Europako ezkerraren izar mediatiko berrietako batek eklipsea izan du. Giannis Varufakis Greziako Finantza ministroaren hizkera zuzena eta negoziatzeko estrategia traba bilakatzen ari dira Greziak euroguneko beste estatuekin akordio bat lortzeko, eta negoziazioetan hura bigarren maila batean uztea erabaki du Alexis Tsipras lehen ministroak. Europako Batzordeak disimulurik gabe hartu du berria, «oso positiboa» dela esanez.
Greziako eskuineko oposizioak badaramatza aste batzuk Varufakisen burua eskatzen, hiru hilabeteko negoziazioak ez aurrera ez atzera egotearen errudun egin baitu. Tsiprasek, ordea, ez duhura kargugabetzeko asmorik. Ez oraingoz, behintzat. Igandean bere laguntzaileekin egindako bileran babesa adierazi zion. «Finantza ministroak beti bat egin du gobernuaren lidergoarekin eta erabaki kolektiboekin», esan zuen Tsiprasen bozeramaile batek, eta «nazioarteko hedabideen biktima» izan dela gaineratu zuen.
Bezperako egunkariek nabarmendu zuten ostiralean Rigan (Letonia) izandako bileran izandako giro txarra; euroguneko beste ministroek errieta egin ziotela Varufakis, negoziazioetan duen jarreragatik. Greziarrak ahoan bilorik gabe erantzun zien kritikei, Franklin D. Roosevelt AEBetako lehendakari ohiaren aipu bat txiokatuta: «Aho batez gorrotatzen naute, eta nik ongietorria ematen diot gorroto horri».
Tsiprasen ahozko babesa jaso arren, eurogunearekiko negoziazioetan parte hartze txikiagoa izatearekin moldatu beharko du. Negoziatzaile talde berri bat izango du Atenasek, eta hura koordinatzen ez da Finantza ministro izango, Euklid Tsakalotos Atzerri ministrordea baizik. Oxforden ikasitako ekonomista da Tsakalotos, «hizkera goxokoa» eta «mailegatzaileen teknikoen oso gustukoa», Kathimerini Atenasko egunkari kontserbadorearen arabera. Bruselarekin aurrez aurre negoziatzeaz Ingalaterran hezitako beste pertsona bat arduratuko da, Georgios Juliarakis. Orain arte Nikos Theokarakiskek zuen betebehar hori, Varufakisen gertuko bat. Varufakis ez da, teorian behintzat, guztiz baztertuta geratu, negoziatzaile talde berriko gainbegiratzaile izango baita.
Diru behar gorria
Ikusteko dago Varufakisen desagerpenak zein ondorio duen elkarrizketetan eta akordio bat egitekotan, zein prezio pagatu beharko duen Atenasek. Soldatak gehiago jaisteari edo uharte turistikoetan BEZa igotzeko eskaerei ezezkoa eman die Finantza ministroak, eta troikako ordezkari teknikoek Atenasen egiten zituzten azterketa zorrotzak saihestu nahi izan ditu. Puntu horietan Tsiprasek bigunago jokatzea erabaki duela ulertarazten du Varufakis bigarren mailan utzi izanak.
Diru behar gorria du Atenasek, abuztuaz geroztik ez baitu laguntzarik jaso, eta finantza merkatuak itxiak dituelako. Nola edo hala lortu du orain arte nazioarteko hartzekodunei pagatzea eta bere langileekin eta erretiratuekin konplitzea, baina larri ibiliko da hurrengo ordainketekin: aste honetan 1.500 milioi pagatu behar ditu pentsio eta soldata publikoetan, eta beste 880 milioi maiatzaren hasieran Nazioarteko Diru Funtsari.
Greziako negoziatzaile talde berrian bigarren mailan geratu da Varufakis
Ostiraleko bilera garratzean, euroguneko beste ministroek errieta egin zioten Varufakisi.Ustez negoziatzaile bigunagoak jarri ditu Tsiprasek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu