Aspaldi atzean geratu ziren ekonomiaren egonkortasun garaiak, inoiz halakorik egon bada. Mundu osoan zabaldu diren gerrek eta askotariko krisiek etengabe aldarazi dute testuinguru ekonomikoa, eta marea bizietan nabigatzen ikasi behar izan dute enpresek. Ontziaren norabidea gutxienez zuzen jarria duela erakutsi dute Mondragon taldeko kooperatibek, emaitza txukunekin itxi baitute iazko urtea. Salmentak handitzea lortu du beste urte batez taldeak, eta aurten ere joera horri eusteko modua izango duela aurreratu du.
Arrasateko kooperatiba taldeak ohiko kongresua egin du gaur Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta, besteak beste, oniritzia eman diete 2024. urteko emaitzei. Taldeak 11.213 milioi euroren salmentak egin zituen iaz guztira, aurreko urtean baino %1,6 gehiago. Eta emaitzetan islatu da hori, jakina, %11,8 handitu baitu EBITDA —interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabazia—, eta 1.661 milioi eurora iritsi da. Azken emaitza bateratua, berriz, 632 milioi eurokoa izan da (+%6,6).
Hein batean, emaitzek erakusten dute kooperatibek asmatu dutela azken urteetan irabazitako dirua non eta zertan inbertitu erabakitzen. Horren aldakorra den testuinguruan, ezinbestekoa da epe ertaineko begirada izatea negozioak errentagarri egiteko. Ez alferrik, azken bost urteetan 1.692 milioi euro inbertitu dituzte Mondragoneko enpresek; soilik iaz 377 milioi euroko inbertsioa egin zuten (+%2).
Lanpostuei dagokionez, taldeak zertxobait txikitu du lantaldea aurreko urtearekin alderatuz gero. Taldeko kooperatibek 70.085 pertsonari ematen zioten lana urte amaieran, 2023an baino 500 lagun gutxiagori. Hala ere, Mondragonek nabarmendu du goranzko bidea hartua duela jada, eta 2025eko lehen bost hilabeteetan 636 enplegu sortu dituela.
Enplegu galera
Industria da Mondragon taldearen ardatz nagusietako bat, eta alor horretan galdu du enplegua batez ere. Industria arloko kooperatibek 26.714 behargin zituzten iaz, aurreko urtean baino 773 gutxiago. Euskal Herriko lantegietan ez ezik, atzerriko fabriketan ere galdu du enplegua. Munduko gainerako fabriketan 9.512 beharginek jarduten dute egun; aurreko urtean baino 342 gutxiago dira.
Hala ere, eutsi egin diete fakturazioari, 5.020 milioi euroren salmentak izan baitzituzten denen artean. Eta, hala, 267 milioi euroko emaitza garbi bateratua izan zuten (+%4). Iaz 200 milioi euro inbertitu zituzten adar horretako kooperatibek; 903 milioi euro azken bost urteetan.
Mondragonek nabarmendu du taldeko kooperatibek nazioartekotzearen alde egindako apustua berretsi egin dela beste urte batez, atzerriko merkatuetan egin baitira salmenta gehienak industria alorrean: %73. Gaur egun, 104 filial produktibo ditu taldeak atzerrian.
«Ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak markatutako ingurune globalean, Mondragonek bere norabideari eutsi dio»
PELLO RODRIGUEZMondragoneko presidentea
Banaketa arloan, bestalde, salmentak 6.193 milioi eurorenak izan dira, eta emaitzak 90,6 milioi eurorenak. Eroskik salmentak handitzea lortu ditu, nahiz eta hori gero ez den azken emaitzetan islatu, zerga gehiago ordaindu baitzituen. Elorrioko banaketa kooperatibak, hala ere, «sendotasuna eta hazkundea lortu» dituela azpimarratu du taldeak.
Laboral Kutxak, bai, mozkinak handitu ditu, iaz baino %24 gehiago irabazita, hots, 275 milioi euro. Sektoreko lidergoari eusten dio kaudimen mailari dagokionez. Era berean, Lagun Aro Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak ere bilakaera ona izan zuen, bereziki urte amaieran, eta bere funtsaren errentagarritasuna %7,94koa izan zen. BGAE horren ondare funtsa 7.473 milioi eurokoa da.
Mondragonek ez ditu alor guztietako datuak jakinarazi. Hala ere, aipamen berezia egin dio ezagutza arloari. Izan ere, adierazi du ikerketan eta garapenean egindako inbertsioak 201 milioi eurorenak izan zirela, hau da, alor horretan lortutako salmenta guztien %4. Iaz 2.012 ikertzaile aritu ziren lanaldi osoan, taldeak emandako datuen arabera.
Etorkizunari so
Joan den urteko abuztuaren 1ean hartu zuen Mondragon taldearen lema Pello Rodriguezek, Iñigo Uzini lekukoa hartuta. Eta gaurkoa izan da haren lehen kongresua Kontseilu Orokorreko presidente gisa. Ontzat jo ditu iazko emaitzak, «ziurgabetasun geopolitiko handiak eta merkatu globaletako tentsio gero eta handiagoek» baldintzatu baitute kooperatiben jarduna. Eta nabarmendu du urte «konplexua» izanagatik ere enpresak gai izan direla urtea datu onekin ixteko.
«2024ko ekitaldiak gure eredu kooperatiboaren sendotasuna eta erresilientzia erakutsi ditu berriro. Ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak markatutako ingurune globalean, Mondragonek bere norabideari eutsi dio: salmentak hazi, errentagarritasuna sendotu, eta etorkizunaren aldeko apustu irmoa islatzen duten inbertsioak eginda», azpimarratu du Rodriguezek. Halaber, lankidetzaren alde egin du, «negozioak etorkizuneko sektoreetara eraldatzen jarraitzeko, enpresa proiektu jasangarriak eta enplegu kualifikatuak sortzeko».