Erretreten erreformen kontrako mobilizazio jendetsua egin zuten atzo Baionan. Frantziako Gobernuak pentsioen sistema aldatu nahi du, sistema bateratu bat egiteko, sailkako abantailak kenduz. Goiz honetan, mugimenduak segitzen du: biltzar orokorra egin dute Hendaian (Lapurdi) trenbideetako langileek. Greba segitzeko prest agertu da gehiengo handia: 76 pertsonetatik 74. Biltzarra burutu eta, manifestazioa egin dute Hendaiako karriketan.
Beste lan arloetan ere greba luzatzea erabaki dute. Miarritzeko (Lapurdi) aireportuan esaterako, hegaldien gehiengoa ezeztatua izan da gaur ere, langileak greban daudelako.
Atzo, Frantziako Ministerioaren arabera 800.000 pertsona jautsi ziren karrikara. Sektore batzuetan, azken hamarkadetako grebalari kopuru handiena izan da. Eta mobilizazioa ez da eten: garraioetako langileek greban segitzen dute: Parisko metroko ibilbide gehienak geldi daude, treinak eta autobusak ere bai. Amazon multinazionaleko langileek greba datorren iganderarte luzatzea erabai dute CGT sindikatuak agiri batean jakinarazi duenez. Irakaskuntza arloan ministeritzaren arabera irakasleen %10ak jarraitzen du greban gaur, atzo %55 zirelarik. Sindikatuek salatu dute Ministerioak ez dituela «grebalari guztiak kontuan hartu». Intersindikalak greba luzatzeko deia egin du eta abenduaren 10a mobilizazio eguna izango dela iragarri du.