Halogenoen argia, itzaltzear

Badira urte batzuk halogenozko bonbillek lehen zuten nagusitasuna galdu dutela. EBk galarazi egin ditu, teknologia eraginkor baten eta kutsadura gutxitzearen alde.

Halogenozko bi bonbilla, artxiboko irudi batean. CHEMA MOYA / EFE.
2016ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gaurtik aurrera debekatu egin du EBk halogenozko produktuak fabrikatzea, baita halogenozko fokuak salerostea ere. Hainbat etxe edo lokal argitu dituen produktuak eman du eman beharrekoa. Izan ere, LED diodo argi-igorle edo kontsumo txikiko bonbillen antzeko produktu berriek XX. mendean sortutako argiztatzeko halogenoak ere ordezkatu dituzte. Oraingoz, batez ere dendetan erabiltzen diren halogenozko fokuak debekatu ditu Bruselak, baina etxeetan erabiltzen diren halogenozko bonbillak 2018ra arte egongo dira merkatuan. Gaur-gaurkoz, halogenoek argiztapen merkatuko kuotaren %10 besterik ez dute hartzen.

Europako Batasunak hartu du halogenozko bonbillak behin betiko debekatzeko erabakia. Gaurtik aurrera geratuko dira galarazita, eta teknologia eraginkorragoaren eta kutsadura murriztearen aldeko apustua egin dute. Hala ere, halogenoak merkatutik kanpo uzteak ez ditu asko kezkatu sektoreko eragileak. Izan ere, gutxien saltzen direnak dira mota horretako bonbillak. Halogenoakekoiztea debekatu arren, 2018ra arte stockean dauden produktuak saltzeko aukera izango dute saltzaileek.

ZER DIRA HALOGENOAK?



Errendimendu handiko produktuak dira, eta kolore zuriko argi bizia eskaintzen dute. 1959an sortu zen halogeno bonbilla, eta halakoak fabrikatzeak gastu handiak eragiten ditu. Argi iturri horrek 2.000 eta 4.000 ordu arteko iraupena du, gutxi gorabehera. Hala ere, azken urteetan nabarmen egin du behera halogenoaren erabilerak, eta, besteak beste, eragiten dituen gastuak direla eta, Europako Batzordeak galaraztea erabaki du.

NOIZTIK AURRERA EZINGO DIRA ERABILI HALOGENOAK?



Gaur jarri da indarrean legea, baina, oraingoz, fabrikatzea bakarrik galarazi dute. Saltzaileek aukera izango dute stockean geratzen diren produktuak saltzeko. Izan ere, 2018. urtean debekatuko dute, behin betiko, halogenoaksalerostea. Beraz, ekoitzitakoa saltzeko bi urte besterik ez du utziko EBk. Halogenoen lehiakide izandako goritasunezko bonbillak 2012an debekatu zituzten. Goritasunezko bonbillak «zaharkituta» daudela ebatzi zuen EBk, eta kontsumitzen zuen energiatik %5 baino ez zuela argi bihurtzen. Azken finean, oso antzekoak izan dira bi produktu horiek merkatutik at geratzearen arrazoiak.

ZERGATIK DEBEKATU DITUZTE?



Halogenozko produktuek eskaintzen duten zerbitzuaren eraginkortasunean dago debekuaren muina. Halako bonbillen zerbitzua kaskarragoa dela azpimarratu du Europako Batzordeak. Energia gehiago kontsumitzeaz gain, ez dute ematen beste bonbillek eskaintzen duten zerbitzurik. Denbora gutxiagoz argiztatzen dute halogenozko bonbillek, eta elektrizitate gehiago kontsumitzen dute. LED motako bonbillek, berriz, zerbitzu hobeagoa eskaintzen dute. Hala nola kalitatean, energiaren kontsumoan eta bonbillak eskaintzen duen zerbitzuaren iraupenean.

HALOGENOZKO PRODUKTU GUZTIAK GALARAZIKO DIRA?



Halogenozko teknologiak argiztapen sektoreko produktu asko ditu. Elkarren artean, berriz, ezaugarrien, erabileraren eta eskaintzaren arabera bereizten dira. Nahiz eta gaurtik halogenozko produktu gehienak debekatu, kaltetuenak halogenozko fokuak izango dira. Halogenozko bonbillen merkatua, berriz, 2018raino luzatzea erabaki du Europako Batzordeak horiek ordezkatzeko produktu egokirik ez dagoela justifikatuz. Beraz, dendetako halogenozko fokuak erabiltzea debekatu du EBk, eta etxeetakoak, berriz, 2018ra arte erabiliko ahal izango dira. Horrez gainera, hozkailuetarako erabiltzen diren argiztapen produktuek merkatuan jarraituko dute 2018ra arte, halakoak ordezkatzeko ez litzakeelako errentagarria beste produktu bat erabiltzea.

ZEINTZUK DIRA LEGEA INDARREAN JARTZEAREN ONURAK?



Halogenoen erabiltzaileen gastua murriztea izango da lehen onura garbia. Izan ere, EBren arabera, erabiltzaile bakoitzak belaunaldi berriko bonbillak erabiltzean, 115 euro gutxiago gastatuko du argiztapenean. Bestalde, nazioartean elektrizitatearen kontsumoak nabarmen jaitsiko dela esan du Bruselak, eta Portugalgo elektrizitate kontsumoaren adibidea jarri du, han nabarmen jaitsiko delako. Horrez gainera, halogenoak debekatuz bestelako bonbilleketorkizun oparoagoa izatea espero du Bruselak. Izan ere, energia kontsumoak eta kutsadurak behera egingo dute, eta hori onuragarria izango da sektorearentzat.

ETA KALTEAK?



Kalteak ere izango ditu halogenozko produktuak debekatuko dituen legea indarren jartzeak. Langabezia da horietako bat. Europako Batasuneko langabezia arazoak areagotuko ditu legeak. Guztira, 6.800 lanpostu galduko direla uste du Bruselak. Hala ere, horiek 2018rako beste egiteko batzuk izatea espero du Europako Batzordeak. Bestalde, halogenoek eskaintzen duten argiaren kalitatea ere galdu egingo da. LED edo kontsumo txikiko bonbillek ez baitute eskaintzen halogenozkoek eskaintzen duten argi zuri eta bizia .

NOLA ERAGINGO DU SEKTOREAN?



Argiztapen produktu hori bertan behera uzteak ez die kezka handirik sortu fabrikatzaileei; badirudi halogenoak desagertzeak ez duela eragin handirik izango sektorean. Nahiz eta Europako Batzordeak 6.800 lanpostu galduko direla kalkulatu, halogenozko bonbillek argiztapen merkatuaren %10 bakarrik hartzen dute. Aldiz, LED bonbillek izugarrizko arrakasta izan dute azken urteotan. Izan ere, 2014an, merkatuko kuotaren %38 zuten beren esku, eta, 2015ean, %51. Baina horiek ere ez dute dena ona: erosteko garaian, garestiagoak dira LED bonbillak, esaterako.

ETA ETORKIZUNEAN, ZER?



Azkeneko hamar urtean, LED eta kontsumo txikiko bonbillek nagusitasuna nabarmen izan dute. Horiek, hain zuzen, lehenagotik merkatuan zeuden produktuei itzala ere egin izan dite. Eskaintzen duten zerbitzua eta horretarako kontsumitzen duten energia aintzat hartuz, beste produktuak baina errentagarriagoak direlako, batik bat. Horregatik, datozen urteetan, merkatu kuota handituko dute LED edo kontsumo txikiko bonbillek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.