EBZ Europako Banku Zentralak interes tasak beste puntu laurden bat igo egin zituen atzo, %1,25etik %1,5era. Erabakia espero zen, aldez aurretik hala egingo zuela iradoki baitzuen Jean Claude Trichet EBZko presidenteak. Horregatik, atzoko bileraren zalantza bakarra zen Tricheten garaiko azken igoera izango den ala azkenaurrekoa. Hau da, urriaren 1ean EBZko lehendakaritza utzi aurretik berriro diruaren prezioa igoko duen, ala Mario Draghi haren ondokoari utziko dion ohorea. Tricheten adierazpenek ez dute zalantza erabat uxatu, baina aditu gehienek uste dute irailean ez dutela aldaketarik egingo, besteak beste, hazkunde ekonomikoa moteldu egin delako urteko bigarren hiruhilekoan.
Abuztuan ez direla igoko garbi dago, EBZko buruak ez zuelako prezioen bilakaeraren «zaintza estua» formula baliatu. Esaldi hori baliatzen du hurrengo bileran interes tasak igotzeko asmoa duenean. Atzo, horren ordez, aipatu zuen diru politika «erosoa» dela, hots, hazkundea ahalbidetzen duela. Banku zentralaren ikuspuntuaren arabera, historiara begiratuta dirua ez dago garesti, eta, hortaz, badago tartea tasak gehiago igotzeko.
Urtea bukatu aurretik EBZk tasak puntu laurden gehiago igoko dituela ziurtzat jotzen dute merkatuek eta analistek. Europa hegoaldetik edo periferiatik erabakiak ez du zentzu handirik, ekonomia batzuk uzkurtzen ari direlako —Grezia eta Portugal...— eta beste batzuk —Espainia, Italia eta Irlanda— oso erritmo apalean hazten ari direlako.
Euskal Herria azken talde horretatik ihes egin nahian dabil, baina ez du erabat lortu: Nafarroa %2 hazi da azken urtean, %1,3 Araba, %1 Bizkaia eta %0,7 Gipuzkoa. Urte osorako, Eusko Jaurlaritzak %1,4ko hazkundea kalkulatu du, eta %1,7koa Nafarroako Gobernuak.
Kopuru horietatik gora daude Europa erdialdeko eta iparraldeko herrialde gehienak. Alemania, esaterako, aurten %2,6 haziko dela uste du Eurostatek, Austria eta Belgika %2,4, Herbehereak %1,9, Frantzia %1,8...
Inflazioak ez du jaitsi nahi
Horientzat —eta, ondorioz, eurogune osoarentzat— interes tasak apalegiak direla uste du EBZk, batez ere kontuan hartuta inflazioak %2,7an jarraitzen duela, petrolio upelak ehun dolarretik gora segitzearen poderioz. Banku zentralaren arabera, inflazioak %2tik gertu baina hortik behera egon beharko luke, eta interes tasak helburu hori lortzen lagunduko dielakoan daude. Izan ere, maileguak garestituko direnez, kontsumoa zertxobait apaldu egingo da, eta horrekin batera inflazioa jaitsiko dela espero du EBZk.
Arazoa da inflazioa ez ezik, interes tasa handiago batek hazkundea ere moteltzea ekar dezakeela. Dagoeneko hori gertatzen ari da. Urteko lehen hiruhilekoan, Alemaniari esker batik bat, %0,8hazi zen euroaren eremuko ekonomia iazko azken hiruhilekoarekin konparatuz gero. Bukatu berri den bigarren hiruhilekoaren datua emateko aste batzuk falta dira oraindik, baina erakusle guztiek iradokitzen dute hortik behera izango dela. Euskal Herrian ere, enpresaburuek ohartarazi dute ekonomiak erritmoa galdu duela.
EBZren agiriak berak onartu egiten du moteltzea gertatu dela, baina urteko lehen hiruhileko tasa «faktore bereziek» puztu zutela dio, eta nabarmendu du hazkundea sendoa dela: «Jarduera ekonomikoak bilakaera ona du oraindik. Munduko ekonomiaren hedapenak lagundu egin behar die eurogunearen esportazioei. Aldi berean, enpresen konfiantza maila ikusita, sektore pribatuaren barne eskariak lagundu egin beharko lioke hazkundeari».
Horiek horrela, aditu gehienek uste dute Trichet ez dela interes tasak igotzera ausartuko bere azken bileran, eta Draghiren ahotik entzungo dutela europarrek interes tasak igo direla. Urtea, hortaz, %1,75eko interes tasekin amaituko dela dirudi.
Aldaketarik ez Londresen
Arazoak antzekoak diren arren, Europako beste banku zentral handienak, Ingalaterrako Bankuak, oso bestelako estrategiari eusten dio. Erresuma Batuan inflazioa %4,5era iritsi da, baina 28. hilabetez jarraian interes tasak %0,5ean uztea erabaki zuen atzo. Edonola ere, Mervyn King bankuko gobernadoreak esan du aurten inflazioa ziur aski %5era iritsiko dela, eta, horregatik, adituek uste dute aurki ekingo diola diruaren prezioa igotzeari. AEBetan, Erreserba Federalak hazkundea bultzatzeari eman dio lehentasuna, eta interes tasek %0 eta %0,25 artean jarraitzen dute. Hazkunde arazorik ez duenez, Txinak inflazioa du kezka nagusia, eta interes tasak %6,45era igo zituen herenegun.
Hazkundea moteldu arren, interes tasak igotzeko ildoari eutsi dio EBZk
Tasak %1,5era igo ondoren, Trichetek ez du argitu noiz izango den hurrengo igoera, baina adituek urrirako espero duteEuroaren eremuko ekonomiak hazten jarraitzea espero du banku zentralak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu