Volkswagenen eskandaluak hamar urte bete ditu

2015eko irailean jakin zen autogile alemaniarrak sei urte zeramatzala emisioen probak manipulatzen. Orain arte 30.000 milioi euro jarri ditu VWek kalte ordainak eta isunak ordaintzeko, baina oraindik ere ezartzen dizkiote halako zigorrak.

Volkswagenen Wolfsburgeko egoitza nagusia, artxiboko irudi batean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Volkswagenen Wolfsburgeko egoitza nagusia, artxiboko irudi batean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
2025eko irailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2015eko irailean, duela hamar urte, entzun zen lehen aldiz ingelesezko izen hau: dieselgate. Alarma guztiak piztu ziren AEBek eginiko ikerketaren berri ematean; emisioen iruzurra erraldoia zen, eta Europako autogintza astindu zuen. Ordutik, autogintza sektoreak norabidea aldatu behar izan du, eta kontrolak zorroztu egin dira.

Zer da dieselgate?

Eskandalua 2015ean piztu zen, baina lehenagotik dator. Duela hamar urte baieztatu zen Volkswagen taldeak milioika auto merkaturatu zituela, emisioen probak manipulatu ostean. Hain zuzen, diesel motordun autoak ziren. Motor horiei legez kanpoko software bat instalatu zion Volkswagenek, gutxiago kutsatzen zutela markatzeko. Softwareak hauteman egiten zuen autoa noiz zegoen emisioen proban, eta faltsutu egiten zituen emaitzak. Autoek benetan kutsatzen zutena baino berrogei aldiz gutxiago markatzen zuten proba batzuetan.

Auto kutsakor horiek 2009tik 2015era saldu ziren. Volkswagen taldeko marka guztietakoak izan ziren, hau da, VW, Audi, Porsche, Skoda eta Seat markakoak. Sei urte horietan, 11 milioi auto manipulatu saldu zituela onartu zuen Alemaniako ekoizleak. Hau da, errepideetan 11 milioi ibilgailu ziren emisioei izkin egiteko softwarea instalatuta zutenak, eta, beraz, legez kanpokoak.

Inor ez zen ohartzen, esaterako, nitrogeno oxidoaz (NOx), zeinak eragin zuzena duen arnas aparatuko zein bihotzeko gaixotasunetan. Garai hartan, 180 mg NOx isuri zezakeen auto batek kilometroko, eta Volkswagenen EA 189 motor horiek berrogei aldiz gehiagoko isuria zuten, kasu muturrekoenetan. Gaur egun, 80 mg/km onartzen ditu legeak.

AUTOA - IHES-HODIA
Auto bateko ihes hodi bat, artxiboko irudi batean. NEIL HALL / EFE

Nola deskubritu zuten?

Iruzurra Alemaniako multinazionalak egin bazuen ere, AEBetako Ingurumenaren Babeserako Agentziak (EPA) eta Kaliforniako airearen errekurtsoen batzordeak eman zuten haren berri, VW motorrak manipulatzen hasi eta sei urtera. Baina zergatik piztu zituzten AEBek alarmak? Zer sumatu zuten azterketari ekiteko? Prozesua ez zen izan dirudien bezain motza; 2006. urtean hasi zen zehazki.

2006. Volkswagenek plan bat jarri zuen martxan AEBetan zuen merkatu kuota txikia handitzeko eta horrela munduko autogintza enpresarik handiena bilakatzeko, Toyotari aurrea hartuta. Horretarako, kontsumo apaleko diesel motorrak ekoiztea erabaki zuen. VW taldeko ingeniariak konturatu ziren garapen berriko diesel motorrek ezinezkoa zutela AEBetako ingurumen araudia betetzea. Horrela, Wolfsburgeko egoitza nagusian (Alemania) eginiko bilera polemiko batean, exekutiboek software ilegala instalatzea erabaki zuten.

2008. Volkswagen taldeak marketin kanpaina jarri zuen martxan AEBetan, diesel garbia lelopean.

2013. Mendebaldeko Virginiako Unibertsitateak 70.000 dolarreko laguntza jaso zuen Garraio Garbiaren Nazioarteko Batzordearen partetik, egiaztatzeko ea diesel autoen emisioak handiagoak ote ziren errepidean laborategian baino —susmoa zen motor horiek ezin zutela errepidean laborategian bezain gutxi isuri—. Bi auto ikertu zituzten, eta frogatu zuten biek baimendutakoa baino askoz gehiago kutsatzen zutela. Unibertsitatearen argitalpenaren ostean, 2014an, CARB Kaliforniako airearen errekurtsoen batzordeak ikerketa zabaldu zuen.

