Europa krisian. Grezia

Grezia eta Europa: B planak, galdeketak eta gezurtatzeak

Europako Merkataritza komisarioak aitortu du aztertzen ari direla Greziak euroa uzteak eragingo lituzkeen ondorioakGreziak esan du Alemaniak euroari buruzko galdeketa eskatu diola; Alemaniak ukatu du

jakes goikoetxea
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko agintariek koordinazio eta seriotasun falta erakutsi zuten atzo, beste behin. Goi agintari batzuek baieztatutakoa beste goi agintari batzuek gezurtatu egin zuten bi kasu adierazgarritan: alde batetik, Europako Batzordea eta Europako Banku Zentrala (EBZ) aztertzen ari direla Greziak euroa utziz gero zer gerta daitekeen; bestetik, Alemaniak Greziari hauteskunde egunean euroan jarraitzeari buruz herri galdeketa egiteko eskatu diola.

Greziak eurogunea uzteko kontua tabua da oraindik Europako Batasuneko agintarien artean, baina gero eta gehiago dira aukera hori aipatzen dutenak. Grezian gobernu egonkorra osatzeko zailtasunek hauspotu egin dute arriskua. Karel de Gucht Merkataritza komisarioak atzo onartu zuen Europako Batzordea eta EBZ aztertzen ari direla Greziak euroa uzteak eragin ditzakeen «larrialdi egoerak»; B plana, alegia. Ez zuen gehiago zehaztu. Europako Batzordeak ukatu egin du hori.

De Gutchen adierazpenak logikoak dira, krisia lehertu eta lau urtera, Greziak bi erreskate jaso eta gero, eta herrialdearen egoera politikoa ikusita. Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari nagusiak aste honetan bertan esan du aukera hori aztertu beharra dagoela «ikuspuntu tekniko batetik».

Baina Europako Batzordeak behin eta berriro esan izan du ez daukala B planik Greziarentzat, eta A plana bakarrik eskaini dio: erreskate deitutako dirua, murrizketen truke. Atzo ere mantra horixe zabaldu zuen, eta agerian utzi zuen De Guchten adierazpenek asaldatu egin zutela.

Olivier Bailly Europako Batzordeko bozeramaileak Twiterren «irmoki» ukatu zuen Greziak euroa utzi osteko egoera aztertzen ari direla. Olli Rehn Gai Ekonomikoetarako komisarioak ere gauza bera esan zuen.

Egoera hobea

De Guchtek Grezia eurotik ateratzeko aukera aztertzen ari direla aitortu arren, uste du Greziak hitzartutakoa betetzea dela «arrazoizko aukera bakarra». Merkataritza komisarioarentzat, egungo egoera duela urte eta erdikoa baino hobea da, orduko domino efektuaren arriskua arindu delako. Horixe bera esan zuen Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak duela astebete.

Grezian ekainaren 17an egingo dituzte hauteskundeak. Maiatzaren 6koen ondoren, Nea Dimokratia irabazleak ezin izan zuen gobernua osatu, eta berriro hauteskundeetara deitu zuen. Orain gobernua teknokraten esku dago.

Europako Batzordea hauteskundeak euroari buruzko herri galdeketa bihurtzen ari da. Greziarrei etengabe ohartarazten die ondorioak jasan beharko dituztela botoa erreskatearen —murrizketen— kontrako alderdiei emanez gero. «Greziak erabakiko du euroan jarraitu edo ez», esan du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak, hauteskundeei buruz.

Alemaniak urrats bat gehiago egin zuen atzo. Greziako Gobernuaren arabera, Angela Merkel kantzilerrak euroan jarraitzeari buruzko herri galdeketa egiteko «iradoki» zion Karolos Papulias presidenteari, atzo telefonoz hitz egin zutenean. Merkelek galdeketa hauteskunde egunean egitea nahi du, ekainaren 17an, Greziako Gobernuaren esanetan.

Greziak herri galdeketarena aipatu eta minutu gutxira erreakzionatu zuen Alemaniako Gobernuak. Informazioa ez dela zuzena erantzun zuen bozeramile batek.

Bitxia da Alemaniak Greziari herri galdeketa bat proposatzea: iazko azaroan, Georgios Papandreu Greziako Gobernuko presidenteak bigarren erreskateari buruzko herri galdeketa egitea proposatu zuen, eta Alemaniak eurogunetik botako zuela mehatxu egin zion.

Berez, nahita ere, ezingo lukete hauteskunde egunean herri galdeketa antolatu, Greziako legedia errespetatuz gero: alde batetik, behin-behineko gobernu batek ezin baitu herri galdeketara deitu; bestetik, herri galdeketara deitzeko Parlamentuaren gehiengo osoaren babesa behar baita, eta Greziakoa gaur desegingo baitute, kanpaina abiatzeko.

Beste kontu bat da galdera zehaztea. Greziar gehienak, teorian, eurogunean jarraitzearen alde daude, baina ez egungo baldintzetan. To Pontiki aldizkariak kaleratutako inkesta baten arabera, hamar greziarretik bederatzi (%88) dira aldekoak; baina bitik baten baiezkoa baldintzatua da, murrizketen gordintasunaren araberakoa, bestela drakmara bueltatzeko prest baitaude. %7k euroa utzi eta drakma berreskuratu nahi dute. Euroan jarraitzearen aldeko gehienak Nea Demokratia kontserbadoreko eta Pasok sozialistakoak dira; baiezko baldintzatua eman dutenak, berriz, Syriza ezkerreko koaliziokoak.

Syriza, faborito

Maiatzaren 6tik Grezian kaleratu diren inkesta gehienek diote Syrizak irabaziko dituela ekainaren 17ko hauteskundeak. To Pontiki aldizkariarenak ere bai: Syrizak botoen %24,5 (maiatzean baino 7,7 puntu gehiago); Nea Dimokratiak %21,5 (+2,6); Pasokek %15,5 (+2,3); Greziar Independenteek %6 (-10,6); KKE komunistak %6 (-2,5); Egunsenti Urrekara neonaziak %6 (+1); eta Dimar Ezker Demokratikoak %6 (-0,1).

Syriza euroan jarraitzearen aldekoa da, baina Pasokek eta Nea Dimokratiak bi erreskateen truke onartutako murrizketen kontrakoa. Ekonomia suspertzeko politika eta laguntzak nahi ditu, atzeraldiari eta «giza hondamendiari» aurre egiteko.

Baina, murrizketarik gabe, diruaren txorrota itxiko diola mehatxu egin dio Europak. Hala egiten badu, Greziak zorra ordaintzeari utziko diola esan zuen atzo Alexis Tsiprasek The Wall Street Journal-en. Tsipras Syrizako burua da eta ziurrenik Greziako hurrengo lehen ministroa izango da. Pernandoren egia da, Greziak erreskateko dirua behar baitu zorrak ordaintzeko. Tsiprasek uste du Grezia gai dela bere burua eurotik kanpo kudeatzeko, zorraren zama gainetik kenduko baitu. Hala ere, Tsiprasek onartu du Syrizaren helburua ez dela eurogunetik ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.