Gorenak finko egiteko aukera zabaldu die oposizioa gainditu duten behin-behineko langile publikoei

Probarik gainditu ez dutenentzako kalte ordain handiagoak eta administrazioarentzako zigorrak eskatu ahal izango dituzte epaileek.

Azterketari batzuk, Eusko Jaurlaritzarako oposizio batzuetan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Azterketari batzuk, Eusko Jaurlaritzarako oposizio batzuetan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
jokin sagarzazu
2026ko maiatzaren 12a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Administrazioko langile interinoen auzian, ate bat itxi eta beste bat zabaldu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Batetik, ebatzi du hiru urte baino gehiago behin-behinean daramaten administrazioko langileak ezin direla automatikoki finko egin lehiaketa publiko bat gainditu gabe. Aitzitik, lanpostua lortu ez baina azterketa gainditu dutenek aukera izango dute horretarako.

Gorenak berretsi du funtzionario edo langile publiko finko izateko ezinbestekoa dela hautaketa prozesu bat gainditzea. Azpimarratu du hori ez egitea administrazio publikoa arautzen duen sistemaren —hots, Espainiako Konstituzioaren— berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioen aurka egitea litzatekeela.

Ez da lehenengo aldia Gorenak hori esaten duena. Halako ebazpen gehiago kaleratu ditu Europako Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusia gaiari buruz mintzatu den bakoitzean. Finko egiteko lanpostua eskuratu behar zela esan izan du orain arte, baina azken ebazpenean ñabardura garrantzitsu bat gehitu du.

Zer gertatzen da lanpostu baterako azterketa gainditu, plazarik lortu ez eta, hala ere, urte luzez lanpostu horretan behin-behineko kontratuekin egon direnekin? Bada, Gorenaren arabera, pertsona horrek jada bete ditu administrazio publikoan sartzeko konstituzioak ezartzen dituen baldintzak, eta hura finko egitea ez da legearen kontrakoa. Horrela, Gorenak bat egin du aurretik beste lurralde epaitegi batzuek esandakoarekin, hala nola EAEko eta Nafarroako auzitegi nagusien epai batzuekin.

«Abusuaren» aitortza

Oso bestelakoa da oposiziorik edo hautaketa prozesurik egin edo gainditu ez duten langileen kasua. Auzitegi Gorenak baztertu egin du horiek automatikoki finko egitea. Epaileen arabera, horrek urratu egingo lituzke administrazio publikoan sartzeko oinarrizko arauak, eta gainerako herritarrei lanpostu publiko bat eskuratzeko aukera kenduko lieke.

Egoera horretan hainbat langile daude; besteak beste, oposizioa osorik gainditu gabe zerrenda batzuetan zeudelako edo haien lanpostua ez delako inoiz lehiaketa publikora atera. Urte luzez lanpostu berean aritu zirenez, automatikoki finko egiteko eskatu zuten, «abusuzko egoeran» zeudelako. Gorenak neurri batean arrazoia eman die, eta hark ere uste du administrazioek oker jokatu dutela haiekin, baina finko egitea legearen aurkakoa dela ondorioztatu du.

Hala ere, Gorenak ebatzi du behin-behinean egon diren langileek kalte ordain bat jaso behar dutela halakoetan, eta nabarmendu du gaur egun Espainiako legedian aurreikusitako gehieneko kalte ordainak ez direla nahikoa, Luxenburgoko auzitegiak ere aurretik ohartarazi izan duen moduan.

Kalte ordaina eta zigorra

Gorenak dio kalte ordainak «benetako erreparazioa» bermatu beharko duela, eta zenbatekoak gaur egun legeak ezarritako mugak baino handiagoa izan behar duela. Gaur egun, administrazioan behin-behineko langile askok 20 eguneko kalte ordaina jasotzen dute lan egindako urte bakoitzeko, gehienez hamabi hilabeteko soldatarekin. Bidegabeko kaleratzeetan aurreikusitako ordaina handiagoa da —33 egun urteko eta gehienez 24 hilabeteko soldata—.

Gorenak, baina, ez du zehaztu zenbatekoa izan behar duen kalte ordain horrek —Luxenburgoko auzitegiak ezarritako irizpideen araberakoa izan behar duela dio— . Esaten du, hori bai, epaile batek behin-behinekotasunean abusua egon dela ondorioztatzen badu auzia Lan Ikuskaritzari bidali beharko zaiola, azter dezan administrazioari zigorra ezarri behar ote zaion.

Auzitegiak gaur jakinarazi du ebazpena, baina aurrerago kaleratuko du epaia osorik.

Interinoen auzia patata bero bat da epaileentzat eta politikarientzat. 2021. urtean, Espainiako Gobernuak erdibideko irtenbide bat jarri zuen abian. Iceta legea deiturikoa onartu zuen. Horretan oinarrituta, behin-behinekoek betetzen zituzten hainbat lanpostu egonkortzeko prozesuak abiatu zituzten administrazioek. Prozesu horietako askotan eskatutako baldintzek erraztu egiten dute lanpostuan interino daudenak sartzea —adibidez, ez dute azterketarik egin behar, eta esperientzia eta meritu jakin batzuk eskatzen dizkiete, askotan soilik haiek betetzen dituztenak—. Hala ere, behin-behinekoekin betetzen diren lanpostu guztiak ez dira eskaini lehiaketan, eta salatu dute langile asko kalean geratu direla.

Azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian 44.480 langile publiko zeuden behin-behinean urte hasieran, administrazioetako beharginen %22,6.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA