Esperimentua arrakastaz amaitu du Itsas Balfegok, eta frogatu du Kantauri itsasoan posible dela hegalaburra gizentzea urpeko kaioletan. Konpainiaren arabera, behar bezala amaitu zuten lehen gizentze zikloa, Gipuzkoako kostaldetik 48 kilometrora 80 ale harrapatuta.
Iazko baliozkotze fasea gaindituta, orain proiektuak beste etapa bati ekin nahi dio: «Industria mailako garapena ahalbidetuko duten baldintzak prestatzea».
Maila industrial horretarako proiektuak orain hiru erronka nagusi dituela azaldu dute Balfegok eta AZTIk.
1.500 hegalabur
Lehen erronka hegalabur kopuru handiagoak lokalizatzea eta harrapatzea da. 2025eko kanpainan, ia bi asteko nabigazioa behar izan zen 100 kilotik gorako hegalabur talde bat inguraketa sarearen bidez lokalizatzeko. Ahalegin maila hori industria jarduera batean mantentzea ez litzateke jasangarria izango.
Baliabidea aurkitzeko eraginkortasuna hobetzeko asmoz, AZTIk eta euskal arrantza sektoreak hegalaburraren lehen prospekzio kanpaina integrala egingo dute Kantauri itsasoan ekaina eta uztaila bitartean.
Ekimen horri esker, hegalabur taldeak identifikatu eta haien ezaugarriak aztertu ahal izango dira, eta etorkizuneko harrapaketa operazioak erraztuko dituen banaketa mapa bat osatuko da Kantauri itsasoko uretan.

Harrapaketa horretarako, hori bai, lege esparru argia beharko du proiektuak: hori da bigarren erronka. 2025eko kanpaina pilotua Espainiako Arrantza Ministerioaren aldi baterako baimen bati esker egin ahal izan zen; izan ere, Kantauri itsasoan ez dago oro har baimenduta inguraketa sarearekin arrantzatzea kostaldetik hamabi miliako eremuan.
1.500 aleko proiektuaren garapenak, berriz, ICCATen, Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren baimen iraunkorrak behar ditu. Martxan dago baimen horiek lortzeko prozedura, baina lege esparru sendoa eta egonkorra izan arte, Itsas Balfefgok ez du bolumen handiko kanpainarik egingo. «Ez dugu urte baterako proiektu bat nahi, hamarkadetan iraungo duen bat baizik. Horrek oinarri juridiko sendoak eskatzen ditu, eta horretan ari gara administrazio guztiekin lanean», adierazi du Juan Jose Navarro Itsas Balfegoko zuzendariaren ondokoak.
Urpekariak
Proiektuaren hirugarren erronka nagusia urpekari taldea da. Konpainiaren arabera, «80 aleko saiakuntzatik 100 kilotik gorako 1.500 hegalabur inguruko bolumenetara igarotzeko, beharrezkoa izango da gizentze instalazioetan bertan gaitasun handiko urpekari taldeak izatea. Hegalabur biziak harrapatzeko, atoian eramateko eta kaiolen artean lekualdatzeko maniobrak konplexuak dira teknikoki, eta prestakuntza espezifikoa eskatzen dute, bai laneko segurtasunagatik, bai animalien ongizateagatik».
Itsas Balfegoko etorkizuneko urpekariak gaur egun Balfegok Mediterraneoan dituen instalazioetan ari dira prestatzen; enpresak hamarkadetako esperientzia du han hegalaburra industria mailan gizentzen.
Arrantza sektorea
Itsas Balfegok azaldu duenez, elkarrizketetan ari da euskal arrantza sektorearekin ekimenean bazkide gisa parte har dezan. Konpainiaren ustez, «atxikimendu horrek proiektuaren izaera kolektiboa indartuko luke, eta Euskadin hegalaburraren balio katea garatzen parte hartzen duten eragile guztien interesak bateratzen lagunduko luke».
LEHENENGO HEGALUZEAK, PORTUAN JADA
Hasi da hegaluzearen arrantzaldia, eta lehenengo aleak iritsi dira lonjetara. Zehazki, Beti Itsas Argi atunontziak 1.689 kilo hegaluze ekarri ditu Hondarribiko portura (Gipuzkoa). Kiloko ia hamabi euro ordaindu dute lehenengo ale horiengatik; alerik mardulenek, bederatzi kilo ingurukoek, 11,40 eta 11,70 euro inguruko prezioa izan dute kiloko, eta lau eta zazpi kilo bitarteko hegaluze txikoagoek kiloko hamar euro inguruko salneurria izan dute. Aurten, 28.000 tona hegaluze arrantzatzeko eskubidea izango dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek.
Â