Lan gatazkak

Greba mugagabea hasi dute La Auxiliar Navalen, Lutxanan

LABek «kudeaketa kaskarrari» egotzi dio enpresaren egoera larria.

La Auxiliar Navaleko langileak, gaur, Erandion. LA AUXILIAR NAVAL
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 19a
12:46
Entzun

La Auxiliar Naval enpresak itsasontzietarako leihoak egiten ditu, eta arlo horretan aritzen den Euskal Herriko enpresa bakarra da. Erandioko Lutxana auzoan dago (Bizkaia), Asua ibaiak Ibaizabalekin bat egiten duen lekutik oso hurbil.

LABek agiri baten bidez jakinarazi duenez, kinka larrian dago enpresa. Azken bi urteotan hornitzaileei ordaintzeari utzi dio, Gizarte Segurantzari ez dio behar bezala pagatu, eta hainbat soldata zor dizkie bere 25 langileei. «Egun, 25 familia egoera kritikoan utzi gaitu. 25 familia bere egunerokotasunean aurrera egin ezin dutenak lan baldintza eta egoera jasangaitza dela medio».

Sindikatu horrek uste du enpresaren egoeraren erantzuleak haren jabeak direla, Antonio eta Alberto Arredondo anaiak. Haien «pasibitateak eta immobilismoak ekarri gaituzte egungo egoerara».

Azaldu duenez, 2019ko azaroan hasi ziren hainbat lagun eta erakunderekin hitz egiten egoerari irtenbidea topatzeko, baina, elkarrizketa horiek ez dutenez fruiturik eman, orain egin dute grebara jotzeko urratsa. «Ez da erabaki erraza izan, baina gure eskubideen eta etorkizunen defentsan dugun bide bakarra da, bidean behin eta berriz oztopoak aurkitu ostean. Planto egiteko unea da, makinak amatatu eta kalera ateratzeko momentua da».

Atzeratutako soldatak ordaintzeko, «garbitasun eta segurtasun falta nabariak» konpontzeko, eta lanpostuak bermatuko dituen industria plan bat egiteko eskatu diote jabeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.