Hansoneko kaleratzeen arrazoiak salatu dituzte

Kaleratutako 21 langileek uste dute enpresak nahita eskaini zizkiela baldintza onartezinak

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
50 egun bete dira Hanson Hispania porlan kamioien enpresak bertan lan egiten zuten 21 behargin autonomoak kaleratu zituenetik. Enpresako arduradunek bere garaian adierazi zutenez, hornitzaile aldaketa bat egin zuten, «langileek ez zutelako onartu merkatuaren egoera berriari egokitutako lan baldintzetan lan egitea». Baina egunak joan eta egunak etorri argudio horiek indarra galdu dutela uste du Jon Mikel Avellanal Egas sindikatuko kideak.

Enpresak Zaramillon (Gueñes) eta Asuan (Erandio, Bizkaia) dauzkan egoitzen parean protestak egiten ari dira Hanson Hispaniako langile ohiak, kaleratu zituztenetik. Langileek salatu dutenez, zazpi «erasolarik» protestak bertan behera utz zitzaten eskatu zieten orain dela hilabete. «Utzi ezean hiltzeko mehatxuak egin zizkiguten», Avellanalen hitzetan. Mehatxu horiek egiten zizkien bitartean, burdinazko ukabilak eta borra luzagarriak zituzten eskuetan, langileek salatu dutenez. «Askatasun sindikalaren aurkako eraso bat da hau, eta hemendik aurrera gerta litekeen edozer gauza enpresaren ardura izango da», Avellanalen ustez.

Hori gutxi ez, eta enpresak hamabost detektibe pribatu kontratatu dituela ere salatu dute langileek. Euren kalkuluen arabera, 50 egun hauetan denetara 200.000 euro inguru gastatu ditu enpresak zerbitzu horiek kontratatuta. «Datu horiekin, merkatuko arrazoi ekonomikoek zilegitasun guztia galtzen dute», langileen ustez.

Duela hogei urte ingurutik ari dira Hanson Hispaniako langileak lan baldintzak enpresarekin negoziatzen, eta urtero baldintza berdinak zehazten zituzten, KPIaren igoera eta gasolioarena kontuan hartuz. Duela urtebete, ordea, Avellanalen hitzetan, autonomo izaerari uko egiten zion kontratu bat eskaini zieten, «gasolioaren klausula aplikatzea ere ukatuz». Horretaz gain, enpresak bere gain hartu beharko lituzkeen hainbat gastu euren eskuetan uzten zituen zuzendaritzak. Garraio bakoitzeko prezioak %40 merkatzea proposatu zien; gasolioaren prezioa, berriz, %18 garestitu zen iaz.

Enpresak kontratu mota hori nahita eskaini zietela uste dute langileek, onar ez zezaten, «balizko negoziazio bat egon zelako itxura eman dezaten», Avellanalen hitzetan. «Azpijokoa» duela bi urte hasi zela sumatzen dute langileek. Izan ere, porlan kamioiak alde batetik bestera ia hutsik bidaltzen zituzten, «metro kuboa garestituz». Era horretan, enpresak langileen lana garestia zelako itxura eman nahi zuela uste dute, «kaleratzeak arrazoitu ahal izateko».

Matrikularik gabe lanean

Arazoak ez dira berriak. 2005ean, Hansoneko zuzendaritzako kide batek Palentziako (Espainia) porlan kamioien Freetrans enpresa erosi zuen —egun Astorkitrans 2010 izena du—, baina bertako kamioiek «ez zituzten betetzen» lan egin ahal izateko baldintzak. Ikuskatzaileak enpresara joaten ziren bakoitzean kamioi horiek ezkutatu egiten zituztela diote Hansonek kaleratutako langileek.

Freetransek (Astorkitrans 2010) azken urteetan Hansonentzat lan egin izan du, baina alokairuan eta «matrikularik gabe», langileek salatu dutenez. Orain, kaleratutako 21 langileen ordez, Astorkitrans 2010eko bost kamioik lan egiten dute Hansonentzat.

Hanson Hispaniako langileek, hori guztia salatu ondoren, erakundeei dei berezia egin diete: arazoan esku har dezatela, eta ez dezatela Hanson Hispania kontratatu euren obretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.