Urtarrilean ohartarazi zuen, eta orain berriro egin du Nazioarteko Diru Funtsak: munduko ekonomiaren hazkunde tasa iazkoa baino handiagoa izango da, baina ez aurretik uste bezainbestekoa. Urtarrilean azken ikerketa egin zuenetik orain arte «merkatuek gorabehera handiak izan dituzte, hazkunde erritmoa moteltzen hasi da ekonomia aurreratuetan eta kontrako haizeak dituzte gorabidean dauden ekonomiak eta diru sarrera apaleko herrialdeek».
Munduaren hazkunde aurreikuspena bi hamarren jaitsi du Nazioarteko Diru Funtsaren World Economic Outlook txostenak: %3,4 zioen urtarrilean, eta %3,2 aurten. 2017rako, berriz, hamarren bat okertu du, %3,5 arte. Urtarrilean jada beste bi hamarren kendu zizkion.
Eurogunearen kasuan ere 0,2 puntu okertu du iragarpena, %1,5eraino. Are gehiago, iazko hazkunde tasa apalaren azpitik geratuko da (%1,6). Hazkunde txikiagoa ikusiko dutenen artean Espainia dago: %3,2ko hazkundea eman dio NDFk 2015ean, eta %2,6 eta %2,3 egingo du aurten eta datorren urtean. Frantziak bere hazkunde erritmo motelarekin jarraituko du: %1,1 iaz, %1,1 aurten eta %1,3 2017an.
Atzeraldian jarraituko dute munduko ekonomia inportanteenetako bik, Brasilek (-%3,8) eta Errusiak (-%1,8). Azken hori hazkundera itzuliko da 2017an (%0,8), baina ez, ordea, Brasil (%0,0). Are gehiago, Brasilen krisiak Latinoamerika osoa arrastaka eramango du, eta hura izango da aurten haziko ez den kontinente bakarra (-%0,5).
2014an eta 2015ean erakutsitako baikortasuna agortzen ari zaiola onartu du Maurice Obstfeld NDFko ekonomisten buruak. Bi dira ekonomiaren hazkundea trabatzen duten faktoreak. Batetik, finantza merkatuen desegonkortasuna. Obstfeldek gogorarazi duenez, udaz geroztik bi aldiz egin dute dardara merkatuek: arrisku handiko aktiboak trumilka saldu dituzte, arrisku sariek salto egin dute eta petrolioaren eta beste lehengaien prezioak amildu dira. «Bietan berreskuratu dira merkatuak, baina merkatuko eragileen erreakzioa gordinagoa izan da arrazoi objektiboak baino».
Bigarren arrisku faktorea gerrak dira, Siriakoa batez ere. «Hondamendi humanitarioa» izan da, «eta kolokan jarri du Europako Batasunak bere barne mugak zaintzeko duen gaitasuna, eta, terrorismoaren eragina handitu denez, tirabirak handitu dira». Ondorioa «barrura begirako nazionalismoa» handitzea dela uste du NDFk, eta horren barruan sartu du Brexit-a, «merkataritza eta inbertsioak kaltetu ditzakeena».
"Eliteen mesederako" sistema
Arrisku horiek handi ditzaketen faktoreen artean soldata igoera apalak daudela nabarmendu du NDFko ekonomisten buruak. «Herrialde askotan, soldatak ez igotzeak eta desberdintasun sozial gero eta handiagoek zabaldu duten sentipena da hazkunde ekonomikoa eliteei eta kapitalaren jabeei egin dietela mesede, eta beste asko utzi dituztela atzean».
Hazkunde erritmoaren moteltzeak dakartzan arriskuen aurrean, «jarrera aktiboa» izateko eskatu die NDFk gobernuei. «Errepikatu egin beharra dago, ez dago akatsetarako tarte gehiegi». Batetik eskatzen die hazkunde handitzeko neurriak hartzeko —erreforma liberalizatzaileak batetik, azpiegituretan inbertitzea herrialde askoren kasuan—, eta babestu egiten du banku zentralek interes tasak txiki mantentzeko politikak. Baina, bestetik, aholkatu die prest egoteko «egoerak okerrera egiteko» aukeren artean.