Grezia salbuespena izan beharrean aurrekaria dela uste du Moody'sek

Uste du Greziak bezalaxe agian Irlandak eta Portugalek ere beren hartzekodun pribatuei «galera nabarmenak» eragingo dizkietelaAtenasko gobernuaren zorraren kalifikazioa porrotaren atarian jarri du 'rating' agentziak

Iker Aranburu.
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Kalifikazio agentzia baten oharrarekin amaitu zen joan den astea, eta kalifikazio agentzia baten neurriekin hasi da hurrengoa. Fitchek ohartarazi zuen ostiralean Greziaren zorra pagatu gabekotzat joko zuela, euroaren eremuko agintariek hitzartutako bigarren erreskatean bankuek zorraren interesen zati bat ez jasotzea aurreikusten delako. Banku horiek «galera ekonomiko nabarmenak» izango dituztenez, Fitchen lehiakide Moody'sek jakinarazi du herrialde hartako zorraren kalitatea beste hiru maila jaitsiko duela —Caa1-etik Ca-ra arte— eta, hortaz, porrot edo default- aren atarian utzi du. Gainera, hurrengo pausoa eman eta porrotean deklaratzeko arriskua «%100ekoa» dela ziurtzat dauka.

Erabakiak ez du inor harritu, kalifikazio agentziek duela hainbat aste iragarri zutelako zorraren kalifikazioa jaitsiko zutela haren berregituraketak ordainketarik ez egitea ekartzen bazuen. Horiek horrela, finantza merkatuetan joan den astearen amaieran erreskatea dela medio sortutako baikortasuna dagoeneko itzali egin da. Bankuek bultzatuta, burtsek behera egin zuten atzo, bereziki estu dabiltzan herrialdeetakoek: Milangoak %2,5 galdu zuen, eta Madrilgoak, %1,9. Zor publikoaren gaineko arrisku saria ere handitu egin zen nabarmen, 325 punturen bueltan Espainiaren kasuan eta ia 300 Italiarenean.

Fidatzeko gaitzena

Moody's, Fitch eta Standard & Poor's kalifikazio agentziek zabor bonutzat jotzen dute aspaldi Greziaren zor publikoa, jarritako dirua bueltan ez jasotzeko arriskua handia dela uste baitute. Berez, haien arabera, Grezia da uneotan gutxien fidatu ahal garen munduko herrialdea. Horren ondorioz, azken urtean Atenasko gobernuak oso epe motzeko zorra —hilabete bateko edo hirukoa— baizik ez du hartu izan finantza merkatuetan, eskatzen dizkioten interesak pagatzea ezinezkoa delako.

Moody'sen erabakiak, ostera,izango du eragina, eurogunea behartuko duelako bermeen prozedura abian jartzera. Joan den ostegunean hitzartu zutenez, Europako Batasunak 35.000 milioi eurora arteko bermeak aurkeztuko ditu Greziako bankuek Europako Banku Zentralaren maileguak jasotzen jarrai dezaten. Horiek gabe Greziako finantza sistema itxita egon zen aspaldian. Finantza merkatuetara jotzerik ez dutenez —inork ez die dirurik utzi nahi— EBZren epe motzeko maileguei esker irauten duteGreziako bankuek. Baina diru horren truke, default-ean ez dagoen herrialde baten zor publikoa exijitzen du EBZk, hura delako teorian inbertsiorik seguruena. Euroguneko herrialdeek bazekite- nez kalifikazio agentziek Greziaren zorra pagatu gabekotzat joko zutela, EBZri bermea beraiek ematea hitz eman zuten.

Oharra eurogune osoari

Moody'sen txostenak ez dakar berri txarrik soilik Greziarentzat, eurogune osoarentzat baizik. Osteguneko goi bileran nabarmendu zuten arren bankuek zorraren zati bat ez jasotzea «Greziarentzat eta Greziarentzat soilik» hartutako neurria dela, Moody'sek du erabat sinesten: «Kontrakoa dioten adierazpenak gorabehera, erreskatea etor daitezkeen berregituraketentzat aurrekaria da, euroguneko beste herrialderen baten finantzak Greziarenak bezain ataka estuan geratuz gero». Horregatik, Moody'sek esan du Greziaren bigarren erreskateak ez duela ematen Irlandari eta Portugali buruzko iritzia hobetzeko arrazoirik. Espainiari eta Italiari buruz ere iritzi hori bera du.

Kalifikazio agentziak onartudu euroguneak hartutako hainbat neurrik zorraren krisia baretzeko balio dezaketela, eta horien artean aipatu ditu erreskate beharrean izan gabe estatu kideei edo bankuei finantza laguntza emateko aukerak. Greziari, Irlandari eta Portugali maileguen interesak merkatzea ere txalotu du.

Baina horiekin ere, Greziaren «zor publikoa haren barne produktu gordinaren %100etik oso gora egongo da hainbat eta hainbat urtez, eta horrek oso arrisku handiak ditu zerga erreformak edo erreforma ekonomikoak egin behar direnean». Bigarren erreskaterik gabe, Greziaren zorra BPGaren %172ra iristekoa zen, baina orain ez da muga horretara helduko, dirua utzi dioten EBko beste estatu kideei interes txikiagoak pagatu beharko dizkielako, eta ordaintzeko epea bikoiztu egin diotelako.

Greziaren zor subiranoaren kalifikazioa ez ezik, herrialde hartako zortzi bankurena ere jaisteko keinua egin du Moody'sek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.