Araban ustelkeriagatik inputatuak, Garzonen aldekoak nahiz euroan fedea dutenak, hamaika, «ai ama!»-ka jardun zuten atzo, 19 hilabeteko danbateko latzenean. Susmoak baieztatu ahala, zalantza giroak ihesean jarri ditu txerritxo ehiztariak. Ustezko batzuk gorabehera, zurrumurru interesatuak ere badira: eurogunearen batasunaz, berbarako. Dolarraz edo, Europako zorren artean, Alemaniakoaz fio dira gehienak. Behin betiko epairik ez dago, ordea. Behin-behinekoak, %6,64 galtzen laga zuen Ibex-35. Ezin harritu, Santander nahiz Popularrek %8na pasa, edo BBVAk %7,58 galduta. Espainiako epaileen ahobatekotasun susmagarri berberaz, gorrira kondenatuak izan ziren Ibex-eko 35 tropel kideak, nahiz astea hasi baino gorago amaitu. Ai ama! Bilbao-2000ren (-%6,36) danbatekora iritsi gabe, CAC-40 (-%4,59) berak ere handia hartu zuen, Eurostoxx-50ak (-%4,71) lez. Euroa 1,24tik behera eta atzerriko irabaziek eurotan dirutza balioko dute.
Eurostoxx 50. Europako 50 enpresa handiren indizea da Eurostoxx-50. Bere kide guzti guztiek galerak izan zituzten atzo, salbuespenik gabe. Frantziako Axa (-%7,55) nahiz Credit Agricole (-%6,43); Alemaniako Siemens (-%5,06) nahiz SAP (-%1,46); Italiako Telecom (-%5,1) nahiz Unicredito (-%6,32); Espainiako Edurnezuri (-%5,53) nahiz Santander (-%8,98); edo Euskal Herrian egoitza duten Iberdrola (-%6,69) nahiz BBVAk (-%7,58) kolpe galanta jaso zuten. Errezeloa euroarekiko eta eurogunearekiko baitute, batik bat atzerritarrek eta, bereziki, AEBetan.
Hamaika «ai ama!»-ka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu