Greba orokorra

Grebaren bidez eztabaida soziala zabaltzera deitu dute sindikatuek

Greba orokorra tresna gisa defendatu dute grebaren antolatzaileek, eta ohartarazi agenda sozialak etziko hitzorduaren ondoren ere aurrera egingo duela. Javi Amorrortu Cementos Lemonako langileen ordezkariak (LAB) eta Imanol Arrojeria Azpeitiko Corrugadosekoak (ELA) beren enpresen egoeraz hitz egin dute Berria Telebistan (bideoa). [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1793/[/berriatb]

2013ko maiatzaren 28a
15:46
Entzun

Etziko greba deialdiaren inguruko informazioa eta balorazioak plazaratzeko, agerraldia egin dute gaur, Bilbon, Adolfo Muñoz Txiki eta Ainhoa Etxaide ELAko eta LABeko idazkari nagusiek, deitzaile guztien izenean: ELA, LAB, ESK, Eilas, EHNE, Hiru, CNT eta CGT. Iragarri dute greba orokorra "mobilizazio handi, indartsu eta aurrera begira borroka indartuko duen ekintza" izango dela: "Ehunka enpresaren" atxikipena jaso dute, "beste herrialde batzuetatik ere bai, batzarrak egiten ari dira, eta maiatzaren 30ean mobilizazioak egongo dira Madrilen, Asturiasen, Katalunian...".

Greba eguna mobilizazio eguna izango dela nabarmendu dute sindikatuek. Eguerdian hiriburuetan antolatu dituzte: 12:15ean Donostian, 12:30ean Bilbon, 12:00etan Iruñeko Gaztelu Plazan eta 12:00etan Gasteizko Bilbo Plazan. Hain justu, Gasteizen egingo dute ekitaldi nagusia; "Ostegunean plenoa dagoelako parlamentuan, eta momentu honetan aurrez aurre dauden bi aukerak Gasteizen islatzea nahi dugulako". Arratsaldean ere, eskualdez eskualde 60 protestatik gora antolatu dituzte.

"Grebak jasotako atxikimendu guzti honek eta greba egunean antolatuko diren mobilizazio guzti horiek erakusten digute, gure ustez, greba dela, gaur-gaurkoz, guk daukagun tresnarik garrantzitsuena, daukagun tresnarik baliotsuena, lehenik eta behin eztabaida soziala sustatzeko, zabaltzeko", adierazi du Etxaidek. Muñozek, berriz, ohartarazi du greba orokorraren baliagarritasunaren eztabidak gizartearengan "axolagabetasuna" sortzea duela helburu.

Ohartarazi dute greba eta gero agenda sozialak jarraitu egingo duela, eta gogoan izan dute joan den larunbatean 60 eragilek baino gehiagok gutun soziala eratzeko eginiko batzarra: "Eztabaida hori eskualdez eskualde zabalduko dugu, eta ekainaren 14an beste bilkura bat egingo dugu prozesu horren inguruan adostasunak eraikitzeko".

Mahai ingurua Berria TBn

Greba orokorrera deitu dute hainbat sindikatuk datorren ostegunerako, eta langileen borrokaren garrantzia ekarri dute Berria Telebistara Azpeitiko Corrugadoseko Imanol Arrojeria (ELA) eta Cementos Lemonako Javi Amorrortu (LAB) langileen ordezkariak, beren esperientziatik abiatuta, greba luzean aritutakoak baitira biak. Cementos Lemonaren kasuan lortu dute lanera itzultzea, borrokari esker. Corrugadosen borrokan jarraitzen dute gaur-gaurkoz. Jakes Goikoetxea kazetariak zuzendu du saioa.

Greba orokorra "beharrezkoa" dela iruditzen zaie bi gonbidatuei, borrokaren bidea besterik ez dagoelako lanari eusteko eta baldintza duinak lortzeko. Imanol Arrojeria (ELA) Corrugadoseko langileen ordezkariaren ustez, "lehenbailehen" aurre egin beharra dago lan erreformari: "Ez bagara lehenbailehen horren aurka ateratzen, datozkigun murrizketak izugarriak izango dira. Eskubide guztiak kenduko dizkigute. Garaia da denok batera egiteko".

Lan baldintza kaxkarretan dauden langileen kasuan, ordea, "ez da erraza grebara joatea", Javi Amorrortu (LAB) Cementos Lemonako langileen ordezkariak onartu duenez: "Baldintza gogorrak daude enpresa askotan. Presio handia dago. Ateraz gero astelehenean lanera ez joateko esaten badizute...". Ildoarekin %100 daudela uste du, baina grebara ateratzegatik mehatxuak egoten direla. Hori jakinda, "langileen batasuna" defendatzen du egoera horiei aurre egiteko.

Greba luzeetan irautea oso zaila dela esaten bat egiten dute Berria telebistara etorri diren langileen bi ordezkariek, baina horiek "ezinbesteko" izan direla enpresarien helburuak geratzeko. Imanol Arrojeria Corrugadosekoak  badaki zer den langileen etsipena: "Hor dago gure lana. Batera jarraitzeko ahalegina egitea. Borrokatu ez bagenu, orain barruan dauden langileak kanpoan egongo lirateke. Orain denon artean erabaki behar dugu zer egin. Enpresariei nahi dutena egiten utziz gero, Corrugados ez litzateke egongo". Etorkizuna ziurgabea dute, hortxe dute enpresariek egindako azken eskaintza, kaleratzearen truke hainbat baldintza onartzea, baina "ez gaude prest. Borrokan jarraituko dugu".

Corrugados da Urola Kostako enpresarik garrantzitsuena langile kopuruaren aldetik, eta eredugarri ere bada bere borroka. "Denok kalera goazela esan digute. Enpresariei nahi baino okerrago ateratzen ari zaie, hor irauten dugulako". Ez dituzte onartu malgutasun neurriak: "Ez dago negoziatzerik, inposaketa izan dira". Plantillaren erdia daude orain. Enpresariek langileen artean eztabaida sortzeko ere neurriak hartzen dituztela uste du Arrojeriak, aplikazio ezberdinak. "Tranpa horietan ez" direla sartuko jakinarazi du. Enpresak egindako eskaintza berria eta "azkenari" ezezkoa eman diote. Borondatez kalera joateagatik, lan egindako urtebetegatik 30 egun eskaini dizkiete, gainerakoan lan erreformak berriak jartzen duena. "Guk borrokan jarraituko dugu. Borroka ez da horrekin amaitu".

Cementos Lemonan kaleratzearen mamua uxatu da behin-behinekoz. "Bermea badaukagu behintzat urtebetean". Horregatik, Cementos Lemonaren borroka hauspoa da Corrugados eta borrokan dauden gainerako enpresen langileentzat, enpresarekin akordioa egin ostean, denak lanean baitaude berriro. Eraikuntza arloko enpresak dira biak, eta krisia neurri batean dela erreala uste dute, mundua zabala delako. Cementos Lemonan, Corrugadosen bezala,  esportatu egiten dute, eta "mundua da gure esparrua", Amorrorturen ustez. Beraz, munduan garapen bidean dauden herrietara zabalduta, besteak beste, aukera asko dauzkatela uste du.

Corrugadosek ere esportatu egiten du: "Frantzia, Alemania eta Ingalaterrara saltzen dugu, Afrikan ere bai. Merkatua, merkatua badago. Bideragarritasuna badago, inbertsioa behar da".

Itun berritu gabeak indarrik gabe geratuko dira uztailaren 7an. Urritik aurrera egoera aldatuko zaie Corrugadosekoei, ixteko epea hor baitute. "Sua piztuta mantendu behar dugu". "Madrilen erakutsi behar dugu borrokatzen badakigula". Salaketa indibudual eta kolektibo guztiak jarriko dituzte. "Aurpegia ematera joan behar dugun leku guztietan egongo gara".

Cementos Lemonako ordezkariak, Amorrortuk, eman du etziko grebara begirako azken mezua: ”Ez bada borrokatzen ez da ezer lortzen. inork ez digu ezer oparitu. Borrokatuta dago lortuta lortu duguna”.

BERRIA, greban

BERRIA egunkariko langileek bat egingo dute etzi sindikatuek deitutako greba deialdiarekin. Hortaz, ostegunean ez da paperezko ediziorik argitaratuko. BERRIA.INFOk, berriz, soilik grebaren inguruko albisteen berri emango du ostegunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.