Greziak bere burua eurotik kanpo kokatzeko pausoak eman ahala, handitzen ari da larri dabiltzan beste herrialdeen gaineko presioa. Atzo igoera ikusgarria izan zuten arrisku sariek, burtsek eta euroak abiada bizian beherantz egiten zuten bitartean. Espainiaren arrisku sariak euroaren garaiko maila handienean itxi zuen —478 puntutan—, Greziari buruzko kezkei batu zitzaizkielako bere finantza sistemaren aje propioak ere.
Greziak euroan jarraitzeko beharrari buruzko ohiko komentarioak iritsi ziren atzo Bruselatik eta Berlindik. Baina lehen ideia zoro gisa baztertzen zena —Greziak euroa uztea— borondatezko hautu gisa aurkezten da orain. «Greziaren etorkizuna euroan ikusten dugu. Greziak euroan jarraitzea nahi dugu», esan zuen atzo Pia Aherenkildek, Europako Batzordeko bozeramaileak. Baina berehala erantzukizuna Atenasengan jarri zuen: «Erantzun askok Greziatik etorri behar dute». Beste hitz batzuetan: Greziak errespetatu egin behar ditu bigarren erreskatearen baldintzak —defizita gutxitzea eta ekonomia liberalizatzea, labur esanda—, bestela ez duelako finantzaketa gehiago lortuko. Kanpoko laguntzarik gabe, Grezia ez da gai izango bere zorrak pagatzeko, eta porrota deklaratu beharko du. Hori euroaren barruan edo eurotik kanpo egingo ote duen argitu behar da.
Berez, euroguneak ezin du legez inor taldetik bidali. Baina horrek ez du esan nahi ezin duela gobernu bat horretara behartu. Kasu honetan, presiorako arma garrantzitsu bat du: beste behin, Atenasi dirua bukatzen ari zaio. «Baliteke gobernuak soldatak eta pentsioak ordaintzeko dirurik ez izatea ekainaren hasieran», azaldu du Ta Nea egunkariak, Lukas Papademos jarduneko lehen ministroak alderdi politikoei bidalitako txostenak.
Enkantea gaur Grezian
Gaur bertan 435 milioi euro itzuli behar dizkie Greziak hartzekodunei; hiru hilean itzuli beharreko bonuak jaulkiko ditu diru hori biltzeko. Baina adabaki hori alde batera utzita, Nazioarteko Diru Funtsaren eta eurogunearen diruaren beharra du, eta ez da helduko hurrengo asteotan 11.000 milioi euro nola aurreztuko dituen jakinarazten ez badu.
Egoera ekonomiko txarrari krisi politikoa gehitu zaio Grezian. Gobernua osatzeko saioekin jarraituko dute gaur, baina itxaropen handirik gabe, negoziazioetan ari diren hiru taldeek —ND kontserbadorea, Pasok sozialdemokrata eta Dimas zentro-ezkerrekoa— Siriza ezkerreko koalizioaren parte hartzea nahi dutelako. Hark ez du nahi austeritate politika gogorrarekin jarraitu, eta espero du eurogunea ez dela ausartuko Grezia laguntzarik gabe uztera, erabaki horrek Espainia, Portugal edo Irlandan izan lezakeen ondorioarengatik.
Domino efektuaren arriskua gutxiesten aritu dira azken egunotan Bruselan, Berlinen eta Frankfurten. ESM erreskate funts iraunkorraren bidez beste herrialdeei laguntzeko adina diru badagoela ziurtatu dute Europako Banku Zentraleko buruek. Ez da iritzi horretakoa Paul Krugman Nobel sariduna, euroa «hilabete batzuen epean» desager daitekeela uste baitu. Haren esanetan, litekeena da Grezia eurotik ateratzea hurrengo asteotan, eta Italian eta Espainian corralito-a ezartzea, hango herritarrek beren dirua Alemaniako bankuetara eraman ez dezaten.
Greziak euroa uzteko aukerak indarra hartu du finantza merkatuetan
Espainiaren arrisku sariak goia jo du, haren bankuen egoerak eta Greziaren kutsadura arriskuak bultzatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu