Europa krisian. Hollanderen kargu-hartzea

Hasteko, urrun

Defizita murrizteko politikari hazkundea sustatzeko neurriak batzeko mezua eraman du Hollandek AlemaniaraFrantziako presidente berriak eta Merkelek diote Grezia euroaren barruan nahi dutela

Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Distantziarekin hasi dute harremana François Hollandek eta Angela Merkelek. Gorputzen arteko distantziarekin, batetik: elkarri eskua ematen agurtu dute elkar lehen aldiz, Nicolas Sarkozyren eta Merkelen artean ohikoak ziren besarkada eta muxurik gabe. Eta mezuen arteko distantziarekin bestetik. Hollandek «hazkunde eta elkartasuna» bultzatzeko mezua eraman du Alemaniara, eta Merkelek, horiek baztertu gabe, jarraitzen du esaten lehentasuna kontu publikoen txukuntzeak duela. Hurrengo asteotan ikusiko da bien arteko tartea gutxitzen ote den, Europako Batasuna eta bereziki euroaren eremua bere sorreraz geroztiko krisi ekonomiko eta politiko gogorrenean baitago.

Keinuz betetako egunean,esanguratsua izan zen Hollanderen erabakia: Frantziako V, Errepublikako zazpigarren lehendakaria izendatu eta ordu gutxira Berlinera jo zuen, Merkelekin biltzera. Eta esanguratsua ere Paristik atera berritan tximista batek jo ziola bere hegazkinari eta atzera egin behar izan zuela. «Zorte oneko zantzua», Merkelen arabera.

Berlinera abiatu aurretik ere, Hollandek aitortu zuen zama handiko poltsa zeramala, murrizketen aroa arintzea espero duten europarren itxaropenez betetakoa. «Herri asko, eta bereziki Europakoak, begira ditugu, kalte egin dien krisitik ihes egin ahal izateko». Baina Alemaniaren lasaitasunerako, Hollandek «ezinbestekotzat» jo du zor publikoa ere gutxitzea. Frantziaren arazoen artean ere lau nabarmendu zituen: «Zor masiboa, hazkunde ahula, langabezia handia eta lehiarkotasun mugatua».

Bi agintariek ez zuten ezkutatu bien artean desadostasunak egon badirela, nahiz eta Merkelek ziurtatu zuen «plaza publikoan diruditenak baino gutxiago» direla. Gainera, uste du ez zaiela «beldurrik» izan behar. Hollandek, berriz, Alemaniak eta Frantziak «elkarrekin lan egiteko borondatea» dutela esan zuen, «desadostasunak desadostasun».

Ildo horretatik, Hollandek behin eta berriz esan zuen ekonomiaren hazkundea beharrezkoa dela eurogunea zulotik ateratzeko, eta urrats eraginkorrak nahi dituela nabarmendu zuen, «eta ez hitzak soilik». Kanpainan zehar, euroaren eremuan 2020rako defizita praktikoki debekatzen duen Itun Fiskala berriz negoziatu behar dela aldarrikatu du Hollandek, zehazki zer nahi duen gehiegi azaldu gabe. Atzo ere ez zen xehetasunetan sartu.

Merkelen erantzuna ere argia izan da hasieratik: ituna ez da aldatuko, dagoeneko bi herrialdek onartu dutelako eta Irlandak hari buruzko erreferenduma duelako datorren astean. Besterik da zuhurtasun fiskalarekin batera hazkundea bultzatzeko neurriak hartzea. Hollandek nagusiki lau proposatu ditu, hala nola, Europako Inbertsiorako Bankua sendotzea eta azpiegituren eraikuntza finantzatzea, egiturazko funtsen banaketa bizkortzea, finantza eragiketei zerga bat ezartzea eta eurobonuen moduko zorra jaulkitzea azpiegitura proiektu batzuk finantzatzeko.

Greziarentzat mezua

Gauza batean ados azaldu dira Hollande eta Merkel: biek ala biek esan dute Grezia euroaren barruan daudela. «Biok nahi dugu Greziak euroan jarraitzea eta badakigu greziar gehienak bat datozela gurekin», laburtu du Merkelek, eta ziurtatu du greziarrek hauteskundeak berriro egiteko nahia errespetatuko dutela. Hollandek gaineratu du «greziarren sufrimendua ulertu» egiten duela. Biek hitz eman dute Greziaren hazkundea bultzatzeko neurriak aztertuko dituztela, baina Merkelek oharra ere egin die: «Konpromisioak bete egin behar dira». Hau da, Europaren finantzaketa jasotzen jarraitu nahi badute, gerrikoa estutzen eta erreformak egiten jarraitu beharko dute. Doi-doi Greziako hautesleek esan dutenaren aurkakoa, alegia.

