Harrera hotza egin dio Bruselak Greziak bigarren erreskatearen azken zatia (7.200 milioi) jaso ahal izateko egindako proposamen sortari. «Zerrendarik ez da amaitu. Zerrendak aldatu egiten dira negoziazioek irauten duten bitartean», esan du Annika Breidthardt Europako Batzordeko bozeramaileak. Michel Sapin Frantziako Finantza ministroaren arabera ere, aurrera pausoak badaude, baina proposatutakoa ez da aski oraindik.
Financial Times egunkariak herenegun iragarri zuenez, Greziak 6.000 milioi euro biltzeko plana aurkeztu dio Bruselari. 26 orriko txosten horren arabera,iruzur fiskalaren eta zerga ihesaren aurkako borrokan jarri du Greziak diru-sarrera ahulak handitzeko itxaropena. Zehazki, esaten du gutxienez 725 milioi euro eta gehienez 875 milioi lortu daitezkeela «zorrotzago kontrolatuz» Greziako aberatsek edo enpresek atzerrian egin dituzten operazioak. BEZ zergaren aurkako iruzurra jazarrita gehienez 420 milioi eskuratu ditzakeela dio, eta beste 400 milioi olioaren, tabakoaren eta alkoholaren aurkako legez kanpoko salerosketari trabak jarrita.
Badago beste proposamen deigarri bat: BEZaren ordainketari lotutako loteria berri bat sortu nahi du Atenasek. Hau da, nahi du herritarrek zerbitzu bat edo produktu bat erosten duten bakoitzean BEZa ordaintzea eta hori erakusten duen tiketa eskatzea. Ordainagiri horiekin loteria baten modukoa egingo luke administrazioak. Itxaropen handia jarri du neurri horretan ezkerreko gobernuak, uste baitu gutxienez 270 milioi eta gehienez 600 milioi eskuratu ditzakeela. Antzeko sistemak dituzte Portugalek, Maltak eta Eslovakiak.
Pribatizazioen arloan Bruselaren aurrean neurri batean amore eman du Greziako Gobernuak, esaten baitu kontratuak beteko direla eta abian dauden prozesuek jarraituko dutela. Horrek iradokitzen du azkenean Pireoko portua Txinako konpainia bati saltzeko prozesuak aurrera jarraituko duela, hainbat ministrok halakorik ez zela izango agindu arren. Edonola ere, Atenasek nabarmendu du troikak aurreko gobernuari inposatutako pribatizazioek «modu ikusgarri batean» huts egin dutela, apenas lortu delako dirurik. Zehazki, 2011-2016 artean pribatizazioen bidez 50.000 milioi euro biltzea zen troikaren asmoa, eta 2.600 milioi baizik ez ziren eskuratu 2013 arte, erosle gutxi erakarri dituztelako eta kontratu batzuk «modu amateurrean» egin zirenez, epaitegiek baliogabetu dituztelako.
Baina beste arlo batzuetan ez dirudi Tsiprasek men egingo dionik euroguneari. Pentsio sistemaren erreforma eskatu diote, baina proposatu dituen neurriak arlo horretan gastua 1.100 milioi eurotan handitzekoak dira: 600 milioi pentsiodun pobreenei hamahirugarren ordainketa bat egiteko, 326 milioi defizita zerora iritsi arte pentsioak eguneratzea debekatzen zuen zero defizitaren klausula atzeratuta, eta beste 150 milioi beste neurri batzuen bidez.
Lan merkatuari buruzko neurriek ere sortuko dituzte desadostasunak, orain arte Bruselak nahi zituenaren aurkako ildoan doazelako: gutxieneko soldata igotzea eta negoziazio kolektiboa berreskuratzea.
Denbora agortzear
Denbora askorik ez dago, ordea, akordio bat lortzeko, Greziako Gobernuak likidezia premia handia baitu. Dirua batetik eta bestetik aterata lortu du martxoko soldata eta pentsio publikoak ordaintzea, eta Nazioarteko Diru Funtsari zor zion dirua itzultzea. Baina datorren ostegunean bertan beste 450 milioi pagatu behar dizkio erakunde horri, eta ez dago garbi diru hori ba ote duen.
Otsailaren 20an Atenasek eta euroguneko beste kideek lortutako akordioaren bitartez, apirilaren 30a baino lehen ados jarri behar dute bi aldeek indarrean jarri beharreko erreformen inguruan. Akordioa egon arte ez ditu euroguneak Greziarentzat prest dituen 7.200 milioi euroak askatuko.
Greziaren proposamenek ez dute akordiorako aterik ireki oraindik
6.000 milioi biltzeko erreforma sorta igorri dio Tsiprasen gobernuak Bruselari.Pentsioetan gastua handitzea aurreikusi du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu