Handitu bai, handitu ez

Erreskate funtseko diru kopurua handitzea eta diruarekin herrialdeen zorra erostea aztertzen ari dira euroguneko ordezkariakAlemaniak baldintzak ezarri nahi dizkie laguntza eskatzen duten herrialdeei

jakes goikoetxea
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Europako Batasunari asko kostatzen zaio akordioak lortzea eta erabakiak hartzea. Bai behintzat krisiari aurre egiteko. Bai, zehazki, euroguneko herrialdeei laguntzeko erreskate funtsari buruzkoak. Handitu bai, handitu ez, malgutu bai, malgutu ez. Funtsaren neurriari eta erabilerari buruzko zalantzak izan dira ia-ia sortu zenetik, iazko maiatzean.

Atzo ere, beste askotan bezala, zalantza eta adierazpen kontrajarrien giroan bildu ziren euroguneko ekonomia eta finantza ministroak, Bruselan. Erreskate funtsa sendotzeko neurriei buruz hitz egin zuten. Lerro hauek idazteko orduan, bilduta jarraitzen zuten. Iragan astean Portugalek eta Espainiak zor merkatuetako lehen azterketa gainditu zuten —Portugalek ozta-ozta—, eta hurrengo azterketetarako bermerik gabe.

Erreskate funtsa aldatzeko bi proposamen nagusi dituzte. Alde batetik, diru kopurua handitzea; beste alde batetik, dirua herrialdeen zorra erosteko eta herrialdeei epe laburreko maileguak emateko ere erabiltzea.

Erreskate funtsari buruzko hamaikagarren eztabaida Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak sortu zuen, iragan astean. Presa du erreskate funtsean aldaketak egiteko. Europako gobernuburuek aldaketak «beranduenez» otsailaren 4ko bileran onartzea nahi du, baina Alemaniak eta Frantziak ez daukate presarik.

Atzoko bileraren aurretik erabat argitzeke zegoen Alemaniak eta Frantziak izango zuten jarrera, funtsa aldatzeko aukeren alde eta kontra hitz egin baitute aldi berean, Wolfgang Schaüble Alemaniako Finantza ministroak batez ere.

Espainiaren balizko erreskate premiak sortu ditu erreskate funtseko diru kopuruari buruzko zalantzak. Espainia euroguneko laugarren ekonomiarik handiena da, eta funtsa ez litzateke nahikoa izango Espainiari laguntzeko, porrot egingo balu. Europako Batasuneko agintariek esan dute edozer egiteko prest daudela herrialdeei laguntzeko, baina praktikan gehiago izan dira hitzak ekintzak baino.

Didier Reynders Belgikako Ekonomia ministroak onartu du egungo erreskate funtsa bikoiztea aztertzen ari direla, 750.000 milioi eurotik 1,5 bilioi eurora.

250.000 erabilgarri

Erreskate funtsa 750.000 milioi eurokoa da. Horietatik 440.000 milioi euroguneko herrialdeek jarri behar dituzte. Gainerakoa Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Europako Batzordeak. Hala ere, euroguneko herrialdeei dagokien zatitik 250.000 milioi euro inguru bakarrik erabil ditzakete. Zergatik? Erreskateren bat behar izanez gero, funtsaren izenean zorra jaulkitzen dute dirua lortzeko. Funtsaren diruaren zati bat gordeta eduki behar dute, merkatuei zorra bueltatuko dutela ziurtatzeko eta zorraren kalifikazio gorenari (AAA) eusteko.

Funtsak datorren astean egingo du lehen zor jaulkipena, 3.000-5.000 milioi eurokoa, Irlandaren erreskatea ordaintzeko.

Alemania funtsa handitzearen kontra dago. Tarteko irtenbide bat badago, teorian funtsa handitzen ez duena, baina praktikan bai: euroguneko herrialdeei dagozkien 440.000 milioi euroak, guztiak, erabilgarriak izatea. Horretarako diru gehiago beharko lukete zor merkatuetan kalifikazioari eusteko.

Euroguneko finantza ministroek mahai gainean duten bigarren proposamena funtsaren bidez arazoak dituzten herrialdeen zorra erostea da, zorraren bigarren mailako merkatuan. Gaur egun Europako Banku Zentrala ari da lan hori egiten. Portugalen zor asko erosi du asteotan.

Bada beste aukera bat ere: merkatuetan dirua lortzeko zailtasunak dituzten herrialdeei epe laburrerako maileguak ematea.

Alemaniak, zerbait onartzekotan, baldintza batekin nahi du: laguntza jasotzen duten herrialdeek defizita murrizteko ezarritako helburuak betetzea. Alemania da diru gehien jartzen duena eta beldur da, Europa hegoaldeko herrialdeei badaezpada lastaira jarriz gero, lasaitu egingo direla defizita murrizteko borrokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.