Eskualdeetako azken hauteskundeotan CDU bere alderdiak porrot handiak jasan dituen arren, Merkelek berak alemaniar askoren oniritzia du oraindik ere, eta 2013ko hauteskundeak irabazteko faboritoa da. Inkestei erreparatu behar izanez gero, Europa hegoaldean batez ere inposatzen ari den austeritate politika ere gustuko dute alemaniarrek. 2000eko hamarkadaren hasieran beraiek egindako sakrifizioak beste batzuek egiteko garaia den ustea oso zabaldua da Alemanian. Hala ere, malguago jokatzeko prest dago Merkel, defizit publikoa ahalik eta lasterren murrizteko politika Italia eta Espainia itotzen ari direlako, eta kontuak txukuntzeko helburua bera ezinezko egiten dutela ohartu delako. Nazioarteko Diru Funtsak ere eskatu dio ziaboga.

Etxean ere mezu hori hedatzen ari da. Hollanderen garaipenak eta landerretan lortzen ari direnak animatuta, SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata baldintzak jartzen ari da Merkeli bere politika babesteko. Funtsean, Hollandek eskatutakoak. Kantzilerrak SPDren eta Berdeen botoak behar ditu Bundestagen eta Bundesraten Itun Fiskala onartzeko, bi hereneko gehiengoa lortzeko.

Sarkozyrekiko urruntzen

Frantziara begira ere mezu esanguratsuekin hasi du agintaldia Hollandek. Sarkozy hiperpresidentearen aurkakoa zelako hautatu dute hein batean frantziarrek, eta horregatik nabarmendu du Hollandek bera presidentea soilik izango dela, eta ez dela gobernuburu edo alderdiburu izango: «Lehentasunak finkatuko ditut, baina ez dut erabakiko guztia,guztien ordez eta edonon». Edonola ere, lehen ministro kargurako bere gertuko kolaboratzaile bat izendatu du, Jean Marc Ayrault Naonedeko alkatea eta PSko talde parlamentarioko burua hainbat urtez.

Bere burua herritar soil gisa azaldu duen presidente baten aldetik espero zitekeenez, Sarkozyk sarritan erakutsitako jarrera oldarkorrarengandik ere urruntzen saiatuko dela hitz eman du Hollandek: «Herriak adiskidetzea behar du, elkartzea, eta presidentearen lana da horri laguntzea». Lana izango du Hollandek, ikusita UMP eskuineko alderdiko jarraitzaileek txistuka jaso zutela Eliseora iristean. Sarkozyk, berriz, «Mila esker Nicolas! Mila esker Sarkozy!» oihuekin agurtu zuten, Carla Bruni emaztearekin batera Eliseoa utzi duenean.

Arratsaldearen hasieran, berriz, Hollanderen jarraitzaileak bildu ziren presidentearen egoitzaren kanpoaldean eta han berotasun gehiago jaso du. Ondoren, Jules Ferry eskola laikoaren bultzatzaileari omenaldia egitera jo zuen Hollandek. Keinu esanguratsua hori ere: gastua murriztearren langile publikoak eta hortaz, irakasleak, gutxitzen aritu den eskuinaren aurrean, 60.000 irakasle berriren kontratazioa agindu du Hollandek. Presidente berriak bultzada eman nahi dio hezkuntzari, bere iritziz, hori delako Frantziak azken hamarkadotan galdu duen lehiakortasuna hobetzeko modua.

Antzeko mezua igorri du Hollandek Marie Curie zientzilariaren hilobiari ere bisita eginda. Ondoren abiatu zen Parisko Herriko Etxera, eta han txalo artean jaso zuten batik-bat buruzagi sozialistez osatutako publikoak.

Aurretik, beste keinu bat: Sarkozyk agintaldia bere adiskide aberatsekin jatetxe batean ospatu zuen bitartean, Hollandek apaltasuna erakutsi nahi izan du. Horrela, kargua hartu eta berehala egindako lehen ekitaldian, Citroen DS5 auto hibrido bat aukeratu zuen soldadu ezezagunaren hilobian lore eskaintza egitera joateko. Presidente berria eta hari begira zeudenek blai eginda bukatu zuten, ondoren Alemaniarako bidaia aldrebestu dion ekaitzaren lehen abisua. Ez da azkena izango, Europa osoa baitago krisiaren trumoi eta tximisten menpe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.