Azken bi urteotan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar familiatatik ia lauk nozitu dituzte krisiaren ondorioak, kideren bat lanik gabe geratu delako edo enpresak soldata izoztu edo jaitsi diolako. Hamar herritarretik zazpik baino gehiagok uste dute ekonomiaren egoera txarra edo oso txarra dela, eta erdiek gauza bera pentsatzen dute gizarte egoeraren inguruan ere.
Atzo aurkeztu zituen azken Soziometroaren emaitzak Victor Urrutiak, Eusko Jaurlaritzaren Azterketa Soziologikoko kabineteburuak. Maiatzaren 29tik ekainren 2ra egin zituzten inkestak, 2.254 guztira, telefonoz zein etxez etxe.
Galdekatutako hamar herritarretik ia lauk erantzun dute familiako kideren bati soldata edo pentsioa izoztu diotela azken bi urteetan; beste horrenbestek, familiako kideren bat lanik gabe gelditu dela; eta heren batek, soldata jaitsi dietela. Galdekatutakoen erdien baino gehiagoren kezka nagusia lana da; heren batena, bere egoera ekonomikoa, eta hamarretik batena, osasuna eta osasunarekin lotutakoak.
Ekonomiaren, gizartearen eta politikaren inguruan herritarrek duten pertzepzioak okerrera egin du iaztik. Politikarietako inork ez du azterketa gainditu. Balioespen onena Iñigo Urkulluk eta Aintzane Eznenarrok lortu dute.
Hamar familiatik lauk jasan dituzte murrizketen eta kaleratzeen ondorioak
EAEn, herritarren erdien kezka nagusia lana da; hirutik batena, ekonomia, eta hamarretik batena, osasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu