Tristura. Ferroforma burdindegi eta brikolaje azoka zabaldu berritan, behin eta berriro esan dute hitz hori. «Azoka pobre dago. Jende askok esan digu ez dela etorriko, ez ikustera ezta erakustera ere. Eta horretaz jabetzeko, ingurura begiratu besterik ez dago», esan du Sandra Ariasek, Epis Archanda enpresako arduradunak. Azokan gutxi dira bezeroren baten zalantzak argitzen ari diren erakuslekuak, lan gutxirekin daude gehienak. «Lehen eguna izaten dela lasaiena, beraz, oraindik ikusteko dago nolako azoka izango den».
Hori dela eta, aurreikuspenak ez dira onak. BECen egiten den azoka (Barakaldo, Bizkaia) garai zailean dago. Ostiralera arte, 362 enpresak euren produktuak erakutsiko dituzte, aurreko aldian baino 205 gutxiagok. «Gaur egungo Ferroformak ez du zerikusirik iraganean izan zenarekin», dio Alberto Medina Ayerbe sorgailu enpresa bateko salmenta arduradunak. Dioenez, orain dela sei urte BECeko sei pabiloi hartzen zituen azokak —994 enpresa joan ziren 2007an—, eta aurtengoak apenas betetzen dituen bi. «Une honetan azoken eredua aldatzen ari da, eta jendeak ez du azokara joan nahi, garestiak direlako. Eta garaiak ez daude gastu handiak egiteko. Horregatik, harremanak sarearen bidez egiten dituzte enpresek».
Azokara etorri direnek ere, gastuak beste bide batetik murriztu dute. Estibaliz Zabala Bahcoko marketin arduradunaren esanetan, «aurreko aldietan baino erakusleku pobreagoak daude jarrita. Gehienak feriako modulu normalekin iritsi dira, eta diseinu propioa daukaten gutxiago daude». Aurreztea, beraz, bi ildotatik iritsi da.
Horiek hala, Ferroformara etorri diren enpresa gehienak «egon behar» dutelako etorri dira. «Hau gure feria naturala da, gertuen dagoena baita», dio Santi Arenazak, JMA sarraila enpresako zuzendari nagusiak. «Berez gure bezero nagusia Espainiako estatuan egon da orain dela gutxi arte». Baina garai hauetan bertako merkatua «behea jota» eta egoera «negargarrian» egon arren, oraindik bezeroak dituzte inguruan. «Horregatik ere bagatoz». Medinak, ordea, bestelako arrazoi batzuk eman ditu Ferroformara etortzeko: «Hona etorri beharra dago, merkatuan ikus dezaten bizirik jarraitzen dugula».
Begirada, nazioartera
Burdindegi eta brikolajean %50 gutxiago fakturatu da krisia hasi zenetik, eta, horregatik, nazioartean daukatejarrita begirada sektoreko enpresa gehienek. «Gure ekoizpenaren zatirik handiena kanpora eramaten dugu, bizirik jarraitu nahi badugu bederen», Arenazaren esanetan. Gainerako enpresek ere begirada kanpoan daukate, «baina sustraiak hemen errotuta», dio Medinak.
Gutxi saldu arren, azokara joan behar da
Ferroforma azokara joan diren enpresek saltzeko itxaropen gutxi daukate. Hala ere, «bizirik» daudela erakusteko edo euren «eremu naturala» delako joan dira BECera. Baina erakusleen kopuruak %25 egin du behera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu