Bankuko egoitza nagusiaren moketatik, estoldetara. Eta tartean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren marmolezko zoru hotza. Hori zapaldu behar izan du Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohiak, ikertu gisa deklaratu baitu Jose Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiaren espioitza sarearen auzian, eroskeria eta sekretuak ezagutarazi eta agerraraztea leporatuta.
Ateak itxita egin du hitzartzea, baina komunikabideen aurrean mintzatu da gero. Bankua Villarejorekin tratuan aritu zela onartu du, baina “irregulartasunak” mugatu ditu “banakako batzuen jardueretara”. “Eta horiei buruz momentu honetan ez dakit ezer”. Alegia, Gonzalezek azpimarratu du polizia ustelaren legez kanpoko jarduerei buruz ezer ez zekiela: “Ezin dut xehetasunetan sartu, auzia honen sumarioa sekretupean dagoelako, baina esan dezaket ikerketa hau amaitzean argi eta garbi geratuko dela BBVAk eta bere zuzendaritzako kideak modu zintzo eta eredugarrian lan egin dutela beti”.
Bi ordu pasa iraun du Gonzalezen deklarazioak. Bere aurretik hitz egin du bankuko komunikazio zuzendari ohi Javier Ayuso Gonzalez; lekuko gisa egin du hark. Berri agentziek auzitegiko iturriak aipatuz jakinarazi dutenez, epaileak eta fiskalak eginiko galderei erantzun die Gonzalezek; auzi berean ikertu gisa deklaratu duten bankuko beste exekutiboek ez bezala. Kautelazko neurririk ez dio jarri Manuel Garcia Castellon instrukzio epaileak.
Bankuaren ohorea
“Deklaratzeko interes handia nuen nik, eta horretarako aukera izan dut”, azpimarratu du Gonzalezek. “Bere bezero eta akziodunen interesen alde lan egiten duen nazioarteko erakunde errespetagarri bat da [BBVA], eta gizartearentzat ere zerbitzu garrantzitsuak eskaintzen ditu”.
Fiskaltzak BBVAko buru ohiari leporatzen dio 2004tik 2017ra Villarejoren zerbitzuak kontratatzea, bankuko beste akziodunak eta erakundearen agintaritzan lehiakide izan zitzakeenak espiatzeko, bere arerioen asmoei aurre hartzeko.
Garai horretan, Sacyr eraikuntza enpresak BBVAren %5 zuen, eta kontrola hartu nahi zuen; horretarako, Luis del Rivero enpresa horretako burua Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren (PSOE) babesa lortzen saiatu zen; Gonzalezek Aznarrenarekin (PP) iritsi zen bankuaren zuzendaritzara, 2001ean, zabaldu zenean Emilio Ibarra presidente ohia eta bankuaren kontrola zuten Bizkaiko familiek dirua zutela Jersey uharteko kontu ezkutuetan.
Sacyrren asmoa frogatuko lukete gobernuko kide batzuei Villarejok eginiko legez kanpoko grabazio batzuek. Horiez gain, kazetari, bankari eta enpresaburuei egindakoak aipatzen dira ikerketan. Ustezko operazio horrek, azkenean, ez zuen arrakastarik izan, eta Gonzalezek beste hamalau urte egin zituen BBVAko buruzagitzan, 2018ra arte, bankuarekin loturiko komisario ohiaren entzuketak komunikabideetan zabaltzen hasi ziren arte.
Fiskaltzaren ikerketaren arabera, bankuak 10 milioi pagatu zizkion Villarejori. Gonzalezek, baina, Gonzalezek azaldu duenez 2018ra arte berak ez zuen ezer jakin; urte horretan abiatu zuten barne ikerketa bat bankuan. “Jakin genuenean [Villarejoren] Cenyt taldeak zerbitzu batzuk eskaini zizkiola BBVA taldeari, berehala ikerketa bat abiarazi genuen lan horien irismena zehazteko. Gero zabaldu zuten auzibidea”.
Florentino Perez, akusazio
Enpresari eta politikari ugarik kontratatu omen zituzten komisario ohiaren zerbitzuak, eta haren aurkako auzibideak hainbat adar ditu. Horietako batek lotura dauka Euskal Herrian sortutako beste enpresa batekin: Iberdrolarekin. Komunikabideetan zabaldutako salaketa batzuek agerian utzi dute Iberdrolak ere bere lehiakideak, politikariak eta partikularrak espiatzeko kontratatu zuela polizia ustela.
Informazio horien arabera, beste eraikuntza enpresa batek, kasu honetan Florentino Perezen ACS saiatu zen Iberdrolaren boterea eskuratzen: 2009an kapitalaren %20 lortu zuen, baina, azkenean, ez zuen kontrola lortu.
Florentino Perezek jakinarazi du akusazio partikular gisa aurkezteko asmoa duela. Ohar labur batean, ACSk jo puntuan jarri ditu Ignacio Sanchez Galan presidentea, bere zuzendaritzako kideak, Villarejo eta “delituzko jarduera” horietan erabili zituzten komunikabideak.