Gureak-ek beste negozio atal batzuk bilatu ditu, autogintzan galdutakoa konpentsatzeko

260 milioi euroren salmentak egin zituen iaz Gureak taldeak, %4 gehiago, eta sail guztietan lortu dituzte emaitza positiboak. Fakturazioaren herena bezero berrien bitartez etorri da.

Asier Vitoria, Ainhoa Askasibar eta Josean Idoeta gaur, Gureak-eko egoitza nagusian, Donostian. JON URBE / FOKU
Asier Vitoria, Ainhoa Askasibar eta Josean Idoeta gaur, Gureak-eko egoitza nagusian, Donostian. JON URBE / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko otsailaren 20a
14:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gureak taldeak ongi eutsi dio 2025. urteari. 260 milioi euroko salmentekin itxi du urtea, aurreko urtean baino %4 gehiago eskuratuta, eta emaitza positiboak lortu ditu sail guztietan. Ez da, ordea, urte erraza izan; izan ere, ohiko ataletako batzuetan, autogintzan esaterako, zailtasunak izan dituzte. Baina horiek konpentsatze aldera, beste negozio atal batzuk bilatu eta aurkitu dituzte.

Asier Vitoria Gureak-eko zuzendari nagusiaren arabera, dibertsifikazioa izan da emaitza positiboen gakoa: «Nazioarteko testuinguru konplexuak egokitzeko gaitasuna eta kudeaketa malgua eskatzen du». Datu bat ere eman du, eta azpimarratu iazko fakturazioaren %32 duela bost urte Gureak-en bezero ez ziren enpresen bidez etorri dela. Vitoriak aitortu duenez, autogintzaren sektoreko krisiak eragina izan du, baina horri aurre egin diote industriako beste sektore batzuetarantz dibertsifikatuz eta industria sektoreko proiektu berriak garatzeko lan eginez.

Langile kopurua zertxobait apaldu den arren, erronka nagusia bete dutela adierazi du Josean Idoeta taldeko presidenteak. Haren arabera, 6.000 langileren langa gainditzea zen helburua, eta urtea 6.054 langilerekin itxi zuten —aurreko urtean baino 47 gutxiago—. Horietatik %83k dute elbarritasunen bat.

«Lehia testuinguruak ez digu egunerokoa errazten, baina helburuak lortu ditugu, eta laneratzeko zailtasun gehien dituztenen pertsonei lehentasuna eman diegu. Lan taldearen erdiak baino gehiagok laguntza premia handiak dituzte, eta hori paregabea da testuinguru honetan», nabarmendu du Idoetak. Hain zuzen, langile guztien %57k dituzte «laguntza premia handiak», batez ere adimen desgaitasuna eta gaixotasun mentalak.

Alor guztietan emankor

Alor industriala da Gureak taldeko sailik handiena, eta langileen erdiak aritzen dira bertan, 3.000 inguru. Industrian ez dira garai onak, oro har, eta alor horrek egokitu behar izan du gehien. Vitoriaren arabera, pisu handia hartu dute aurten mugikortasunak, etxerako gailu adimendunek, elebazio sistemek eta inplanteek.

Zerbitzuen alorrak ere garrantzi handia du Gureak-en, eta horretan taldeak apustua egin du. Vitoriak adierazi du eskaintza ugari prestatu dituztela alor horretan, batez ere garbiketari dagokionez. Gainera, nabarmendu du elikagaien sektorean inbertsioak egin dituztela 2025ean, eta horien emaitzak aurten jasoko dituztela. 1.500 inguru langile dituzte lanean zerbitzuen alorrean.

Gureak Datapost departamendua 550 langile inguruk osatzen dute. 2024an aldatu zioten izena alor horri —marketin saila zen lehen—; izan ere, posta banatzeko zerbitzuan aldaketak egon dira azkenaldian. Vitoriak dioenez, alor horretan «eraldaketa sakona» ari dira egiten, eta eremu digitalari lotutako 50 lanpostu sortu zituzten iaz, digitalizazioari eta adimen artifizialari loturikoak.

Oro har, desgaitasunak dituzten pertsonak enplegatzen ditu Gureak-ek, baina horrez gain, langile horiek enpresa arruntetara ere bideratzen dituzte Gureak Itineraryren bitartez. Programa horretako arduradun Ainhoa Askasibarren arabera, iaz 2.000 lagun inguruk egin zuten lan taldearen parte ez diren enpresetan.

Horri lotuta, garrantzia eman dio Askasibarrek taldeak duen Inklusioanbat programari. Horren bitartez, enpresei eta erakundeei aholkularitza eskaintzen die Gureak-ek, inklusioaren arloan. «Programa horretan zenbait erreferente ditugu, hala nola Ulma Packaging, Eroski eta Reala, eta datozen urteetan enpresa gehiagok bat egitea espero dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.