Greziak porrota atzeratu du

Parlamentuak onartu egin du murrizketa eta pribatizazio plana, eta iazko erreskate planaren bosgarren zatia jasoko duAmnesty Internationalek salatu du Poliziak gehiegizko bortizkeria erabili duela

jakes goikoetxea
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Greziak denbora gehiago lortu du. Parlamentuak onartu egin du gobernuaren murrizketa eta pribatizazio plana. Oraingoz finantza hondamendia atzeratzearen alde egin du. Ordaina garestia izango da: gizarte gatazka areagotuko da eta ekonomia gehiago itoko du, gerrikoa estutzearen poderioz.

Planak espero baino aiseago egin zuen aurrera atzo. Bozketaren aurretik zenbait diputatu sozialistak publikoki esan zuten planaren kontra zeudela, eta arriskuan jarri zuten sozialisten gehiengoa plana onartu ahal izateko. Azkenean diputatu sozialista bakar batek egin zuen planaren kontra. Alderditik kanporatu zuten, bozketaren ostean. Oposizioko Nea Demokratia-ko (ND) diputatu batek, aldiz, murrizketen eta pribatizazioen alde egin zuen. Ondorioz, planaren alde bozkatu zuten 155 diputatuk, kontra 138k eta bost abstenitu egin ziren.

Baiezkoak berehalako eragina izango du Greziaren diru kontuetan. Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak 12.000 milioi euro utziko dizkiote, uztailean gastuak eta zorrak ordaintzeko. Iazko 110.000 milioi euroko erreskatearen bosgarren zatia da.

Baiezkoak luzera begirako ondorioak ere izango ditu. Europako Batzordearentzat, Europako Banku Zentralarentzat eta NDFrentzat murrizketa eta pribatizazio plana onartzea ezinbesteko baldintza da Greziarentzat bigarren erreskate plana onartzeko eta zorra berregituratzen hasteko. Guztiek onartu baitute Greziak laguntza gehiago behar duela, iazko erreskate planak egoera konpondu ez duelako.

Greziak, oraingoz, behartutako etxeko lanak eginda, euroguneko ekonomia eta finantza ministroen txanda da. Ez ohiko bilera egingo dute igandean Bruselan, bigarren erreskate plana zehazteko. Hartzekodun pribatuen parte-hartzea izango da eztabaidagai nagusia. Frantziako Gobernuak eta finantza erakundeek egin dute proposamena: zorraren epea amaitutakoan (85.000 milioi euro 2015 bitartean), finantza erakundeek diruaren erdiarekin zor berria erostea (30 urtean kobratu beharrekoa).

Sindikatuentzat eta protestetan parte hartzen ari diren herritarrentzat, EB eta NDF Grezia hondamendira eramaten ari dira, hainbat neurri hartzera behartuz. Giorgos Papandreu lehen ministroaren iritziz, ordea, Grezia berri batean «inbertitzen» ari dira: «Ez Grezia zaharrean, guk geuk ere sinetsi behar dugun Grezian baizik».

Antonis Samaras NDko buruak erantzun zion atzo jokoan zegoena ez zela herrialdea hondoratzen den edo ez, «hondamendirantz urrats bat gehiago egiten dugun edo ez baizik». Alderdi Komunistarentzat, berriz, nazioarteko erakundeek xantaia egin diote Greziari. «Xantaia egin digute berriro», esan zuen atzo Aleka Papariga idazkari nagusiak. «Gobernuak krisia deitzen dio, baina Greziak porrot egin du».

Bozketa gehiago, gaur

Oraindik ez dago dena erabakita. Murrizketa plana onartu dute, baina diputatuek murrizketa planeko neurriak banan-banan bozkatu behar dituzte gaur, lege bihurtzeko. Atzoko babesa ikusita, gaur ere diputatu gehienek neurrien alde egitea espero du gobernuak.

Baina gauza bat da neurriak onartzea; bestea neurri horiek indarrean jarri ahal izatea; eta beste bat neurriek gobernuak espero duen emaitzak izatea:2012-2015 artean gastu publikoa murriztuta eta zergak igota 28.000 milioi euro lortzea, eta Estatuaren enpresak pribatizatuta 50.000 milioi euro eskuratzea.

Grezia murrizketak onartzera behartu duten erakunde guztiek txalotu egin dute bozketaren emaitza. Burtsek ere bai. Badaezpada, EBk gogorarazi dio neurriak indarrean jarri behar dituela. Hurrengo azterketa irailean gainditu beharko du, Europak eta NDFk laguntzaren seigarren zatia ordaindu aurretik (8.000 milioi euro).

Egunotan herritarren haserreak negar gas usaina du Atenasen. Herritar gehienek greba egin zuten atzo eta herenegun, eta protestek jarraitu egingo dute datozen egunetan.

Atzoko istiluak herenegungoak baino gogorragoak izan ziren Syntagma plazan. Ehunka lagun zauritu ziren, bai kolpeen ondorioz, bai negar gasaren eraginez. Manifestariek harriak bota zizkieten poliziei eta, BBCren berriemailearen esanetan, poliziek harriak bueltan jaurti zizkieten herritarrei.

Izua metro geltokietan

Finantza Ministerioaren etxabeko posta bulegoari su eman zioten. Eurobanken bulego bati ere bai. Suhiltzaileek zazpi langileatera behar izan zituzten bertatik. Bi diputaturi ere eraso egin zieten, bozkatzera zihoazenean. Poliziak 30 lagun inguru atxilotu zituen.

Ehunka lagun Syntagma plazaren inguruko metro geltokietan bildu ziren, negar gasetik ihesi, arnasa hartzeko arazoekin. Anbulantziek ezin izan zuten bertara iritsi, eta boluntarioek artatu zituzten. Han bildutakoen esanetan, «infernua» zen. Poliziak metro geltokietara negar gasak bota zituela salatu zuten. Poliziak ukatu egin zuen.

Amnesty Internationalek salatu du egunotan Poliziak bortizkeria, negar gas eta gai kimiko gehiegi erabili dituela. Gurutze Gorriko medikuek, berriz, poliziek jazarri egin zituztela, Syntagma plazan zaurituak artatzen ari zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.