Glovoko 207 banatzaile soldatapekoak direla ebatzi du Iruñeko epaitegi batek

Gizarte Arloko 1. Salak ebatzi du 2018ko abuztutik 2019ko urrira arte aritutako 207 banatzaileri dagozkien kotizazioak pagatu behar dituela: 248.738 euro denera

LABek Glovoren aurka egindako elkarretaratze bat, irailaren 1ean, Iruñeko justizia jauregiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroan, 2018ko abuztutik 2019ko urrira arte, 207 banatzailek egin zuten lan Glovorentzat. Atzo Iruñeko Gizarte Arloko1. Salak ebatzi zuenez, bizikletako banatzaile horiek guztiak ez dira autonomoak, lan harreman bat baitzuten enpresarekin, eta, horregatik, behartu egingo du Glovo Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko kotizazioak pagatzera: 248.738,56 euro, alegia. Epaia ez da irmoa oraindik, Glovok errekurtsoa jar baitezake.

Lan ikuskaritzak ikerketa bat egin ostean, ofizioz aurkeztu zuen salaketa Gizarte Segurantzak. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek parte hartu dute auzian.

Ez da inondik ere lehen epaia. Iaz, Auzitegi Gorenak, jurisprudentzia ezarri, eta ebatzi zuen Glovorentzat lan egiten duten banatzaileak autonomo faltsuak direla. Hala, Berta Garcia LABeko Zerbitzu arloko arduraduna pozik azaldu da, Auzitegi Gorenak iaz irekitako bideari jarraitu diolako Iruñeko epaitegiak. Dena den, «berandu dator», haren ustez: «Bitartean, esplotazioa jasan dute langileek, baldintza txarretan eta prekaritate handiarekin lan egin baitute».

Carlos de la Torre CCOOko Lan Munduko Errealitate Berrien arloko idazkariaren arabera, epaiak sindikatuek aspaldidanik salatutako egoera baieztatu du, baina uste du oraindik asko dagoelaegiteko lan baldintzak hobetze aldera. De la Torreren arabera, enpresa kotizazioak ordaintzera behartzeaz gain, epaiak «aukera berriak» ireki ditu, epe horretan 80 rider-ek lan harreman iraunkorra izan zutelako, eta kontratazioan eragina izan dezakeelako.

Glovok argudiatu du banaketa zerbitzuaren eta banatzaileen arteko bitartekariak baino ez direla, eta langileek ordutegiak aukeratu ditzaketela. Alta, epaiak agerian utzi du autonomia hori ez dela erreala. Izan ere, lan ordutegi hoberena izateko, bizikleta banatzaileek puntuazio handia izan behar dute, eta hori ordu askoan lan eginez erdiets daiteke soilik.

Sindikatuen arabera, iazko rider-en legeak ez du hobetu banatzaileen egoera, Glovok aplikazio sistema eta algoritmoa aldatu baititu. «Orain, banatzaileek nahi duten ordutegian egiten dute lan, baina langilearen gaineko balorazio sistema baten eta aukeratutako tarifaren arabera ematen diete lana», salatu du De la Torrek. Tarifarik merkeena dutenei ematen diete lan gehien.

Berta Garciaren arabera, langileak autonomo faltsuak dira oraindik. Beste prozedura bat irekitzeko prest dira, auzitegiak eta legedia oso atzetik baitoaz Glovoren pareko enpresen ekintzekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.