Adolfo Morais eta Miguel A. Arozena: «Donostia grabitate zentro bat izango da nahi dugun ekosistema kuantikoa garatzeko»

Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak eta Ikerbasqueko gerenteak bereziki azpimarratu dute Euskal Herriak teknologia kuantikoetan daukan erreferentzialtasuna, baita System Two ordenagailuaren etorrerak eragingo duen jauzia ere.

Miguel A. Arozena, Adolfo Morais eta Maria Concepcion Aranguren Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzako kideak AEBetan. IRUNE LASA
Miguel A. Arozena, Adolfo Morais eta Maria Concepcion Aranguren Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzako kideak AEBetan. IRUNE LASA
Irune Lasa.
New York (Berriemaile berezia)
2025eko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«IBMk ez ditu halako ordenagailuak edonon jartzen, besteak beste ezin dituelako horrelako mila jarri munduan. Nire ustez, inportantea da azpimarratzea badaudela interesa agertzen duten eskualdeak baina haiek [IBMk] aukeratzen dutela tokia», nabarmendu du Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak.

Azkenean, IBM teknologiaren bat garatzen ari bada, interesatzen zaio garapen horretan lagunduko dion norbaitekin jardutea. Sailburuordearen arabera, «oso ondo begiratu zuten zer-nolako ikerketa ekosistema genuen Euskadin, eta gaitasun oso handia ikusi zuten Gipuzkoan eta Bizkaian, erreferentziazko hainbat ikerketa talde eta zentro ari baitira jada kuantikan lanean».

Eta, Moraisen arabera, IBMkoek jakin nahi zuten tokiko industriaren eta teknologia kuantikoen uztarketa nolakoa izan zitekeen ere. «Hori zen baldintzetako beste bat: begiratu zuten ea bageneukan ahalmenik horren inguruko industria hartzeko, harremana izateko industriarekin».

Energian, automozioan, kimikan...

Ordenagailua Euskal Herrira ekarriko dutenez gero, zein dira teknologia kuantikoan eta konputazio kuantikoarekin aritu daitezkeen tokiko enpresak? Zein arlotakoak izango dira? Energia, garraioa eta automozioa aipatu ditu Moraisek, uste baitu ordenagailu kuantikoak optimizaziorako izugarrizko abantailak ekar ditzakeela arlo horietarako, gaur egungo konputazio klasikoarekin, hau da, ordenagailu konbentzionalekin lortu ezinezkoak.

Optimizazioa zer den azaldu du sailburuordeak: «Arazo bat konpontzea agertokirik egokiena topatzea da, eta, gainera, bizkor topatzea, zeren baliteke denbora oso gutxi izatea problema edo ariketa horren erantzuna lortzeko».

Adibideak ere jarri ditu: «Energiaren banaketan, adibidez, kontsumoa nola heltzen den etxeetara... Hor itzelezko kalkuluak behar dira, eta erantzun azkar bat. Garraio arazoak ere hor daude: nola optimizatu hiri bateko garraio publiko osoa, autobusak, trenak, trafikoarekin, eguraldi jakin batekin...».

Kudeaketa horiek egin daitezke gaur egun, baina denbora behar izaten da, batzuetan gehiegi, arazoari irtenbide egokiena emateko. Espero da konputazio kuantikoak modua emango duela irtenbide egokia bizkor topatzeko, kalkulu ahalmen handia eta azkarra duenez gero.

Ikerbasque IBM
Ikerbasqueren eraikin berria, Donostian; han egongo da System Two ordenagailua. IRUNE LASA

Kimika kuantikoari lotuta dago tokiko industriarentzat —kimika sektorearentzat, botika konpainientzat— interesgarri izan daitezkeen aplikazioetako beste bat. «Azkenean, mekanika kuantikoaz ari gara eta», esplikatu du Moraisek. «Konputazio kuantikoak harreman oso estua du kimikarekin. Eta, orduan, oso naturala da kimikako arazoak ordenagailu kuantiko batean ebaztea, hizkuntza bera hitz egiten baitute, azken batean».

Ikerkuntza eta hezkuntza

Miguel A. Arozena Ikerbasqueko gerenteak azaldu du espero izatekoa dela Euskal Herrian teknologia kuantikoen inguruko jakintza handitzea: «Etorkizunean badaukagu asmoa eskolekin eta oraindik unibertsitatera sartu ez diren ikasleekin lehenengo murgilketa hori egiteko mundu kuantikoan. Unibertsitatean ere badaukagu asmoa zerbait egiteko: graduren bat edo graduondokoren bat...».

Finean, ordenagailu kuantikoak nolabaiteko iman bihurtuko direla uste du Arozenak. «Zalantzarik gabe, halako ordenagailu bat edukita, Donostia grabitate zentro bat izango da nahi dugun ekosistema kuantikoa garatzeko».

«Zer emango dio gure ekosistemari ordenagailu kuantikoaren moduko azpiegitura zientifiko batek? Bultzada handia. Baina ez dezagun ahatz zer-nolako bidea egin dugun»

ADOLFO MORAIS Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuordea

Ordenagailurik gabe ere, Euskal Herria lasterketa horretan zegoen jada 2000. urtetik gutxi gorabehera, ikerketa eta zentro oso aurreratuak baitzeuzkan, Moraisek gogoratu duenez. «Zer emango dio gure ekosistemari ordenagailu kuantikoaren moduko azpiegitura zientifiko batek? Bultzada handia. Baina ez dezagun ahatz zer-nolako bidea egin dugun».

Sailburuordeak uste du bultzada hori ez dela geldotuko. «Ordenagailua dela eta, beste fase bat hasiko da. Ordenagailu fisikoa etxean izanik, aukera eman ahal izango da gure ikerketa guztietan konputazio kuantiko erabiltzeko: ez bakarrik konputaziorako; beste diziplina askotan ere aukera izango dute ordenagailu horren ahalmena erabiltzeko, eta horrek leherketa bat ekarriko du, ez bakarrik 2025. urtean: betirako izango da.

Konputagailu kuantikoak eta superkonputagailu klasikoak elkarlanean jartzea ere aurreikusia dago Basque Quantumen bide orrian, eta gaur egun DIPCn dagoen superordenagailuak tokia prest izango du Ikerbasqueren eraikin berri horretan.

Baita finantzak ere

Beste jauzi bat gertatuko da akatsekiko tolerantzia izango duen konputazio kuantikoa iristen denean. Horri begira daude bankuak, besteak beste, batez ere Bizkaian. Izan ere, Moraisek azaldu duenez, fase horretan hainbestekoa izango da ordenagailu kuantikoen ahalmena, ezen abantaila kuantikoa izango dute, eta besteak beste, gai izango dira klabe guztiak hausteko.

«Beste agertoki bat izango da, agertoki postkuantikoa, eta hor oso inportantea izango da kokatuta egotea. Gu horretan ari gara lanean bankuekin, eta haiek beren ikerketetarako ere erabili ahal izango dute ordenagailua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.