2015. Volkswagenek adierazi zuen arazoa softwarean zegoela, eta hura eguneratuta emisioak baimendutakoak izango zirela. Hala ere, hobekuntzak txikiak izan ziren, eta, beraz, CARBek sakonago ikertzea erabaki zuen. Haren emaitzek egiaztatu zuten iruzurra egon bazegoela, eta VWek aitortu egin behar izan zien CARBi berari eta AEBetako Ingurumenaren Babeserako Agentziari (EPA). Eskandalua piztu zen, eta Martin Winterkorn Volkswagen taldeko presidenteak dimisioa eman zuen, nahiz eta esan zuen software ilegala ingeniari iruzurgile gutxi batzuen obra izan zela.

Zer ondorio izan zituen?

Hainbat aldetatik etorri zitzaizkion isunak Volkswageni, eta oraindik ere ezartzen dizkiote. Guztira, 30.000 milioi euroren faktura eragin dio auziak autogileari. Horietatik bi heren iritsi zaizkio AEBetatik. Lehenik, 16.000 milioi euroko aurrekontua onartu zuten AEBetako kontsumitzaileen erreguei ekiteko. Gainera, Washingtongo gobernuak 4.300 milioi euroko isuna ere jarri zion. Beraz, 21.000 milioi euro baino gehiago jarri zituen Volkswagenek AEBetako eskandalua ordaintzeko.

Europako Batasunean bestelakoa izan zen erantzuna, nahiz eta 2009tik 2015era VWek 8,5 milioi auto manipulatu saldu zituen kontinentean. Batzordeak isurien mugak ezartzen ditu, baina gero herrialde bakoitzak betearazi behar ditu horiek, eta, haietako askotan autogintzak garrantzi handia duenez, ez dira hain zorrotzak izan. Horregatik, kontsumitzaileak izan dira haien eskubideengatik epaitegietan borrokatu dutenak.

Alemanian duela bost urte lortu zuten kaltetuek kalte ordainak jasotzea, baina beste herrialde askotan eskandaluak ez du ondoriorik izan oraindik.

Osasun ondorioak ere badira. CREA Energia eta Aire Garbia Ikertzeko Zentroak kalkulatu du 2009tik 2040ra arte dieselgate-ak eta berekin dakartzan NOx emisioek 205.000 hildako eragingo dituela EBn eta Erresuma Batuan, eta haurretan beste 152.000 asma kasu ere eragingo dituela.

Norbait zigortu al dute?

Bai. Joan den maiatzean, Braunschweigeko auzitegiak (Alemania) taldeko lau burukide kondenatu zituen dieselgate-n izan zuten parte hartzea dela eta. Zigorrik handiena Jens H. diesel motorren garapenerako buru izandakoak jaso zuen, lau urte eta erdiko kartzela zigorra. Zigor txikiagoak jaso zituzten garapen eta elektronika ataletako beste hiru arduradunek. 

martin winterkorn
Martin Winterkorn VW taldeko buru ohia bere aurkako epaiketan, iaz Braunschweigen. MARCUS PRELL / EFE

Akusatuen aulkian eseri da eskandaluaren garaian VW taldeko buru zena, Martin Winterkorn. Baina aurtengo uztailean haren aurkako auzibidea itxi zuen auzitegiak, Winterkornen osasun ahula dela eta —78 urte ditu—. 

Zer eragin du gaur egun?

Gaur egun ere zeresan handia ematen du dieselgate auziak. Oraindik Europako zenbait herrialderen sententzien zain dago Volkswagen, eta oraindik ere ezartzen dizkiote isunak eta kalte ordainak. Azken egunetan, Europako zenbait herrialdetan kalte ordainak eta isunak onartu dituzte; azkena Polonian izan da, eta 17,6 milioi euro ordaindu beharko ditu Volkswagenek herrialde horretan.

Gainera, taldearen iruzurrak nazioarteko autogintza eraldatu zuen, eta bultzada bat eman zion sektorearen elektrifikazioari, hori baita biderik zuzenena gas kutsakorren emisioak txikitzeko eta agintarien mugak betetzeko. VWek berak inbertsio oso handiak egin ditu bere autoen eskaintza elektrifikatzeko, nahiz eta oraintsu arte kontsumitzaileek ez duten maila berean erantzun. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.