Castejonetik Gasteizera Sare Elektrikoak (-%1,38) eraiki nahi duenaz gain, goi tentsioko lineak badira Wall Street eta Europa nahiz Frankfurt eta Atenas artean ere. Eguneroko herri galdeketan 2.239 milioiren bozkak mugitu zituen Ibex-35ek (-%2,39), eta emaitza argigarria izan zen: AEBetan Michigango konfiantza datu kaskarrak elektrikara eragin zuen; AEBetako burtsa gainbegiratzen duen SEC erakundeak Goldman Sachs bankuari iruzurra leporatu izanak hotzikara eta, azkenik, Trichetek Greziako bankuen egoera okertu litekeela iradokitzeak, ikara. Grifols (+%1,81) ez zen eroale egokia suertatu, baina, gainontzean, ia aho batez nagusitu zen galeren gorria: %2na pasa galdu zuten Endesa (+%0,61) ez gainontzeko blue chip-ek; %3na pasa galdu zuten Iberia, Arcelor, Acciona, Sacyr eta Telecincok. Eta hortik aurrera, zer esan nahiko gutxi dago. Islandiako sumendia lehenago baretuko da beste zenbait goi tentsio linea baino.
Goldman Sach. Subprime krisitik indartuta atera zen banku bakarra Goldman Sachs (GS) izan zen. Beste inork ez bezala egin zuen ihes produktuotatik eta, AEBetako finantza merkatuen gainbegirale den SEC erakundearen iritziz, bere bezeroei saldu zizkien beretzat nahi ez zituen sagar ustelak ere. Oraingoz, bankuaren beraren eta Frabrice Tourre presidenteordearen aurka abiatu du auzibidea. Eragiketan laguntzaile izan zuen John Paulsonen inbertsio funts espekulatzailearen gaineko informazioa ezkutatu zien, ustez, inbertitzaileei. %10 pasa galtzen ari zen atzo GSren akzioa.
Goi tentsioko ikarak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu