Greziako koaliziokideak ez dira ados jarri hartu beharreko neurriei buruz

Eurogunea hartzear dagoen neurriei sostengua adierazi die Geithner AEBetako Altxorreko idazkariak

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Europako Batasuneko agintariak Espainia eta Italian piztutako sutea itzali nahian dabiltzala, oraindik oso indartsu dabil handik ekialdera duela bi urte sortutakoa. Greziako Gobernua osatzen duten hiru alderdietako buruek 11.600 milioi euroko gastu murrizketa non egingo zuten zehaztu behar zuten atzo, baina ez zuten egin. Neurri horiek onartu arte Atenasek ez du 31.000 milioi euroren finantzaketa jasoko.

Antonis Samaras lehen ministro kontserbadorea eta haren aliatu Evangelos Venizelos sozialista eta Fotsis Kuvelis ezkertiarra hurrengo egunotan bilduko dira berriro murrizketa plana adosteko. Hori hitzartu arte Atenasen zain izango dituztela ohartarazi diete troikako kideek, eta prest daudela haiei laguntzeko. Egun gutxi izatea espero dute, bestela Grezia dirurik gabe geratuko delako pentsioak eta soldata publikoak ordaintzeko. Baliteke bi atal horietan guraizeak ateratzea koalizio gobernuak, hots, gehienezko pentsioak txikitzea edo funtzionarioek erretiroa hartzean jasotzen duten aparteko ordainketa murriztea. Erietxeetako egonaldiak garestitzea ere aztertzen ari dira.

EBren eta NDFren dirua jasotzen ez badu, Greziak zorrak ordaintzeari utziko dio eta euroa utzi beharko du. Azken aukera hori baztertu dute Bruselako agintariek, baina ez, ordea, Alemaniakoek. Ia astero buruzagi politiko batek esaten du Grezia eurotik ateratzeak ez liokeela euroguneari arazo berezirik sortuko. Azkena Phillip Roessler FDP alderdi liberaleko burua izan da, Greziaren arazoen bidez bere bere botoa igo nahian. Herritarren artean ere iritzi hori nagusitzen ari da. Bild egunkariak asteburuan kaleratutako inkesta batek dioenez, Greziak euroa utzi beharko luke agindu dizkioten erreformak egiten ez baditu. Bitik batek, gainera, uste du Alemania bera hobe lukeela euroa ez erabiltzea.

Geithnerren bisita

Alemaniarren jarrerak erakusten du Greziaren kasua galdutzat jotzen dutela askok. Baina euroak iraun behar badu, odolusteak hor geratu beharko du. Ildo horretatik, itxaropen handiak sortu ditu etzi Europako Banku Zentralak Frankfurten egingo duen bilerak, batez ere Mario Draghik esan ondoren «edozer» egingo zutela euroaren etorkizuna bermatzeko. Angela Merkelek eta François Hollandek ere mezu berbera zabaldu dutenez, merkatuek tentsioa arinduz erantzun dute.

Atzo joerari eusteko beste arrazoi bat aurkitu zuten: Sylt uharte frisiarrean, euroaren aldeko adierazpena egin zuten Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak eta Tim Geithner AEBetakoak. Esandakoa baino gehiago, bilerak berak du garrantzia, haren bidez erakutsi nahi baitute neurriak iristear daudela eta Washington haiekin ados dagoela. Schaueblerekin ez ezik, Pierre Moscovici Frantziako Finantza ministroarekin eta Draghirekin berarekin bildu da Geithner.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.