Gero eta ohikoagoak dira Glovo enpresako banatzaileak handik hona ikustea Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Nafarroan, udazkenean kokatu zen enpresa hori, eta duela gutxi gauza bera egin du antzeko beste enpresa batek: Deliverook. LABen ustez, enpresok "prekaritate eredu basatia" ezartzen dute: "Langileak autonomo izatera behartzen dituzte, horretarako baldintzak betetzen ez diren arren kasu askotan".
Gezurrezko autonomoak izateagatik, hainbat epai izan dira jadanik Espainian enpresa horien aurka, baina Nafarroan oraindik ez da salaketarik jarri, LABen arabera. Langileokin harremanetan jarri dira, eta zortzi hilabete lanean daraman banatzaileetako batek erabaki du bere lan harremana legez kanpokoa dela aldarrikatzea epaitegietan.
LABek prentsa ohar baten bidez jakinarazi du. Salaketaren arabera, kontratua izenpetu zen "inolako negoziaziorik egin gabe". Gainera, banatzaileek enpresarekin harremanetan jartzeko erabiltzen duten aplikazioa enpresak langilea kontrolatzeko erabiltzen duela deritzo. Aplikazio hori Glovon lan egiteko "ezinbestekoa da", eta, haren arabera, puntuatu egiten du langilea. Haatik, LABen arabera, langileek lanaldia aukeratzeko duen askatasunaren aurka doa, eta "menpekotasun egoera nabaria" eragiten du.
Eredua geldiaraztea xede
Lehen urrats horrekin, LABek "ezinbestekotzat" jotzen du enpresa horien eredua geldiaraztea. "Bidaiak aprobetxatuz, behar bezala araututako lan jarduera batean izaten diren baldintzetatik at lan egitera behartzen dituzte langile horiek, soldata apalak ezartzeaz gain". Gainera, ez dute oporrik, baimen ordaindurik, lanaldirik eta gaixo baimena hartzeko modurik ere.
LABen ustez, langile horiez gain, Gizarte Segurantzari berari iruzur egiten diote. "Kontratazio formula horrekin, ehunka langileren ekarpena saihesten dute, eta zerbitzu publikoek gizarte osoari bermatzen dizkion zerbitzuetan eragiten du". Horregatik, garrantzitsutzat jo dute gaur emandako pausoa.