Grebarekin bat egin du Europako Sindikatuen Konfederazioak

Hilaren 29ko mobilizazioak jarraipena izan behar duela esan dute Ezker Batuak, ESK-k, EPK-k, CNTk eta beste hainbat eragilek. Sordok eta Casadok langile «abertzaleak eta abertzale ez direnak» deitu dituzte lanuztera

Mikel Carramiñana.
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak onartutako erreformak, Greziakoak hartutako neurriekin batera, Europa osoan azkenaldian izandako «atzerakoienak» direla uste du Europako Sindikatuen Konfederazioak. Horrexegatik, Hego Euskal Herrian eta Espainian irailaren 29an egingo den greba nagusiarekin bat egiteko eskatu dute Europako sindikatuek.

John Monks konfederazioko idazkari nagusiak helarazi dien gutuna aurkezteko, agerraldia egin zuten atzo Bilbon Damaso Casadok eta Unai Sordok EAEko UGTko eta CCOOko buruzagiek. Gauza bera egin zuen Iruñean Jose Maria Molinerok, Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak.

Monksek berak, bitartean, Bruselan egin zuen prentsaurrekoa, Europako hiriburu administratiboan asteazkenean egingo dutenelkarretaratzearen berri emateko. Portugalen, Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Grezian, Italian, Errumanian, Zipren eta beste hainbat herrialde tan egingo dituzten mobilizazioekin batera, konfederazioak Bruselan egingo du manifestazio nagusia. Han, ehun mila lagun baino gehiago biltzea espero dutela esan zuen. Europa osoko 50 bat sindikatuk bidaliko dituzte ordezkariak bertara.

Gobernuek gastu publikoa gutxitzeko onartutako neurriak gaitzetsi zituen, horien ondorioz«langabezia sortu, prekarietatea handitu eta desberdintasunak areagotzen» ari direlako.

Langile guztiei

Europatik jasotakoak ez ezik, greba deialdiak Euskal Herrian jaso dituen hainbat sostenguren berri eman zuten UGTko eta CCOOko idazkari nagusiek. Casadoren arabera, bere sindikatuak lanuztearekin bat egingo duten 70.000 langileren sinadurak bildu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horretaz gain, langile autonomo «ugariren», etorkinen 11 elkarteren eta UGT-Euskadiko 3.600 afiliaturen babesa jaso dutela azaldu zuen.

Nafarroari dagokionez, lurraldeko hamar enpresatik ia zazpik grebarekin bat egin dutela ziurtatu zuen Juan Goien UGTko buruzagiak. Guztira, CCOOk bildutakoekin batera, ia 300 batzorderen 121.000 langileren baino gehiagoren sostengua lortu dute. Horietaz gain, gazte erakunde, unibertsitate irakasle, profesional elkarte eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek ere babestu dute greba, Molinerok azaldu zuenez. ESK, CGT eta LSB sindikatuek ere grebara deitzea, halaber, «oso ontzat» jo du, erakundeen arteko «desadostasunek indarrak biltzea eragotzi ez dutelako».

ELAk eta LABek grebarekin bat ez egiteari, bestalde, «deitoragarri» deritzote Sordok eta Casadok; baina, hala ere, euskal langile guztiak deitu dituzte lanuzteababestera, «abertzaleak eta abertzale ez direnak». Euskadiko CCOOko buruzagiaren ustez, Jose Luis Rodriguez Zapaterok onartutakoak «inoizko lan erreformarik larriena» da eta, grebarekin, Espainiako Gobernuari «gainditu ezin dituen mugak zehaztu behar zaizkio». Lege berriaren ondorioz, langileak babesgabe uztea egotzi zien alderdi politikoei: «Euskadiko enpresa guztiek dute orain langileak errazago eta merkeago kaleratzeko aukera».

UGT-Euskadiko buruak, berriz, Zapaterori hartutako neurrietan «atzera egiteko» eskatu zion. Espainiako presidenteak «logikaren aurka jokatu» duela uste du Casadok eta, horrez gain, babesa eman diotenekin «gezurretan aritzea» leporatu zion.

Mobilizazio etengabea

Greba Orokorraren Aldeko Plataforma osatzen duten alderdi eta sindikatuek -Ezker Batua, EPK, Antikapitalistak, Zutik Errenteria, ESK, CNT eta CGT- prentsaurrekoa egin zuten atzo Donostian, hilaren 29ko Hegoaldekogreba eta Europako mobilizazioak babesteko. Aurkeztutako adierazpenaren bitartez, langileek pairatzen dituzten murrizketa sozialek erantzun «sendoa eta mobilizazio etengabea» behar dutelaadierazi zuten.

