Hamaika urtean izandako hiruhileko onena amaitu zuen atzo Ibex-35 (-%0,5) indizeak, nahiz eta azken urtean %19 pasako galerak pilatu. Hamaika azalpen zerrenda eta beste horrenbeste arrazoizko ilegalizazio edo ezeztapen idatz litezke; azken seihilekoan garaipen zeinua ei den V baten itxurako bilakaera izan du, %6,43 irabazteraino. Zergatik? Gainerreakzioa zein norabidetan eman den ikusteko hamaika aukera izango ditugu hurrengo asteotan: zehazki, 35 aukera; bana, Ibex-35eko tropeleko enpresa bakoitzaren seihileko mozkinen aurkezpeneko. Indizeko akzio nagusiek Ameriketan inbertsio handiak izateak, AEBetatik hegoaldera leunago izaten ari omen den krisian lagunduko zuen: Edurnezuri (-%0,8), berbarako, 16 eurotik gora dabil; Santanderren (-%0,47) akzioa zortzi eurotik gora ere ikusgarri joan da. Brasil eta Erresuma Batuan pagotxa ikusi nahi izan dute txerritxo ehiztariek; tiro egin nahia zer den. 2.278 milioiren salerosketa.
Kimu berdeak non ote daude? AEBetako kontsumitzaile konfiantza behera ekainan; berankortasuna eta ordaintzen ez diren hipotekak, gora; AIGk (-%15) danbatekoa, galera gehigarriak izan litzakelako; Kataluniako aurrezki kutxa txikiak, premiaz bategitekotan eta Moody´s bankuen kapital eskasia azpimarratuz. Altzairuaren prezioa behera, Schnitzer Steel eta Arcelor (-%2,5) lekuko; KBC Belgikako bankuak Gobernuaren 3.500 milioiren laguntza jaso behar; eta Espainian etxebizitza berriak %7,6 merkatzen. Kimu berde baino, kimu kakiak ote diren...
Hamaika ikusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu