Hainbestean. Horixe erantzungo luke Europako Batasunak bere ekonomiaren egoerari buruz galdetuko baliote. Urte gogorra izan da, eta hala izan dira oreka berreskuratzeko lanak ere, Atlantikoaren beste aldetik Donald Trumpek bere muga zergekin —eta beste zenbait umiliaziorekin— eragindako lurrikararen eraginez.
Itxura guztien arabera, Europako agintariek pentsatzen dute okerrena pasatu dela, bai merkataritza gerrari dagokionez, eta baita inflazioari dagokionez ere. Eta horrela, hainbestean dabil ekonomia eurogunean, ez oso ongi eta ez oso gaizki.
Dena den, «egoera zaila izanda ere», Bruselak udazkenean aurkeztu dituen aurreikuspenak zertxobait hobeak izan dira maiatzean egin zituenen aldean, eta, hala, aurten EBko ekonomia %1,3 handituko dela uste du. Hori bai, hazkunde txikiagoa iragarri du 2026. urterako: %1,2koa, hain justu. 2027rako %1,4ko hazkundea aurreikusi du.
Urte hau uste baino hobeto bukatzearen arrazoi nagusia, Bruselaren arabera, zera izan da: ekonomiak lortu duela hirugarren hiruhilekoan ere jarduerari eustea, muga zergei aurrea hartu nahian esportazioek igoera handia izan baitzuten urte hasieran. Eragile hauek lagundu dute —eta lagunduko dute aurrerantzean ere— horretan: «lan merkatu erresilienteak, erosteko ahalmenaren hobekuntzak eta finantzatze baldintza mesedegarriek».
«Europak konfiantza izan behar du bere indarretan, eta indar horiek garatu behar ditu»
VALDIS DOMBROVSKISEuropako Batzordeko Ekonomia komisarioa
Izan ere, oso lagungarria izan da eurogunean inflazioa ere apaltzen joan izana. Bruselaren arabera, 2025. urtearen amaieran inflazio tasa %2,1ekoa izango da, eta gerora ere %2 ingurukoa izango da, batez ere energiaren prezio garestiagoek zerbitzuen eta elikagaien merkatzea apalduko dutelako. EBko inflazio tasa hamarren batzuk handiagoa izango da.
Euskarriak
Ekonomiaren martxari eusteko beste tresna lagungarri bat Europako Funtsak izan direla esan du Bruselak. Izan ere, funts horiek ari dira arintzen «zenbait herrialderen kontsolidazio fiskalen ondorioak». Funts horiek barne eskaria sendotu dutela ere uste du, eta, hain zuzen, espero da barne eskariak emango diola bultzada nagusia euroguneko eta EBko ekonomiari.
Ideia hori azpimarratu du Valdis Dombrovskis Ekonomia komisarioak: «Baldintza okerretan ere, EBko ekonomiak hazten jarraitu du. Orain, kanpoko testuinguru zaila ikusita, EBk neurri erabakigarriak hartu behar ditu barne eskaria sustatzeko».
Bruselaren aburuz, barne eskariaren hazkunde horretan, aurrezki tasaren murrizketa mailakatua gehituko zaie lan merkatu erresilienteei, erosteko ahalmen hobeari eta finantzatze merkeari. Horien guztien ondorioz, kontsumo pribatuak gora egingo du. «Inbertsioak bizitasuna berreskuratuko du, batik bat etxebizitzak ez diren eraikuntzak eta ekipamenduetarako kapital gastuak bultzatuta».
%2Zenbatekoa izango den defentsarako gastua 2027an. Bruselaren arabera, Europako Batasunean defentsaren alorrean egindako gastua BPGaren %2ra igoko da 2027an, 2024ko %1,5etik. Hazkunde hori handiagoa izan daiteke, herrialde bakoitzaren inbertsio plan nazionalak —zeinak Europako laguntzak jaso ahalko dituzten— garapen fasean baitaude oraindik.
Langabezia tasek behera egiten jarraituko dutela ere aurreikusi du Europako Batzordeak, nahiz eta enpleguaren igoera moteldu egin den aurtengo lehen seihilekoan. Bruselaren datuen arabera, urtarriletik ekainera EBko ekonomiak 380.000 lanpostu sortu zituen.
Moteldu arren, enpleguak hazten jarraitu du, eta %0,5eko igoera izanda itxiko du urtea, eta maila berean haziko da 2026an ere, baina 2027an %0,4ra jaitsiko da. Langabezia tasa, berriz, %5,9ra apalduko da aurten, halaxe geratuko da 2026an, eta %5,8ra apalduko da 2027an.
Defizitak
Egoera fiskalari buruz, Dombrovskisek nabarmendu du hobekuntza esanguratsua izan dela pandemia ostetik. «Baina uste dugu bilakaera kaskarragoa izango dela datozen urteetan, zor eta defizit ratioen igoeren ondorioz», esan du komisarioak, «bereziki herrialde batzuetan», gehituta.
Udazkeneko aurreikuspenen txostenaren arabera, euroguneko bederatzi herrialdek gaindituko dute PBGaren %3ko defizitaren muga: Alemaniak, Austriak, Belgikak, Errumaniak, Eslovakiak, Finlandiak, Frantziak, Hungariak, Letoniak, Maltak eta Poloniak. «Derrigorrezkoa dugu jasangarritasun fiskala zaintzea», gaineratu du komisarioak.
TESTUINGURU ZIURGABEA
Nazioarteko testuinguru ekonomikoari begira, Bruselak uste du hazkunderako mehatxuak gutxituz doazela. Hala ere, ziurtasun falta nagusi da oraindik, eta merkataritza gatazkek, muga zergek eta esportazio baimenen murrizketek zamatu egin dezakete Europako hazkunde ekonomikoa.
Arrisku posible gehiago ere zerrendatu dituzte: tentsio geopolitikoek eskaintza nahastu dezakete; AEBetako balore merkatuetan teknologia sektoreko akzioen beste arrisku ebaluazio batek kalte egin liezaioke inbertitzaileen konfiantzari, eta baliteke finantzatze baldintzak okerrera egitea ere; Europa barneko ziurgabetasun politikoa ere arriskuen artean aipatu du Bruselak, eta baita klima larrialdiari lotuta gero eta maizago gertatzen ari diren hondamendien arriskua ere.
«Kanpo testuinguru zail horrek esan nahi du barne bultzatzaileak topatu behar ditugula hazteko. Europak konfiantza izan behar du bere indarretan, eta indar horiek garatu behar ditu», esan du Dombrovskisek.