Soldatak gutxienez %2,5 igotzea adostu dute Gipuzkoako ostatuetan

Hurrengo lau urteetarako hitzarmena adostu dute sektorean, eta, soldata igotzeaz gain, lanaldia hamalau ordu laburtuko diete.

Hotel baten harrera, pandemia garaian. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Hotel baten harrerako langile bat, pandemia garaian. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
aitor biain
2025eko maiatzaren 26a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako ostatuen sektorean diharduten 2.500 langileek hitzarmen berria izango dute hurrengo lau urteetan. ELAk du sektorean ordezkaritzarik handiena (%70), eta sindikatuak berak eman du akordioaren berri. Hitzarmen berrian jaso dute, besteak beste, soldatak handitzea, lanaldia laburtzea eta pentsio osagarri bat sortzea BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen bitartez. Hoteletan, pentsioetan eta pisu turistikoetan jarduten duten langileei eragingo die.

Soldatari dagokionez, KPIa +%2,5 igoko diete urtero hurrengo lau urteetan, hots, aurten hasi eta 2028ra bitarte. Balioa eman dio lorpen horri ELAk, hain justu ere: «Erreferentzia garrantzitsua da ostatuen sektorerako eta Gipuzkoako lurralderako». Sindikatuak nabarmendu du, halaber, hitzarmenean jasota dagoen lan kategoria txikiena desagertu egingo dela aurrerantzean, eta, beraz, soldata igoera gehigarria izango dutela langile horiek ere.

Hitzarmen berrian jaso dituzte, era berean, oporrak arautzea, egutegien txandak aldez aurretik ezartzea, eta abenduaren 24an eta 31n arratsaldez lan egindako orduak jaiegun gisa ordaintzea. Lanaldiari dagokionez, berriz, hamalau ordu murriztuko zaie lan hitzarmena indarrean dagoen artean.

Azkenik, adostu dute Gipuzkoako ostatuetako langileek pentsio plan osagarria izatea, Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundera batuko baitira. Langileek eta enpresek egin beharreko ekarpena ere adostu dute: %0,55ekoa izango da 2028ra arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.