Diagnosi kliniko xehea egin dio munduko ekonomiari Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Gaixoa hobera doa, baina oso motel ari da sendatzen. Arindu zaio min larriena — euroguneko ajea —, baina orain gaitzak beste atal batzuetan sortzen ari zaizkio, batez ere AEBetan eta gorabidean direen herrialdeetan. Pazientea osatzeko prozesuak denbora gehiago hartuko du, eta berriro ere okerrera egitea ezin da baztertu.
Nazioarteko ekonomiaren osasunari buruzko azken txostenaren berri eman zuen atzo NDFk. Susperraldiaren inguruko zalantza ugari izateaz gain, etorkizuna irudikatzeko dituzten zailtasunak onartu zituen Olivier Blanchard funtseko kontseilari ekonomikoak, krisia noiz gaindituko den propio galdetu ziotela: «2020a ez da izango 2006. edo 2007. urteak izan ziren bezalakoa. Luze joko du arazo batzuk konpontzea».
Hamarren batzuk murriztu du munduko ekonomiaren hazkunde aurreikuspena NDFk. Errudunak? AEBen bultzada motelagoa eta gorabidean diren herrialdeen indarra gutxitzea. Bi bloke horientzat zituen kalkuluak jaitsi ditu funtsak. Eurogunean, aldiz, eutsi die aurreko prebisioei, baina krisia erabat atzean uzteko oraindik falta zaiola argi utzita.
Baldintzapekoak dira txostenak dakartzan ondorio guztiak. Aurkezpena Washingtonen eginda, ezin alde batera utzi Barack Obamaren gobernuak eta errepublikanoek duten norgehiagoka. Oraingoz, itzalaldi laburra izango dela espero du NDFk. Ez zaio gustatzen ari gertatzen ari dena — «aurrekontu gastuaren murrizketa handiegia da», argudiatu zuen Blanchardek—, baina ondorio «mugatua» espero du.
Benetako buruhaustea AEBetako zorpetze muga da, ordea. Igotzeko akordioa garaiz lortuko ez balitz, ondorio «erraldoiak» iragarri ditu Blanchardek: «Zorpetze mugarekin arazoren bat gertatzeak atzeraldia eragin lezake edo zerbait okerragoa». Okerrena gertatu ezean, ekonomia aurreratuen artetik hazkunde aurreikuspenik onenak dituen tokia izango dira oraindik ere AEBak.
Txostenaren beste protagonista nagusiak gorabideak diren herrialdeak dira. Uztailetik hona abiadura galdu du haien ekonomiak. Hazkundearen moteltzeari finantzatzeko baldintzen gogortzea gehitu zaio. Funtsaren ustez, aurreko hamarkadako kopuruen azpitik hazteko egokitu beharko dute horietako batzuk aurrerantzean. Aurreikuspen jaitsierarik adierazgarrienak Indiarentzat eta Brasilentzat egin ditu.
Europarekin, baikor
Aldaketa handirik gertatu ez den arren, Europak susperraldiaren bidea hartu duela uste dute NDFko ekonomialariek. Baikortasun hori justifikatzen saiatu zen Joerg Decressin funtseko ekonomialari aholkularia. «Arazo batzuk konpontzen ari dira. Aurrekontuak orekatzeko asko egin da, eta datorren urtean ahalegin txikiagoa beharko da, hegoaldeko zenbait herrialdetan izan ezik».
Europak defizit helburuak arindu izana ontzat jo du funtsak; oraingoz, bide hori egokia dela uste du. Hori bai, lan merkatuetan erreformak eta produktu nahiz zerbitzuetan lehia areagotzeko neurriak hartzeko exijitu du.
Datorren urtean eurogunearen hazkundea %1era iritsiko da, NDFren arabera, Alemaniak zuzenduta. Espainiaren aurreikuspena hamarren bat igo du (%0,2), baina Mariano Rajoyren gobernuak iragarri duena baino sei hamarren txikiagoa da. Langabezian ere orain arte zituen kalkuluak okertu ditu: %26,9an goia joko du aurten tasak, eta, heldu den urtean, %26,7ra baino ez da jaitsiko. Espainiako Gobernuak tasa %26tik jaitsiko dela islatu du 2014ko aurrekontuak egiteko koadro makroekonomikoan.
Hazkundea, herrenka
Aurreikuspenak jaitsi ditu NDFk, AEBen eta gorabidean diren herrialdeen moteltzea aintzat hartuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu