Erretreten erreforma xedearen aurkako haserrea ez da ahuldu. Milaka herritar bildu ziren Baionako karriketan Sarkozyren xedea gaitzesteko. Sindikatuen arabera, 15.000tik gora pertsona; Poliziaren arabera, 7.500. CFDT, FO, UNSA, FSU, Solidaires, CFTC eta CGT sindikatuek deitu zuten manifestaziora. Ohi bezala, LAB baztertzea deliberatu zuten antolatzaileek. Sindikatu frantsesen gibelean jarri ziren LABeko jarraitzaileak, alderdi politikoetako ordezkarien aitzinean.
Erretreta erreformaren aurka egiten den bigarren manifestazioa izan zen atzokoa. Irailaren 7ko manifestazioan 15.000 lagun zeudela erran zuten sindikatuek eta 8.500 poliziek. Kopuruen gerrak helburu politiko jakina dauka. Herritarrei galdetzen ez zaielarik, karrikan erakusten den haserrea emendatzen edo itotzen ari den neurtu nahi dute. Gobernuak indarrean pasatu eta erreforma egiteko. Sindikatuek erreforma gelditu arte luzatzeko borroka.
Haserrea indartu den edo ito den, horretan datza eztabaida. Alta, LABek eta Oldartu kolektiboak bertze irakurketa bat eman zioten protestari hastapenetik: borroka tresnak eraginkorrak izatea, alegia. FO sindikatuak ere, erretreta erreforma bertan behera gelditu arteko greba orokorra aldarrikatzen du. Manifestazioa deitu duten sindikatuek, ordea, ez dute bide hori hobetsi. Manifestaziora joan ez zen irakasle batek argi adierazi zuen arrangura, erranez grebaren eraginkortasuna frogatu gabe hilabete berean bi eguneko soldata galtzea ezinezkoa dela berarentzat.
FO sindikatua joan zen manifestazioaren buruan. Sindikatuen hitzartzea egin bitartean, kopuruen gorabehera aipatu zuen FOren ordezkariak. «Gobernuaren estrategia argia da, mugimendua ahultzen ari dela erranez, langileak beldurtu nahi ditu». Bi eguneko soldata galtzea anitz dela diotenei ihardetsi zien diru gehiago galduko dutela erreforma bururaino eramaten badu Sarkozyk.
Kopuruen itzulia egiteko bertze erreferentzia bat har daiteke. Euskal herritarren hamarrena Ipar Euskal Herrian bizi da. Beraz, Baionan 10.000 pertsona biltzeak, Bilbon edo Iruñean 100.000 pertsona elkartzearekin erka daiteke. Ikuspegi horrek haserrearen sakona erakusten du, eta kopuruaren garrantzia nabarmendu.
Manifestazioa Baionako Lan Burtsatik abiatu zen. Goizeko hamaiketan burua herriko etxera heldu zen. Hamabiak jota pasatu ziren azken manifestariak bertatik. San Leon itzulgunetik pasatu ondoren manifestazio burua berriz abiatu zen herriko etxerantz eta geldi behar izan ziren manifestazioaren gibelean zeudenekin ez batzeko.
Ezer gutxi aldatu da sindikatuen diskurtsoan irailaren 7an egindako manifestazioaz geroztik. Frantziako Gobernuari indarrean pasatzea leporatzen diote, neholako adostasunik landu gabe. Erreforma xedea bertan behera uztea eskatzen dute. Sindikatuen arabera, hiru milioi manifestari bildu ziren atzo Frantzian.
Lehengo lepotik burua
Frantziako Gobernuaren iritziz, irailaren 7an baino jende gutxiago atera da karrikara, eta, haren iritziz, horrek erakutsiko luke mugimendua itotzen doala eta horietarik batzuk bat egin dutela erretreta erreformaren xedearekin. Errealitate horretan oinarrituz, erretreta adina 60 urtetik 62ra aldatzeko xedea bere horretan atxikiko duela dio gobernuak. Sindikatuak biltzekoak dira. Haien artean gero eta gehiago dira greba iraunkor jarraikiaren aldeko egiten dutenak.
Haserreak ez du erretirorik hartu
Hilabete honetan bigarren aldiz, Baionako karrikak mukuru bete dituzte sindikatuek, erretreten erreforma xedea gaitzesteko. Erretreta xedea bertan behera gelditu arte borrokan segituko dutela diote sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu