Aurreikuspenak txarrak ziren, baina are txarragoak izango direla uste du Atenasko Parlamentuak. Greziako Finantza Ministerioak datorren urterako aurrekontuak aurkeztu zituen atzo legebiltzarrean, eta hilabete hasieran egindako aurreikuspenak zuzendu zituen. Gobernuaren arabera, 2013an %4,5 jaitsiko da herrialdeko barne produktu gordina (BPG) —%3,8koa zen hasierako aurreikuspena—, eta zor publikoa %189ra igoko da.
Atzeraldia, hala ere, aurtengoa baino txikiagoa izango da, 2012a BPGaren %6,5eko jaitsierarekin ixtea espero baita. Zorrari dagokionez, berriz, urte hasieran bankuek eta beste hartzekodun pribatuek Greziari 100.000 milioi euroko zorra barkatu arren, zorrahandituz doa. %170,6koa zen 2011n 175,6koa izango da aurten, eta %189,1ekoa izango da datorren urtean, hau da, zenbaki absolutuetan Greziako Estatuak 346.200 milioi euroko zorra izango du 2013a amaitzean, iaz baino gutxiago —355.657 milioi euro zor zituen 2011n—.
Itunik ez troikarekin
Atenasek oraindik ez du murrizketen gaineko itunik egin troikarekin (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa). Antonis Samaras gobernuburuak akordioa iragarri zuen herenegun, baina Europako Batzordeak ukatu egin zuen atzo. Erreforma sorta bat eta aurrekontuaren murrizketak adostu behar dituzte, 31.500 milioi euroko laguntza jaso ahal izateko. Eurotaldeko Finantza ministroek ituna ixteko eskatu zioten atzo Greziari.
Bestalde, Spiros Karatzaferis kazetaria atxilotu zuen atzo Greziako Poliziak, hark telebistan gobernuaren agiri konprometigarriak dituela esan zuelako. Domekan Kostas Vaxevanis kazetaria atxilotu zuten, iruzurgile fiskalen zerrenda bat argitaratzeagatik.
Greziaren egoera uste baino txarragoa izango da 2013. urtean
Ekonomia %4,5 jaitsiko da eta zor publikoa %189ra igoko da, Finantza Ministerioaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu