Behi haragi xehatua 16,75 euroan kiloa, txahal masailak eta xerrak hemeretzi euro inguru kiloa, eta behi txuleta 27 euroan kiloa. Prezioak horiek azaltzen dira supermerkatu kate baten webgunean, eta beste batzuk izango dituzte beste kateetan eta harategi arruntetan. Baina bada guztiek duten zerbait: azken hilabeteetan euro batzuk igo da behikiaren prezioa. KPI kontsumo prezioen indizeak zenbaki batean laburbildu du garestitzea: %17,4.
Behikiaren prezioaren goranzko joera kontu berria ez izan arren, nabarmen areagotu da aurten. Urtarrileko KPIak %2,3ko igoera erregistratu zuen, eta ia halako bederatzi da orain. Datu horiek baieztatu ditu Aitor Aizpuruak, Arakin haragi banaketa enpresako arduradunak. «Gabonak ezkero, urtarriletik hona, behiaren eta txekorraren haragia garestitu eta garestitu ari da astero-astero, etengabean», onartu du, eta iruditzen zaio martxan jarritako politikak direla arazoaren eragile handienak: «Esango nuke Europako politiken ondorio dela gehienbat».
«Nik nire lagunen artean irakasleak dauzkat, ingeniariak dauzkat, abokatuak dauzkat, baina ganaduzalerik ez. Eta hori ez zen gertatzen duela 50 urte», azaldu du, eta gogoeta bat gaineratu: «Ganadurik ez dago ganaduzalerik ez dagoelako, eta aurrera eramaten ari diren politiken ondorio da hori».
Eta gogoetarako bide ere eman du Aizpuruak: «Ez da kasualitatea izango euskal gobernuak dirua inbertitzea Donostiako ikerketa zentro batean non haragi sintetikoa ekoiztuko den. Diru publikoa horretan sartzen ari dira. Badirudi nahiago dutela txipak egitea eta haragia 3D inprimagailu horietan egitea».
«Ez da kasualitatea izango euskal gobernuak dirua inbertitzea Donostiako ikerketa zentro batean non haragi sintetikoa ekoiztuko den. Diru publikoa horretan sartzen ari dira»
AITOR AIZPURUA Arakin enpresako arduraduna
Behikia ez da Euskal Herrian bakarrik garestitu. Europako Batasunean %28,3 igo da prezioa azken urtean, Europako Batzordeak uztailaren erdialdean ateratako datuen arabera. Iturri horrek berak adierazi du Europako Batasunean %5,2 jaitsi dela haragitarako behien hilketa 2025eko lehen bi hilabeteetan, iazko epe berarekin konparatuta.
Behi kopurua txikitu izana aipatzen da Europan garestitzeko arrazoi nagusi gisa, eta hala gertatu dela baieztatu du ENBA sindikatuko koordinatzaileak, Xabier Iraolak. Esan duenez, orokorrean asko jaitsi da azienda; ganadu gutxiago dago, baina kontsumoa bere horretan mantendu da. Beraz, merkatuaren logikari segituta, prezioak igo egin dira.
Gutxitze hori politika publikoekin lotu du Aizpuruak: «Herbehereetan dirua ematen aritu zaizkie ganaduzaleei, ganadua paretik kentzeko. Espainian, bereziki, txekorrak esportatzen aritu dira, herrialde arabiarretara —Aljeriara eta Marokora, batez ere—, herrialde horiek ordaindu egiten dutelako».
Esportazioak gora eta gora
Txekorrak kanpora bidaltzeak esan nahi du behientzako ordezkorik ez dagoela. «Ukuiluak hustuta daude», esan du Aizpuruak. Arazo berbera hauteman du Iraolak, eta adierazi du horrek presioa izugarri handitzea dakarrela merkatuaren logikan: «Esportazioak asko igo dira, nahiz eta ez garen ohartzen. Kanpoko eskariak gero eta gehiago dira, eta, orduan, hemengo eskaerari eutsi nahi badiozu, izugarrizkoa da presioa. Horrek eragin du prezioen gorakada. Hemengo handizkariek eta enpresek kanpoko esportazioekin ere lehiatu behar dute orain», azaldu du ENBAko ordezkariak.
«Kanpoko eskariak gero eta gehiago dira, eta hemengo eskariari eutsi nahi badiozu, izugarrizkoa da presioa. Horrek eragin du prezioen gorakada. Hemengo maioristek eta enpresek kanpoko esportazioekin ere lehiatu behar dute orain»
XABIER IRAOLA ENBA sindikatuko koordinatzailea
Eurostatek jasotzen duenez, Frantzia eta Alemania dira Europako behiki ekoizlerik handienak. Frantziak EBren ekoizpen guztiaren %22,4 produzitu du 2025eko lehen seihilekoan, eta Alemaniak, %14,6. Baina han ere sumatu dute prezioen gorakada. Iaz baino %44,9 garestiago dago behikia Alemanian, eta %16 garestiago Frantzian, Europako Batzordearen datuen arabera.
Eta gertukoaren faltan, urrutira begiratu behar. «Guk harategietan dugun haragiaren erdia-edo hemengoa da, eta beste erdia, berriz, Espainiatik dator gehiena», zehaztu du Iraolak. Supermerkatuetan eta ostalaritzan, Europako beste lurralde batzuetatik ekarritako produktuak ere eskaintzen dituzte, «batez ere Polonia, Alemania eta inguru horietatik». Produktu merkeagoa izan ohi da.

Iraolak esan du Europatik kanpo apenas ez dela ezer erosten oraingoz, baina Aizpuruak azaldu du kanpoko behikia ere badagoela: «Gero eta haragi gehiago ikusten da merkatuan Hego Amerikatik ekarria».
Euskal Herrian produkzioa murritza da, eta ez du parte hartzen nazioarteko merkatuetan. «Txekorrak bai, baina behiak ez dira gizentzen Euskal Herrian. Bere ekoizpen bizitzaren amaierara iritsi den behiaren haragia da merkaturatzen dena, jada errentagarria izan ez eta jabeak paretik kenduko duen behiarena».
Lehorteak eta gaixotasunak tarteko
Behiak adarrak dituen moduan, adarrak ditu haragiaren prezioaren gorakadaren zergatiak ere. Patxiku Irisarri Nafarroako EHNEko idazkari nagusiaren arabera, lehorteak pentsua «ikaragarri» garestitu zuen 2022an eta 2023an. «Gastu hori ez zen konpentsatzen haragiaren salmentarekin. Ondorioz, 2022an behi dezente kendu ziren».
«Gastu hori [pentsuaren prezioaren igoera] ez zen konpentsatzen haragiaren salmentarekin. Ondorioz, 2022an behi dezente kendu ziren»
Patxiku IrisarriEHNEko Nafarroako idazkari nagusia
Irisarriren arabera, animalia gutxi saldu behar izate horrek ekarri du orain bueltan abere gutxi izatea, eta, beraz, haragia garestitzea. «Eskasia dago, txahal guti daude, eta horrek ekarri du prezioak igotzea eta linealetan ere prezio hori igotzea».
Gainera, lehorteari gaixotasunak batu zaizkio. Arakin enpresako Aizpuruak esan duenez, mihi urdinaren gaitzarengatik animalia asko sakrifikatu behar izan ziren, eta horrek ere eragina izango zuela uste du.
Prezioen gorakadaren beste kausetako bat da, Irisarriren iritziz, «lehen agian sobera merke zela, ez baitzen betetzen haragiaren kostua». Horregatik dio agian oraingo egoera dela «normaltasuna», eta ikusteko dagoela jendeak zer erosahalmen duen: «Jeneroa ez bada saltzen, prezioak jaitsiz joanen dira. Orain dena saltzen ari da, baina tira».
«Prezio aldetik guk beti aldarrikatu dugu behiaren haragiaren prezioak gure kostua baino handiagoa izan behar duela, eta hori eskatzen dugu», zehaztu du Irisarrik, eta gogoeta bat utzi du ekoizleek jasotako diru laguntzen eta prezioaren arteko harremanaren inguruan: «Nekazariok diru laguntzak jasotzen ditugu, baina horregatik dago gero haragia merkeago merkatuan. Kontsumitzailea ez da ohartzen horretaz».