Grifols odolusten, beheranzko apustuen eraginez

GRIFOLS
Asteartean Grifolsen akzioak %25 erori ziren. VEGA ALONSO / EFE
Irune Lasa.
2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun
Hasteko, zer da Grifols?

1909an Bartzelonan sortuta konpainia bat da. Gaur egun, Grifolsek batez ere hemoderibatuak ekoizten ditu, odoleko plasmatik eratorritako sendagaiak. Plasma hori lortzeko, laurehun bilketa zentro inguru ditu nazioartean, eta horietatik hirurehun inguru AEBetan, non legezkoa den odol emaileari ordaintzea plasmarengatik. Plasmatik sendagaiak ateratzeko, zazpi laborategi ditu AEBetan, eta zortzi Europan. Taldeak 26.000 langile inguru ditu, eta konpainiaren jabetzaren %30 inguru Grifols familiaren kontrolpean dago oraindik ere.

Eta odolusten ari da?

Burtsan amildu egin da haren balorea (-%40 inguru), beheranzko apustu baten jomuga bihurtu delako.

Beheranzko apustua?

Burtsan jokatu-inbertitzerakoan, apustu egin dezakezu akzio baten baloreak behera egingo duela. Nola egiten da hori? Bada, akzioak maileguan hartzen dira epe labur baterako, eta ia berehala saldu merkatuan; egun gutxira, akzioak itzuli behar dituenerako, apustulariak haiek merkeago erostea lortzen badu —beherantz egin dutelako—, hortxe lortu du gainbalioa. Gerta daiteke akzioek gora egitea eta dirua galtzea ere, jakina; halakoxeak dira apustuak. Oraingoan, hala ere, Gotham Cityk eta enparauek 25 milioi euro irabazi dituzte dagoeneko.

Gotham... City?

Bai, Batmanen hiritik hartu zuten izena hedge fund-aren sortzaileek. Gotham City izan da Grifolsen odolustearen aktore nagusia, GIP funts kidearen laguntzarekin. GIPk astelehenean jakinarazi zion CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari maileguan hartutako Grifolsen kapitalaren %0,57 saldu zuela, zeinak 34,6 milioi euroko merkatu balorea zuen egun horretan. Eta, ondoren, Gotham Cityk txosten bat plazaratu zuen Grifolsi buruz, azalduz haien ikerketen arabera sendagai konpainiak kontuak makillatu dituela, aitortzen duena baino zorpetze handiago bat ezkutatzeko. «Gure ustez, [Grifolsen] akzioek hutsaren hurrengoa balio dute», esan zuen Gotham Cityk. Hurrengo egunean, astearte bukaeran, Grifolsen burtsako kapitalizazioa 2.200 milioi euro txikiagoa zen.

Gotham Cityk dioena sinesgarria den seinale, ezta?

Badirudi merkatuek sinetsi dutela, bai, nahiz eta Grifolsek gezurtatu txostenak esandakoa eta adierazi auzibidera joko duela. Halako gatazkek urteak egin ditzakete epaitegietan. Plasma egileak badu oraindik babeslerik bere inbertsiogileen artean, baina ikusi beharko da hemorragia geratzeko edo jasateko gai den. Bitartean, susmoa hor dago, Grifols familiak ez ote dituen kontu eta enpresa arteko trikimailuak baliatu bere interesak babesteko, akziodun txikien kaltetan. Hori ikertzen hasia da CNMV.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.