen Laudioko enpresak. Horren ondorioz, 200 langile utzi zituzten kale gorrian duela urtebete inguru. ELA sindikatuak orduan salatu zuen Guardianek antolaturiko operazio bat zela, eta Gasteizko Lehen Auzialdiko 7. Epaitegiak langileen alde egin zuen. Guardian Europek eta Parter Capitalek helegiteak aurkeztea erabaki zuten.
«Jardun etenaren erantzulea Guardian izan zen, 2020ra arte harena baitzen. Eta, orduan, salmenta faltsu bat egin zuen»
ELA sindikatua
ELAk gaur jakinarazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bat egin du Gasteizko epaitegi hark esandakoarekin: Glavistaren espedientea «justifikatuta ez zegoela» berresteaz gain, «iruzur kasu argi baten aurrean» gaudela baieztatu du.
Ebazpen horrek arrazoia ematen dio ELAri: enpresaren «jardun etenaren erantzulea Guardian izan zen, 2020ra arte harena baitzen. Eta, orduan, salmenta faltsu bat egin zuen [Parter funtsari saldu zion]».
Gainera, boto partikularra sinatu du epaileetako batek: haren ustez, ELAren errekurtsoa osorik onartu behar zen, eta kaleratzeen deuseztasuna adierazi. Epaiaren aurka, kasazio helegitea aurkez daiteke Espainiako Auzitegi Gorenean.
Salaketa gehiago
ELAren ustez, baliteke langileen kontrako deliturik ere egin izana Glavistaren itxiera dela eta. Beraz, sindikatuak, besteak beste, Guus Boekhoudten Guardian Europeko presidenteordearen kontrako salaketa aurkeztu du, baita giza baliabideen arduradunaren aurkakoa ere.
Horretaz gain, Gasteizko epaitegia ikertzen ari da administrazio desleialagatik eta kaudimengabeziagatik deliturik ba ote den. Azken batean, langileen oinarrizko eskubideak urratu egin ziren, ELAren iritziz, eta horren gaineko ikerketa egiteko eskatu dio Amurrioko epaitegiari.