Greziak «arnasa sakon» hartu du euroaren eremuko agintariek bigarren erreskate plana onartu ondoren. Arindu hori larri zebiltzan beste estatuetara ere zabaldu da, Portugaldik Irlandara, Espainiatik eta Italiatik ere igarota. Herrialde horietako guztietako gobernuek txalotu egin dituzte neurriak, haiei esker bigarren edo lehen erreskatearen beharra izango ez dutelakoan.
Lasaiturik handiena Atenasko gobernuak hartu du, noski. Izan ere, irailean zorrak pagatzeari uztetik gertu egon ondoren, zor hori itzultzeko hainbat urtetako epea lortu du, eta interes txikiagoekin pagatu beharko du. Europako Batasunak kalkulatu duenez, Greziaren zor publikoak barne produktu gordinean duen zatia hamabi puntutan jaitsiko da. Iaz %130era heldu zen, Espainiak duenaren halako bi.
«Gure zailtasunak ez dira bukatu, baina lehen aldiz etorkizuna ziurtatzeko baldintza sendoak lortu ditugu», ziurtatu du Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak. Zorra gutxitzeak «bideragarri egingo du, eta Greziako herria bankarrotaren amesgaiztotik libratuko du».
Agian etorkizun are okerrago batez libre dira greziarrak, baina ez, ordea, orainaldi gogor batez. Izan ere, Greziak bigarren erreskatea jasotzeko baldintza da oraingo bideari eustea. «Irtenbide horrek onura nabariak ekarriko dizkio ekonomia errealari, baina ez du esan nahi oraingo erreforma programak ezartzeko ahaleginetan lasaitu gaitezkeenik», onartu du Evangelos Venizelos Finantza ministroak. Hau da, zergak igotzen jarraituko dutela, gizarte prestazioak gutxituko direla eta pribatizazioak bizkortuko direla.
Adierazpen baikorrak ere iritsi dira Irlandatik. Ezin besterik izan, hango Finantza Ministerioak kalkulatu duelako 600 eta 800 milioi artean aurreztuko dituela, jaso dituen 68.000 milioi euroko maileguen truke %5,8ko interesaren truke %3,5 eta %4 artean pagatuta. Baina kasu horretan ere, Michael Noonan Finantza ministroak ohartarazi du defizita murrizteko neurri gogorrekin jarraitu egingo dutela. Haren arabera, euroguneak hartutako erabakiek uxatu egin dute Irlandak bigarren erreskatea jasotzeko mehatxua. «Idatziz jarrita dago ezin badugu merkatuetara itzuli agintari europarrek dirua emango digutela posible izan arte. Horrek saihestu egiten du bigarren erreskatea eskatu behar izatea».
Fitchen mehatxua
Kalifikazio agentziek ez dute astirik galdu eurogunearen bidean harriak jartzeko. Bruselako goi bilera bukatu eta ordu batzuetara Fitch agentziak ohartarazi du Grezia «porrot mugatuan» jarri duela, herrialde horren zorra berregituratzeko bidean dagoela uste baitu. Zehazki, Fitchek iragarri du bankuek beren zor zaharra bonu berrien truke aldatzen dutenean «ez ordaindutzat» joko duela, aurretik jaso behar zutenaren %20 inguru kobratuko ez dutelako. Hurrengo egunotan beste bi rating agentzia handiek (Standard & Poor's eta Moody's) berdin egitea ez da baztertu behar.
Goi bileraren aurretik neurri horrek finantza merkatuen izua eragingo zuen, lehen aldia izango baita Europako Batasuna eratu zenetik haren kide batek zor bat pagatzeari utziko diola. Atzo ez zen hainbesterako izan, nahiz etaazken egunotan merkatuek zuten goranzko joera mugatzeko gai izan zen.
EBko arduradunak saiatu ziren garrantzia kentzen, ordainketarik ezaren egoera horrek oso denbora gutxi iraungo duela nabarmenduta.
Grezia porrotean jartzearen ondorio zuzena izango da herrialde hartako bankuek ezingo luketela Europako Banku Zentralera jo diru eske —ez die beste inork uzten—, EBZk ez duelako berme gisa onartzen porrot egindako estatu baten zorra. Arazo hori saihesteko, erreskate planaren atal batek dio 35.000 milioi euro berme gisa jarriko dituztela Greziako bankuen esku.
Greziaren erreskatean parte hartzea onartu dute orain arte 30 bankuk, haien artean BBVAk.
Greziaren arindua, Fitchen oharra
Orain zorra pagatzea bideragarria dela uste du Atenasko gobernuak, eta murrizketen bideari eutsiko diola ziurtatu duFitchek mehatxua bete du, eta Greziaren zorra «porrot mugatuan» jarriko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu