«Hemen eta hemengo pertsonentzat eginiko eskaintza da gurea», horrela aurkeztu du bere burua Guuk telekomunikazio euskal operadore berriak. Hego Euskal Herrian bakarrik lan egin egingo duen konpainia bat da, eta 115 saltoki fisiko izango ditu, horietatik lau propioak, bana lurralde bakoitzeko hiriburuan. Telefonia mugikorra eta zuntz optiko bidezko internet lotura eskainiko dute, euren hitzetan «merkatuko azkarrena», eta 600 megako konexioa ziurtatu dute gailuraino. Telefono bidezko euskaraz emango dutela ziurtatu dute.
«Ulertzeko erraza den eskaintza lehiakorra, eta bezeroarekiko harrera onena duen enpresa izan nahi dugu», horrela deskribatu dute Guuk Jon Ander de las Fuentes zuzendariak, Euskaltelen aholku emaile finantzieroa izandakoa, eta Juanan Goñik, orain arte Dominionen arlo digitaleko burua zenak. Dominion teknologia enpresa da hain zuzen enpresa berriko bazkideetako bat, jabetzaren %30arekin. Bestea Masmovil da, %70arekin. Masmovilek Donostian du egoitza eta Espainian lan egiten dutenen arteko laugarren telekomunikazioa operadore handiena da. Guuken kapitala 1,7 milioi eurokoa da eta hasiera batean 100 langile inguru izango ditu, «ia guztiak berriak», zehaztu du Goñik. Alegia, ez dutela Masmovil edo Dominionen langilerik bideratuko.
Lehiakortasun handiko merkatu batean sartuko direla badakite, hala ere uste dute badagoela non hazi. Ez diote linea edo merkatu bolumen helburu jakinik jarri bere buruari. Masmovilek hainbat akordio ditu enpresa ezberdinen sarea erabiltzeko, eta azpiegitura hori erabiliko du Guukek bere zerbitzua emateko. «Lurraldeko ia etxe guztietan fibra optikoa eskaini ahal izan arte itxaron dugu». Era berean ziurtatu dute Euskal Herritik irtetean ere bezeroak abiadura eta konexio mota bera mantenduko dituela.
Puntu berde bat izango da Guuken ikurra eta enpresaren euskal izaera nabarmendu dute aurkezpenean, «gure enpresek izan dituzten fidagarritasun balore klasikoak mantenduz. Gu ez gara prezio apaleko operadore bat». Hego Euskal Herrian bakarrik lan eginda Euskaltelekin alderaketa egitea normala da, De las Fuentesek, baina, argi utzi du ez doazela «inoren aurka», eta bere ustez, merkatuan gero eta enpresa gehiago egon, are hobeto gizartearentzat: «Gu gehitzeko gaude, eta gure lurraldeetan aberastasuna sortzeko. Futbola jarriko dut adibide, egun nork esango luke txarra dela Lehen Mailan bost talde izatea? Lehia ona da».
Eskaintzari dagokionez, zuntz optikoa eta telefonia mugikorra kontratatuz nahi izanez gero bezeroak bi aukera ditu: 42 eurokoa (7 GB mugikorrean) edo 52 eurokoa (40 GB mugikorrean). Mugagabeko deiak dira eta 600 gbko abiadura. Fibra bakarrik kontratatuz gero, linea 39 eurokoa da. Azkenik, telefonoa bakarrik kontratuz gero 15 euroko (7 GB) eta 29 euroko (20 GB) eskaintzak daude. Biek muga gabeko deiak dituzte. «Prezioak horiek dira, ez ditugu aldatuko. Betirako dira», aurreratu dute. Dendetan, Guuk.eus atarian eta 1490 telefonoa deituz kontratatu daiteke. Zerbitzua abian da dagoeneko eta ez du iraunkortasun-baldintzarik.