Sinatzaileek ekainaren 29ko grebak utzitako iraskapenak nabarmendu zituzten, deialdietan bat egiteak erantzun handiagoa ahalbidetzen duela bereziki. Orduko grebak «helburu zehatzak» zituela gogorarazi zuten eta, horregatik, horiek lortu arte borrokan jarraitu beharra dagoela ustedute: «Mobilizazio zabalago, bateratuago eta sendoagoen bidez».

Ildo beretik, gobernuen, polizien, patronalaren eta komunikabide batzuen presioa gainditzeko sindikatu guztiek grabara jotzeari beharrezkoa deritzote. Mobilizazioak, bestalde, gizarte osoaren babesa jaso behar duela dio adierazpenak, «egungo politika ekonomikoaren kaltetu nagusiak diren erretiratu, langabe, gazte, dendari eta autonomoengana heltzeko».

Bukatzeko, sindikatu guztiei eskatu zieten irailaren 29an grebarekin bat egiteko. Hala, «bakoitzak bere ikuspegitik» egin arren,lantokietan batzar bateratuak egiteko proposatu zuten, langileen parte-hartzea sustatzeko. Lanuztea, edonola ere, «jarraipena izango duen mobilizazio prozesu batean kokatu» beharra dagoela esan dute.







Grebarekin bat

Europako Sindikatuen Konfederazioa

CCOO

UGT

ESK

LSB-USO

CGT

CNT

Ezker Batua

Nafarroako Ezker Batua

Batzarre

PCE-EPK

Antikapitalistak

Zutik-Errenteria

Nafarroako Gazte Kontseilua

Solidari

Ekologistak Martxan

Bolivia Guera

Bakeaz

Munduko Emakumeak Babel

Bizkaia-Acabiz





Greba orokorra

GUTXIENEKO ZERBITZUAK

Honako hauek dira Eusko Jaurlaritzak astearteko greba orokorrerako agindutako gutxieneko zerbitzuak:



Osasun zerbitzuak. Ospitaleetan jaiegunetan lan egin ohi duten langileek lan egingo dute; lehen mailako arretan, langileen %20k; eta larrialdi zerbitzuetan, guztiek.

Osasun garraioa. Hemodialisi eta onkologia tratamenduetarako eta eguneko ospitaleetarako programatutako garraio zerbitzua eta odolaren eta hemoderibatuen garraio zerbitzua egongo dira.

Hilerriak. Hilobiratze eta errauste zerbitzuak mantenduko dira, ezinbestekoak diren langileekin eta ezinbestekoa den kasuetan.

Bide segurtasuna. Herri administrazioetako bide segurtasuneko eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuetan (SOS Deiak, suhiltzaileak...) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio eta informatika arloetan jaiegunetan adina langile ariko dira.

Gizarte egoitzak. Adingabeen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo ikastetxean, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Etxez etxeko laguntzari dagokionez, mendekotasun egoeran daudenen oinarrizko premiak betetzeko zerbitzuak mantenduko dira, jaiegunetako langile kopuru berarekin.

Zahar etxeak eta eguneko zentroak: Zuzeneko arreta, osasun zerbitzua eta otorduak bermatuko dira, langileen erdiekin. Laguntza behar dutenak eguneko zentroetara eramateko, garraio bereziak lan egingo du.

Hezkuntza: Zentroak irekiko dira, baina sarreraren kontrola bakarrik bermatuko da haur eskoletan, unibertsitatez kanpoko hezkuntzan eta Euskal Herriko Unibertsitatean.

Garraioa: Autobus eta tren zerbitzuek lanegunetako zerbitzuen eta maiztasunen %30 eskainiko dituzte, lanera sartzeko eta lanetik ateratzeko ordutegiak sendotuta.

Gasolina zerbitzuguneak: %30ek irekiko dute.

Energia: Argindar, gas eta ur hornitzaileek zerbitzua bermatuko dute, jaiegunetako langile kopuruarekin.

EITB: Eguneroko albistegiak bermatu beharko ditu, ohiko orduetan.

Justizia: Bermatu egingo dira guardiako zerbitzua, agirien erregistroa, legeak ezarritako epea amaitzen zaien jarduera guztiak...



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.