Ekonomia

Greziako Parlamentuak murrizketa planak berehala ezartzeko legea onartu du

Atzo onartu zituzten murrizketa eta pribatizazio planak. Alemaniak erreskate plana adostu du bere finantza sistemarekin

2011ko ekainaren 30a
18:48
Entzun

Atzo onartutako murrizketa eta pribatizazio plana berehala ezartzeko legea onartu du Greziako Parlamentuak gaur arratsaldean. Aldeko 155 boto -sozialisten 154, gehi Elsa Papadimitriuren botoa-, kontrako 136 eta bost abstenzio izan ditu legeak. Papadimitriuk Nea Demokratia taldea utzi du. Lege horrek Greziaren "bigarren erreskaterako" bidea ireki du

Baiezkoak berehalako eragina izango du Greziaren diru kontuetan. Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak 12.000 milioi euro utziko dizkiote, uztailean gastuak eta zorrak ordaintzeko. Iazko 110.000 milioi euroko erreskatearen bosgarren zatia da. 

Baiezkoak luzera begirako ondorioak ere izango ditu. Europako Batzordearentzat, Europako Banku Zentralarentzat eta NDFrentzat murrizketa eta pribatizazio plana onartzea ezinbesteko baldintza da Greziarentzat bigarren erreskate plana onartzeko eta zorra berregituratzen hasteko. Guztiek onartu baitute Greziak laguntza gehiago behar duela, iazko erreskate planak egoera konpondu ez duelako.

Alemaniak 3.200 milioi euroko erreskate plana adostu du

Wolfgang Schauble Alemaniako Finantza ministroak gaur jakinarazi duenez, Greziaren bigarren erreskatea ahalbidetuko duen akordio batera iritsi dira herrialdeko finantza sistemarekin. Hala, "bere borondatez" Grezian parte-hartu nahi duten hartzekodunek pribatuek dirua lagatzeko aukera izango dute. 3.200 milioi euroko diru laguntza adostu dute. Schaublek jakinarazi zuenez Alemaniako finantza erakundeek 10.000 euroko balioa duten Greziako bonoak dauzkate, eta horietako %55ak 2020. urtera haratago amaitzen dira.

Istiluei beldur

Greziako Parlamentua murrizketa planak eztabaidatzen ibili den bitartean istilu larriak izan dira Grezian. Orain, murrizketa planak onartuta istiluak areagotzeko beldurra dute agintariek. Atenaseko Sintagma plazan jende andana bildu da protestan. Mobilizazio horiek era baketsuan eramateko asmoa erakutsi dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.