Trapuz beteriko esekitokia, orgatxo bat, gurpil aulkia, erratzak eta lanbasak. Ezohiko itxura hartu du Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurreko espaloiak, arratsaldeko manifestazioa hasi baino minutu batzuk lehenago. Lehen lerroan daude etxeko langileak, tinko, harro. Haietako askok kartoizko panpinak ere eramaten dituzte, grebara batzerik izan ez duten lankideak gogoan.
Gutxieneko soldataren zenbatekoa Euskal Herrian erabakitzea eta hura 1.500 eurora igotzea izan dira greba orokorraren aldarri nagusiak. Gutxieneko soldata igotzeak egoerarik prekarioenean dauden gizataldeei ekarriko lieke onurarik handiena: emakumeei, migratzaileei, gazteei, behin-behinean aritzen diren langileei eta abarri. Horrek isla izan du mobilizazioetan; gizatalde horiek leku nabarmena izan dute protestetan, eta agerian utzi dute beren aldarrikapenak lotuta daudela.
Etxeko langileek oso argi dute hori. Silvia Gonzalez Nikaraguan jaiotakoa da, eta hamabost urte daramatza Bilbon bizitzen. Iritsi zenean, zaintzan aritzea beste lanik ez zioten eskaini, eta bi adineko zaintzeari ekin zion, egoiliar: «Gehiegikeria asko pairatu nituen; lan arloko abusuak, arrazakeria, sexu jazarpena eta abar. Ugazabaren apetak ezartzen zuen soldata; hark nahi zuena ordaintzen zidan: 700 euro, 800... Eta, gainera, eskertuta egon behar genuela esaten ziguten».

Gonzalezek dioenez, «esklabotza» da egoiliarren lana hobekien definitzen duen berba: «Denetarik egiten nuen: ile apaintzaile, podologo, sukaldari... Medikuarenera eramaten nituen, jantzi eta erantzi egiten nituen, eta gau eta egun zaintzen nituen, ordutegirik gabe. Legez, 36 atseden ordu jarraian hartzeko eskubidea dugu, baina, askotan, igandeetan ordu batzuk irteten baino ez digute uzten».
«Gehiegikeria asko pairatu ditut; lan arloko abusuak, arrazakeria, sexu jazarpena eta abar. Ugazabaren apetak ezartzen zuen soldata»
SILVIA GONZALEZ Etxeko langilea
Egun, zaintzan jarraitzen du, baina egoiliar izateari utzi dio, eta, haren egoerak «apur bat hobera» egin duen arren, oraindik urrun ikusten du 1.500 euroren langa: «Gutxieneko soldata igotzeak guri egingo liguke mesederik handiena».
Â
Ordu erdi lehenago
Manifestazioa 18:00etan hastekoa zen, baina ordu erdiz aurreratu dute: ramadanaren hondar egunak dira, eta elkarte batzuek eskatu dute mobilizazioa ilundu aurretik amai dadin. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean migratzaileen elkarteetako kideak, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformakoak eta beste daude, «benetako erregularizazioa» eskatzen duten pankartei oratuta. Bat egin dute mobilizazioarekin, eta «inor ez da ilegala» oihua ozen nagusitu da.
«Pentsiodun asko, batez ere emakume alargunak, gosea pasatzen ari dira. Gutxieneko soldata igotzea onuragarria da herri osoarentzat»
EUGENIO SANCHEZ MARTIN Pentsioduna
Bilboko San Ignazio auzoko modulu psikosozialeko langileak ere manifestazioan daude. Desagertzeko zorian dago modulua, hango langile Ane Navarro Martinek azaldu duenez: «Guk, batez ere, tratu txarrak pairatu dituzten emakumeei eta sexu disidenteei ematen diegu arreta, ikuspegi komunitario batetik. Haiek egoten dira egoerarik prekarioenean: emakumeek izaten dituzte soldatarik apalenak eta ordutegirik txarrenak. Moduluaren aldeko borroka eta grebarena guztiz loturik daude».
Pentsiodunen zapi gorria darama lepoan Eugenio Sanchez Martinek. Bederatzi urte daramatza pentsiodunen mugimenduan, eta, dioenez, lau aldiz joan da Madrilera eta hiru Eusko Legebiltzarrera, haien aldarrikapenak hara eramatera: «Pentsiodun asko, batez ere emakume alargunak, gosea pasatzen ari dira. Gutxieneko soldata igotzea onuragarria da herri osoarentzat».
Amaiur Miguelek, berriz, 18 urte ditu, eta ikaslea da. Dioenez, ezagutzen du ikasten eta aldi berean lanean ari den lagunik, «askotan kontraturik gabe, gutxieneko soldata baino gutxiago kobratuz eta oso egoera prekarioan». Ikasketak amaitu osterako, «beltz» ikusten du etorkizuna: «Egoera aldatzen ez badugu, ezingo gara duin bizi».