Euskalduna jauregiak Eulen enpresarekin ditu azpikontratatuak hainbat zerbitzu osagarri, eta horietan jarduten dira 45 behargin, aretoak muntatu eta desmuntatzen, laguntza teknikoa eskaintzen, atezainen laguntzaile, bisitariak kokatzen, arropazaindegian, ekitaldien koordinazioan eta baita leihatiletan ere.
Lan baldintza kaskarrak dituztela salatu dute gaur langileok, eta enpresa negoziatzera bultzatzeko bihartik aurrera greba mugagabea abiatuko dutela. "Hauxe da gure egunerokoa: legeak ezarritakoak baino lanaldi luzeagoak; lan egutegi baten falta; bermatu gabeko plusak; edozein momentutan lanerako prest egon beharra; abisatu gabeko ordutegi aldaketak, urteetan berritu gabeko soldata prekarioak; iruzurra kontratazioetan...".
Hurrengo egunetarako hainbat ikuskizun daude programatuta Euskalduna jauregian, eta, BERRIA egunkariari azaldu diotenez, programazio horri eutsi egingo diote.