2016. urtearen amaieran Gureak taldeak 5.137 langile zituen. Horietatik 4.236k zuten desgaitasunen bat. Hainbeste lagun enplegatzeak «berrikuntza eta lehiarkotasun handia» beharrezkoa dela aldarrikatu du gaur Gureak-eko zuzendari nagusiak, Iñigo Oiartzabalek. Taldea «merkatu zorrotzetan» lehiatzen dela zehaztu du, oro har kualifikazio maila handia eskatzen duten arloetan. «Joeraren kontra» lan egin arren, bere burua posizionatzen jakin duela gaineratu du.
Desgaitasunak dituzten enplegatu ez ezik, langile horiek enpresa arruntetara bideratzeko plataforma bat ere bada Gureak. Ainhoa Askasibar Gureak Itineraryko zuzendariak emandako datuen arabera, iaz 47 enpresa igaro ziren «ohiko» enpresetara, eta beste 56, aldiz, zerbitzu okupazionaletik enplegura. Enpresetan «txertatu» diren hamar langiletik seik adimen-desgaitasuna zuten, eta %18 buruko gaixotasuna. «Datu horiek berebiziko garrantzia dute Gureakentzat, bat egiten dutelako gure misioarekin, eta behar gehien duten pertsonentzat aukera berriak aurkitzeko konpromisoarekin».
Gureak taldea 1975ean sortu zen Atzegiren ekimenez, industrian aritzeko. 42 urte beranduago, adar hori da artean taldearen motor nagusia. Iaz %13 handitu zituen salmentak, eta lehen aldiz, bere I+G taldeak lortu zuen pieza bat patentatzea: autoetako fokoen argia estutzen duen erregulazio multzo angeluar bat. Valeorekin elkarlanean, datozen lau urteetan lau milioi pieza egitekoak dira.
Industria adarraren beste mugarri bat izan da Vestasen aerosorgailuek daramaten kableen hornitzaile nagusia Gureak izatea.
Beste bi supermerkatu
1990eko hamarkadara arte ez zen Gureak zerbitzuen atalean sartu, baina hor ere ari da hedatzen —iaz %5 handitu zuen fakturazioa—. 2015ean, urritasunak dituzten langileek artatutako lehen supermerkatua ireki zuten, Azpeitian (Gipuzkoa). Iaz beste bi batu zitzaizkion, biak Gasteizkoak eta Eroskirenak horiek ere. Tolosan Loraldi lore-denda berria ere zabaldu du. Hotelei dagokienez, Donostiako Zenit hoteleko esperientzia «onaren» ondoren, hiri horretako Arrizul Congress eta Welcome Gros hoteletako gelak garbitzen eta tabernak zerbitzatzen dituzte Gureakeko langileek.
2016ko beste mugarrietako bat da Jaurlaritzaren baimena jaso duela lanbide heziketako zentro bat eraikitzeko. Horri urritasunak dituztenei formakuntza berezitua eman ahal izango die.