«Brexit-a, Trump... Gertatu behar ez zuen guztia gertatu da. Eta ziurtasunik eza oso handia da», azaldu zuen Pedro Esnaola Gipuzkoako Bazkundeko presidenteak. Haren ustez, dibertsifikazioa izango da egoera horri aurre egiteko bidea, «negozio lerro desberdinak lantzea, sektore askotan, eta herrialde askotan, haziko direnen bultzada baliatzeko».
Esnaolaren arabera, AEBetako ekonomiarekin lotura handia duten enpresak daude gehien kezkatuta, epe motzean. «Baina, hori bai, munduko ekonomia guztira iritsiko dira aldaketak, eta aldaketa horiek ez dira zertan guztiak txarrak izan. Adibidez, AEBetan lantegiak dituzten enpresen mesederako izan daitezke, baita hango lantegi berrietarako makinak fabrikatzen dituzten ekoizleentzat ere». Bazkundeko presidentearen ustez, «zuhur jokatu behar dugu. Azkenean... astebete soilik darama karguan. Ados, zarata handiarekin, baina oraindik ikusteko dago zer eragin izango duen ekonomia errealean».
Baikor
Ziurtasun faltaren inguruan, dena den, merkataritza ganbera baikor agertu zen hasi dugun urtearekin: «Hazkunde ekonomikoa sendotzeko urtea izango da. Ekonomia %2tik gora haztea espero dugu, eta, horri esker, 5.000 enplegu inguru gehiago sortuko dira Gipuzkoan». Kanpo merkataritza izango da bultzatzaile nagusia, nahiz eta barne eskaria ere mantendu egingo den.
Datu makroekonomikoetan, aldaketa handiena inflazioak ekarriko die Gipuzkoako enpresei. Aurreko urteak ia inflaziorik gabekoak izan badira ere, aurten energiaren eta lehengaien prezioak igo egingo dira. Dena den, Esnaolaren aburuz, enpresek kostu igoera hori ez dute eramango prezioetara, eta nahiago izango dute emaitza marjinak estutu.
Edozein moduz, 2017ko hazkundea iazkoa baino zertxobait apalagoa izango da. Izan ere, «2016. urtea oso ona izan da Gipuzkoako ekonomiarentzat», Iñigo Muguruza Bazkundeko Berrikuntza eta Marketin zuzendariaren ustez. Gipuzkoako ekonomia iaz %2,9 hazi zen, ganberak aurreikusi baino «dezente gehiago», eta 5.757 enplegu sortu ziren. «Industria eta merkataritza izan dira protagonistak; baina egia da, halaber, azken hiruhilekoan pixka bat apaldu dela industriaren hazkundea»
Pasaiako Portuak autogintza eta metalurgiarekin duen mendekotasuna gainditu beharko duela ere uste dute. Turismo masiboaren arriskuaren aurrean, Esnaolaren ustez, betiko kontuez gain «zerbait berezia» eskainiko duen industria oso bat antolatu behar da. «Horrek ekarriko du turismo jasangarria, alde ekonomikotik eta alde sozialetik».
Hazkundea sendotzea eta %2tik gora ibiltzea espero du Bazkundeak
Gipuzkoako Merkataritza Ganberak baikor begiratzen dio 2017ari, «ziurtasunik eza» handia izan arren. Iazko urtea «oso ona» izan dela uste du. 5.575 enplegu sortu ziren iaz herrialdean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu