Kontu ekonomikoak

Hazkunde tasa bi hamarren bizkortu du EAEko ekonomiak, %2,9ra arte

Urteko bigarren hiruhilekoan enplegua %2,2 hazi dela dio Eustatek.

Iker Aranburu.
2017ko uztailaren 27a
07:11
Entzun

Hiruhileko batetik bestera %0,9 hazi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia. Bizkortzea erakusten du horrek ere, 2016ko azkenetik 2017ko lehenengora %0,7 hazi baitzen.  

Eustatek aurreratutakoaren arabera, zerbitzu sektoreari zor zaio hazkundearen zatirik handiena, baina emaitza ona eman dute beste sektoreek ere: "Industriak tonu positiboa mantendu du, eta eraikuntza sektoreak 2016 amaieran hasitako aurrerabide erritmoa berretsi du".

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak ontzat jo ditu datuak, eta iragarri du hazkunde aurreikuspenak berriro igotzeko asmoa duela. Urtearen hasieran %2,5eko hazkunde bat espero zuen Jaurlaritzak, baina gero %2,7ra igo zuen. Irailean, Eustatek gaur aurreratutakoa gehiago xehetzen duenean, "hazkundea gorantz berrikusteko" asmoa du Gasteizko gobernuak, eta,  "itxura guztien arabera", %3tik gertu utziko du. Enpleguari dagokionez, %1,9 handitu beharko luke.

Soldata igoera, "orokorra"

Agerraldiaren zati handi bat soldatei buruzkoa izan da. Langileen sariak igotzeko "tartea badago", sailburuaren arabera. "Batzuetan polemika sortu da soldata igoeraren orokortasunari buruz. Ez dut eztabaidarik sortu nahi. Baina argi dago soldaten igoerak ez duela unibertsala izan behar —badira arazoak dituzten enpresak—, baina bai, orokorra".  Azpiazuk gogorarazi duenez, soldatak igotzeak "zirkulu birtuoso bat" sortuko luke, kontsumoa handituko lukeelako, eta horrekin barne eskaria. "Hazkundea luzatzea ekar dezake horrek. Eta hori bultzatu behar dugu; enplegua eta aberastasuna sortzen duen hazkunde bat".

Soldaten igoera hori sektore publikora ere iritsi beharko lukeela onartu du Azpiazuk, baina arlo horretan eskuak lotuta dituela azaldu du, Espainiako aurrekontuek eta gastu sabaiaren arauek —PPk EAJrekin lotutakoak— mugatzen dutelako. "Baina badira baldintzak hobetzeko bideak, eta aztertu behar ditugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.