Goxotasun gutxi Hegoaldean ere

Hego Euskal Herrian prestakuntzako eta praktiketako kontratuak daude bereziki gazteentzat, eta iaz 12.000 izenpetu ziren

Leire Olaetxea.
DONOSTIA
2006ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ilusio handia du ikasketak bukatu berri dituen gazteak. Makina bat urte igaro ditu unibertsitatean edo eskolan, makina bat izerdi bota du azterketa garaian, eta liburu artean ikasi duen guztia frogatzeko irrikaz da. Lan merkatu basatiaren uluekin, ordea, laster zapuzten dira askoren ametsak. Prestakuntza eta praktiketako kontratuekin, Hego Euskal Herriko gazteen egoera ez da goxoa.

- Gazteentzako kontratuak: Hamar taldetan biltzen dira Hegoaldean indarrean diren lan kontratuak. Horietako bi zuzenki gazteentzat sortu dira: praktiketakoa eta prestakuntzakoa. Iaz Hegoaldeko 12.000 gaztek baino gehiagok izenpetu zuten bi horietakoren bat.



- Praktiketakoa: Gutxienez sei hilabete eta gehienez bi urte emango ditu langileak praktiketan. Enpresa berdinean jarduten bada, bi urte horietan birritan berritu ahal zaio kontratua, aldi bakoitzean gutxienez sei hilabeterako (horra CPErekiko desberdintasun nagusietakoa). Ikasleak unibertsitateko edo lanbide heziketako ikasketak bukatu behar ditu praktikak egiteko, eta titulua lortu eta praktikak egin bitartean lau urte baino gutxiago igaroko dira.



- Prestakuntzakoa: Sei hilabete eta bi urte artekoa da prestakuntzako kontratua, nahiz eta itun kolektiboa dela medio, hiru urtera arte luza daitekeen. Tarte hori igarota, langileak artean enpresan jarduten badu, kontratu mugagabea lortuko du. Lanaldiaren %15 gutxienez ezagupen teorikoak hartzeko izango da. 1994an sortu ziren eta zabor kontratuak izena eman zieten sindikatuek.



- Sosak: Postu berean jarduten den langilearen soldataren %60 baino gehiago hartuko du lehen urtean praktiketan ari denak. Bigarren urtean hiru laurdenakgutxienez. Formakuntzako kontratua duenak itun kolektiboaren araberako soldata hartuko du; betiere lanbide arteko soldataren gainetik (lanaldi osoa ez badu, lanorduen araberako saria hartuko du). Kontratua indarrean dela kaleratuz gero, gainera, ez du kalte-ordaina hartzeko eskubiderik.



- Aldaketa bortitza: 1984ra arte ozta-ozta ikus zitezkeen aldi baterako kontratuak Hego Euskal Herrian eta Espainian. Urte horretan PSOEren gobernuak arrazoi objektiborik gabeko aldi baterako kontratuak baimendu zituen, eta hamar urte beranduago urrats gehiago eman ziren: aldi baterako laneko enpresak legeztatu; hiru hilabetean ehun langiletik hamar kaleratzea kaleratze kolektiboa zenik ukatu; eta egoera ekonomikoa eta ekoizpen edo antolaketa arazoak argudiatzen zituzten enpresentzat kaleratzeak merkatu.

- Lan erreformak: Kontratu mugagabeak «sustatzeko», ondoko langileen kaleratze bidegabeak merkatu dira 1997tik: lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina eman beharrean 33 eguneakoa dagokie 16 eta 33 urte arteko gazteei, 45 urtetik gorakoei, elbarriei eta epe luzean langabezian egon direnei. 1994an formakuntza kontratuak sortu ziren , eta lanaldi partzialeko lan kontratuak ere bai. Azken horien lanaldi osoaren %77ko muga apurtu da, eta ordutegiak malgutu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.